EH Bilduk bere hautagaitzaren alde egingo du alkatetzarako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 17a, 02:00

Udaletxearen atarian, prentsa agerraldia egin zuten Amasa-Villabonako EH Biduko hainbat kidek. Nora Urbizu, Xabat Laborde eta Beatriz Unzuek irakurri zuten agiria eta legealdiko balorazioa egin ondoren, EH Bilduk, alkatea aukeratzeko bozketan Nora Urbizu EH Bilduko zerrenda buruaren aldeko bozka emango dutela iragarri zuten.

Agerraldia:

 

Ostegun arratsaldean udaletxearen kanpoaldean EH Bilduko egungo eta pasa den legealdiko hautetsiak eta EH Bilduko herrigintza taldeko kideak elkartu ziren. Agerraldian honako idatzia irakurri zuten:

"Gaurkoan, legealdia hasi zenetik urtebete igaro den honetan, EH Bilduko hainbat kide eta zinegotzi gure udalaren atarian elkartu gara Amasa Villabonako EH Bildutik legealdi honetako lehen urte honi dagokion balorazioa publikoki aurkezteko. Pasa den urteko udal hauteskundeen emaitzek oposizioan kokatu gintuzten eta egin beharreko autokritika ariketa egin, herritarrekin partekatu eta sakon hausnartu ondoren udal honetan egin beharreko lana antolatu genuen.

Lehen urte honetako balorazioa bi zatitan banatuko dugu, lehenik eta behin EH Bilduko udal taldearen lanaren errepaso labur bat egingo dugu eta ondoren EAJk gidatutako Udal Gobernuaren jarduna baloratuko dugu:

EH Bilduko udal taldea: Oposizio lan serio eta zorrotza, baina aldi berean eraikitzailea.

Gure udal taldea sei zinegotzik osatzen dugu, billabonatarrak denak, eta egunero udalean egon gara, herritarrei eta herriko elkarteei entzuteko prest, batzorde informatiboetan parte hartzen, udal langile eta teknikariekin egon, galdetu eta udal gobernuaren lanaren kontrol politiko zorrotza egiten. Baina legealdi hasieran esan genuen bezala, ez gara soilik kontrol lana egitera mugatu, gure herriaren mesedetan oposizio eraikitzailea egiten aritu gara eta dozenaka izan dira udalean egin ditugun alkatearentzat eskaerak, proposamenak, negoziazio bilerak, aurrekontuei zuzenketak, proposamenak etab. Gehienetan ordea, EAJren Gobernuak ez gaitu kontuan hartu eta alde batera utzi ditu gure proposamen eta ideiak.     

EAJren Udal Gobernua: Gaitasun eza, geldotasuna, utzikeria eta inprobisazioa nagusi.

Urte honetan EAJ-PNV alderdiak Villabonako udala gobernatzeko ezintasun nabarmena erakutsi du. Orokorrean, aurreko legealdian osatu, onartu eta bideratuta utzitako proiektuei nolabaiteko jarraipena ematera mugatu dira eta kasu gehienetan atzerapenarekin gainera, udaberrirako martxan behar lukeen herri baratzen proiektua, oraindik egin gabe dauden mendi bizikleten ibilbideak, Arratzaingo futbol zelaiko obrak edo Arroako plazaren konponketa kasu. Gobernu honek iniziatiba falta izugarria utzi du agerian, ez du bere kabuz ia egitasmo edo proiektu berri bakar bat ere mahai gainean jarri eta gestioa aurrera eramatera mugatu da, eta hori ere modu traketsean (udalak dituen lan egiteko prozedurak jarraitu gabe etab.) Bestalde, egitekoak ziren hainbat proiektu paralizatu dira, kasu honetan aipatzekoa da herritarren bozka bidez aukeratua izan zen Larrea auzoko parkea estaltzeko proiektua. Aurrekontuei dagokionez, udal gobernu honek 2016rako aurkeztu zuen inbertsio nagusia Amasako Lizarragako bidearen konponketa izan zen, baina gaur gaurkoz proiektua geldirik dago eta dagoeneko ez dirudi 2016an egin ahalko denik. Beraz, inbertsio alorrean ere paralisia nagusi izan da.

Bestalde, utzikeria eta lan egiteko gogo gutxi ikusi ditugu EAJ-PNVko udal taldearen aldetik. Gai zehatz batzuk kenduta, udal honetan ez da apenas batzorderik egiten, euskara, kultura, hezkuntza, gazteria, kirola eta ingurumen sailak ia abandonatuta eduki dituzte, ezertxo ere egin gabe, dirudienez sail hauek ez dute garrantzirik EAJ-PNVrentzat. Gogorarazi nahi dugu batzorde hauek direla sail bakoitzean dauden gaiak mahai gainean jarri, eztabaidatu eta erabakiak hartzeko udalak dituen foroak. Beraz, utzikeria eta alferkeria puntu bat ere antzeman dugu eta zentzu honetan aipatzekoa da EAJ-PNVko zenbait zinegotzi ez direla ia udal honetatik pasa ere egiten, osoko bilkurara etorri eta bozkatzeko ez bada.

Azkenik, aipatzekoa da udal honek herritarren parte hartze aktiboa ere albo batera utzi izana, pasa den legealdian egindako aurrera urratsak bertan behera geratu direlarik. Besteak beste, Ados! parte hartze mahaiak desagerrarazi dira eta aurrekontuak osatzeko garaian ere, aurtengoan ez da ez inkestarik ez eta aurkezpen publikorik ere egin.

Alkate berriaren hautaketarako Osoko Bilkuraren aurrean:       

Dakizuenez, Iban Agirre alkateak bere ardura politiko guztiak utzi ditu, dimisio hau pasa den asteleheneko Osoko Bilkuran ofizialki onartu zelarik. Hurrengo urratsa beste Osoko Bilkura bat deitu, eta bertan EAJ-PNVko zinegotzi kargua hartuko duen pertsona izendatu, eta alkate berria nor izango den aukeratuko da bozka bidez. Gaur gaurkoz Villabonako EAJ-PNVk ez digu hartu beharreko erabaki hauen inguruko ezertxo ere jakinarazi.

Amasa Villabonako EH Bildu koaliziotik, aipatutako hurrengo osoko bilkuran, esan eta egingo duguna publikoki azaldu nahi dugu:

EH Bilduko udal taldeak, alkatea aukeratzeko bozketan Nora Urbizu EH Bilduko zerrenda buruaren aldeko bozka emango du.    

Amasa Villabonako EH Bilduk proiektu sendo bat du gure herriarentzat, proiektu herritarra, Amasa Villabonan sortua, Amasa Villabonarentzat egina. Pasa den urtean herri-programa zabala osatu genuen eta konbentzituta gaude gure herriarentzat eta herritarren ongizatearentzat programa honetan biltzen diren egitasmoak garatzea dela egin dezakegun ekarpenik onena.

Villabonako EAJ-PNVk erakutsi duen inkonpetentziaren aurrean, guk lan-talde sendoa dugu, herria ezagutzen duena, lanerako gogotsu dagoena eta gure udala behar bezala gobernatzeko gaitasuna duena. EH Bilduk ezkerreko altenatiba herritar eta parte hartzailea eskaintzen dio herri honi, eta guk alternatiba hori mahai gainean jarriko dugu alkate berria aukeratzeko egingo den hurrengo osoko bilkuran".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!