Rock jaialdia eta Garagardo azoka, jaien atarikoak

Garagardo azoka, Iturzaeta memoriala, Xistera partidak, Rock jaialdia,... hitzordu ugari Andoainen San Juan jaien aurreko asteburuan.

San Juan jaietako atarikoak ez dira gutxi, ezta eskasak ere. Ekaineko azken bi asteburuak kirola, kultura eta gizarte mailako ekitaldiz beterik datoz. Zuena elkarteko kideek ikasturte amaierako dantza emanaldia eskainiko dute ostiral honetan, Basteron. Bezperan hasita, eta iganderarte, Garagardo azokaren edizio berria martxan izango da Arrate pilotalekuan. Lau egunetan zehar, garagardotegiko menuaz eta edariez gozatzearekin batera kirol ekitaldi osagarriak antolatu dituzte Arrate pilotalekuan. Tartean, zartagiarekin eta palarekin jokatu beharreko desafio deigarria.
Adiskidetasunetik haratago, kirol mailako hitzordu garrantzitsuak jokatuko dira Andoaingo pilotalekuan. Hala nola, Iturzaeta memorialeko finalak edota Xisterako partidak. Hitzordu horietara guztietara andoaindarrak hurbilduko dira. Bada bat inguruko eta urrutiagokoen interesa pizten duena: Rock jaialdia.

ROCK JAIALDIA

Bederatzigarren edizioa ospatuko dute larunbat honetan. Arratsaldeko 18:00etan hasita, rock and roll musika doinuak entzuteko aukera izango da Nafarroa plazan. 

Flamin´Groovies, Eilen Jewell, The Muffs, The Undertones, The Pretty Things, The Blasters, The Nomads, DM3, Johnny Powers, The New Christs, The Chesterfield Kings edota Straitjackets talde ezagunak izan dira Andoaingo Rock jaialdiaren aurreko edizioetan. Pixkanaka musika jaialdien egutegian bere tokia hartzen ari da, EAEko inguruko erkidegoetatik geroz eta bisitari gehiago jasoz. Dohainik da, eta hori pizgarri modukoa da rockzaleentzat. Dagoeneko bederatzigarren ediziora iritsi da, eta aurtengoan ere antolatzaileek kartel ederra osatu dute. Guztien gainetik Elliot Murphy estatubatuarra nabarmendu beharra dago. Parisen finkatuta, Euskal Herrira etortzen den aldiro aretoak bete egiten ditu. Akustikoan etorri izan da azken urteetan, Oliver Durand musikariak lagunduta. Oraingoan, ordea, talde eta guzti igoko da Nafarroa plazako oholtzara. Luxu bat rockzaleentzat. Rock musika garaikidearen ikonoetakoa baita.

ELLIOTT MURPHY & BAND
Disko ugariren egilea, idazle lanetan ere mugildu izan da. “Literatura nire erlijioa da, baina rock and rolla nire adikzioa da”, berea da ezagun egin den esaldia. Musikari nekaezina, mundu osoan zehar emanaldiak eskaintzen jarraitzen du.

BLUE ASH
70eko hamarkadan bi disko egin zituzten, denbora igaro ahala ahaztu ez direnak. Iaz disko horietatik kanpo geratutako kantuak disko bikoitzean argitaratu zituzten. Power pop musikan erreferentzia dira.

HILLBILLY MOON EXPLOSION
Rockabilly doinuak Suitza aldetik. Lau disko eta zuzeneko indartsua da euren aurkezpen txartela.

DEADBEAT POETS
Blue Ash taldearekin harreman zuzena du. Fran Secich taldeko buruzagia da, ibilbide luzeko musikaria.

SPLIT SQUAD
Bostongo taldeak 2012an lehen diskoa grabatu zuen REM edota Gang of Four taldeetako musikarien laguntzarekin.

BALERDI BALERDI
Euskal musikagintzan aski ezagunak eta maitatuak, euskaraz abestuz kantu sorta ederra sortu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!