Andoaingo Sanjuanak 2016

Txuleta jatea San Juan jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 24a, 02:00

Auzoetako jai batzordeek herri bazkaria antolatu dute larunbat eguerdirako, azken urteetako ohiturari jarraituz. Ekainaren 25ean, larunbatarekin izango da, eguerdiko 14:00etatik aurrera. Txartelak ekainaren 24a arte salgai egongo dira Txitibar eta Elizondo tabernetan; 18 eurotan. 

Eta egunean bertan erosteko asmoa duenak 25 euro ordaindu beharko ditu. 12 urte bitartekoentzat, berriz, bazkariaren prezioa 9 eurokoa izango da.

Iaz bezala, Goikoplazan, San Martin elizaren ondoan izango da. Honako menua prestatuko dute antolatzaileek: txorizo egosia, entsalada mistoa, txuleta, gazta, irasagarra eta intxaurrak. Edateko, sagardoa, ardoa eta ura aukeran jarriko da.

BAZKARIA GIRO EDERREAN
Giro ederrean egin dira aurreko urteetako bazkariak; tradizio bihurtzeko bidean da hitzordua, Andoaingo auzoetako jai batzordeek elkar hartuta antolatzen dutena. Gastronomiaren aitzakian, bi helburu lortu nahi ditu bazkariak: herriko festa zaleek elkartzeko topagune bat izatea, eta kale giroa indartzea.
Andoain ez da jaien faltan dabilen herria; zortzi ditu guztira, eta auzoetan burutzen dira horietako zazpi. Sanjuanen ostean datoz gehienak, bata bestearen atzetik: Kaletxiki, Karrika, Etxeberrieta, San Esteban, Buruntza eta Sorabilla, hurrenez hurren. Horien antolaketan buru-belarri dabiltza jai batzordeak, ahalgindu dira astia hartzen elkarrekin biltzeko eta herriko jaiei bere ekarpena egiteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!