Umorea nagusi zartapalaren desafioan

Extebe eta Iratik 22-20 irabazi zieten Demi eta Kristinari atzo ilunabarrean jokatu zen zartapala desafioan, Garagardo azokaren baitan. Pilotazale eta festazale ugari hurbildu zen Arrateko pilotalekura eta ikuskizun xelebrea bezain polita ikusteko aukera eduki zuten.

[Argazkiak]

Garagardo azoka antolatu duten bi eragile ordezkatu zituzten bi bikoteek: Gazteleku pilota eskola Luis Mari De Migelek eta Kristina Rodrigezek, eta Andoaingo auzoetako jai batzordeak Extebe Lopez de Muniainek eta Irati Loiartek. Umorea eta kirola uztartzen ahalegindu ziren, eta Arratera hurbildu zen jendetzak eskertu zien, txalo zartakoekin.  

Lauek zartagiak eta palak txandaka erabili zituzten, eta pentsa zitekeena baino errazago moldatu ziren sukaldeko tresnarekin. Baliteke ikusleak pilotalekura hurbildu izana pentsatuz huts galantak egingo zituztela zartagiekin, baina halakorik ez zen gertatu. Pala pilotariak dira lauak ere, eta kasik, egurrezko palarekin bezainbesteko zartakoak eman zizkioten pilotari.

Laukoteak ez zuen ahaztu Garagardo azokaren baitan antolatu dela desafioa, eta bai partiduaren erdi aldera eta baita azkenean ere garagardoz busti zituzten eztarriak.

Neurketa amaiturik, laukoteak eta ikusleak denak Garagardo azokara hurbildu ziren festa giroan, bertan eskaintzen diren garagardo eta otordu bereziekin gozatzera. Hizpide izan zituzten pilotalekuan ikusitako gora beherak.  

Andoaindarrek jaietarako gogoz direla erakutsi zuten atzokoan. Asteburu luzea dator, eta edukiko dute gozatzeko astirik Nafarroa Plazako rock jaialdian zein garagardo azokarekin. Bestela ere ederki usaintzen dira ate joka diren Sanjuanak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!