Irati Santiago, Aberneren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 17a, 02:00

Zinemagile izateko bidea jorratzen ari da Irati Santiago billabonatar gaztea. Estatu Batuetan ari da ikasketak burutzen, eta film labur bat ekoizteko lanetan ari da egun, buru-belarri.

Nola hasi zinen zinearen munduan murgiltzen?
Ikus-entzunezkoen ikasketak egin nituen Salamancako unibertsitatean. Hirugarren ikasturtean Estatu Batuetako Ohiora joan nintzen. Asko ikasi nuen bertan. Batez ere, haien lanerako filosofia gustatu zitzaidan; gogor lan eginez gero nahi dutena lortuko dutela sinesten dute, eta horretan aritzen dira buru-belarri. Haien ikuspegi horri jarraituz, ikasten ari nintzen bitartean, lanpostu bat bilatu nuen telebista bateko kontrolean. Estatu Batuetan oso kontuan hartzen dute ahalegina, eta egindako lanak bere emaitza ematen du. Ikasketak amaituta, Estatu Batuetara itzuli eta master bat egitea erabaki nuen. Columbia Collegek zineari lotutako eskaintza ona du, eta eskaera egitea erabaki nuen. Azterketa gainditu, eta hantxe ari naiz, Chicagon, zineko ekoizle-sortzaile izateko bidean. Gradua lortzeko, tesia egin behar dut, eta hortxe sartzen da Aberne.

Zer da Aberne?
Pilotari profesional izan nahi duen emakume baten historia kontatzen duen film-laburra da. Bere helburuak lortzeko gogor borrokatu behar du Abernek. Txapelketa batean parte hartu nahi du, eta ez diote uzten, emakumea delako. Borroka horretan, bere ingurukoek paper ezberdina hartuko dute. Abernek asko sufrituko du berea defendatzeko, baina ez du sekula ere etsiko.
15 minutuko film laburra prestatuko dut, eta arrakasta lortzen badu, ez dut baztertzen film luzeagoa egitea.

Aberneren historia kontatuko duzu beraz. Zer nolako harrera izan du zure ideiak Chicagon?
Oso istorio exotikoa iruditzen zaie. Irakasleei ikaragarri gustatu zaie; euskal kultura, pilota, euskara…, arrakastatsua izango dela iruditzen zaie. Columbia College unibertsitateak ikasle baten lana aurkezten du urtero Princes Grace Kelly sarietara, eta Aberneren aldeko apustua egin dute. Ezusteko ederra izan zen niretzat. Irakasleen bultzada hori jasota, Emma Johnson zine zuzendariarekin hitz egin nuen. Bera ere ados zegoen ideiarekin eta aurrera egin dugu.
Horrez gain, nire ikaskideei eromena iruditzen zaie grabaketa Estatu Batuetatik kanpora egitea. Izan ere, lan eta gastu handia ekarri du erabaki horrek. Askoz ere errazagoa eta merkeagoa izango litzateke filma Chicagon bertan grabatzea, baina argi nuen Euskal Herrian grabatu beharreko filma zela. Lan handia izan arren, oso ziur nago filma ondo aterako dela. Emma Johnson zuzendariak ere konfiantza handia ematen dit, oso ondo lan egiten duelako. Dagoeneko bost film labur egin ditugu elkarrekin, eta ederki ulertzen dugu elkar.

Zein da filmaren helburu nagusia?
Euskal kultura eta euskara zabaldu nahi ditut. Horrez gain, mezu garbi bat ere badu filmak: helburu bat lortzeko bidean, amore ez ematea eta bide horretan, gainera, zure pasioa eta gogoa besteei zabaltzea. Horixe da adierazi nahi dudan ideia.

Nola doa film-laburra sortzeko ekimena? Zein pauso ematen ari zara?
Ideia landuta dago, orain dirua lortzeko pausoak ematen ari naiz. Bide horretan, Euskal Herrian egonaldia egin berri dut, enpresa eta eragile ezberdinekin bilerak egiteko. Oztopo asko bilatu ditut bide horretan, ordea. Estatu Batuetan konfiantza handia dute zinean inbertsioak egiteko garaian. Han industria indartsua da, eta hemen berriz, ez. Pilota munduko enpresengana jo dudanean, esaterako, ateak itxi dizkidate. Film-labur honen bidez pilota zabaltzen ari naiz, nazioarte mailan gainera, baina ez dute aurrera egin. Dirua lortzeko bide horretan, aurrekontuaren %70a jaso dudala esango nuke, gutxi gora-behera. Orain beste pauso batzuk ematen ari naiz, falta dena osatzeko.
Ez da erraza ekoizpen lanak egitea. Dirua alde batera utzita, ordea, oso harrera ona jaso du ekimenak. Villabonako Udalak, esaterako, ikaragarri lagundu dit, baita Asteasu eta Alkizako Udalek ere. Elkarrizketak ere egin dizkidate zenbait hedabidetan eta horrek nire proiektua ezagutarazten lagundu dit.

Ekoizle-sortzaile izateko ikasten ari zara. Zein izango da zure lana?
Zinea egiteko modua oso ezberdina da Estatu Batuetan eta Europan. Hemen zuzendariak eramaten du, batik bat, filmaren pisua eta ekoizlearen lana da dirua eta baliabideak lortzea. Estatu Batuetan, ordea, ekoizlea da ideiaren sortzailea. Horixe da nik egin nahi dudana; istorioak sortu eta haiek aurrera eramateko baliabideak bilatu. Zuzendariaren lana ere oso garrantzitsua da han, baina gu gara proiektuaren alde borrokatzen dugunak. Idea sortu, landu eta zabaldu egiten dugu. Hemen ezin dut lan hori egin, zinea egiteko modua oso bestelakoa delako. Pixkanaka, hemen ere lanerako modu hori sartzea gustatuko litzaidake.
Estatu Batuetan oso ondo banatuta daude ardura guztiak. Nik landu dut ideia, baina Emma Johnson zuzendariak idatzi du Aberneren gidoia. Nire parte hartzea, kasu honetan, handia izan da, berak ez duelako euskal kultura gertutik ezagutzen. Ingelesez sortutako gidoi hori, itzultzaileek euskaratu dute.

Filmaren aurre-ekoizpena amaituta, grabaketa iritsiko da. Non eta noiz egitea aurreikusten duzu?
Abuztuaren erdialdean etorriko gara, lantalde osoa, grabaketa prestatzera. Irailaren 1etik 5era egingo dugu grabaketa, Villabonan, Alkizan eta Asteasun. Lantalde handia beharko dugu grabaketarako eta Estatu Batuetatik etorriko direnez gain, hemengo jendea ere beharko dugu lanerako. Aktoreen artean, esaterako, Felix Arkarazoren mailako aktoreak izango ditugu. Aberneren papera nork egingo duen oraindik ez dugu zehaztu, baina baditugu zenbait hautagai.
2017ko apirilerako amaituta egongo da filma. Promozioa egiteko garaia iritsiko da orduan. Zinemaldi guztietara aurkezteko asmoa dut, ea nolako harrera jasotzen duen.

Chicagon pasa duzu ikasturtea. Euskal Herriko egonaldiaren ondoren, hara al zoaz berriz?
Los Angeles hirira noa orain, praktikaldia egitera. Emma zuzendaria ere han izango da, eta lanean jarraitzeko aukera izango dugu. Chicagon indar handia du publizitatearen munduak, baina zinearen industria Los Angelesen biltzen da. Oso hiri handia da, eta denetik dago han, baina oso garestia ere bada. Etxebizitza, janaria, garraioa…, dena da garesti. Lan egiten baduzu, ordea, aukera handiak eskaintzen dituen hiria da, eta horretara noa.

Etxetik urrun egoteak, zailtasuna erantsiko zien zure ekimenei…
Zalantzarik gabe. Gogorra izan da hain urrun egotea, baina merezi zuen. Pertsona gisa handitu egin naizela esango nuke. Lan handia egin dut eta nire burua ezagutzen lagundu dit. Betidanik oso garbi izan dut hau egin nahi nuela. Etxekoek ere bazekiten noizbait etxetik atera eta Estatu Batuetara joango nintzela. Txikitatik esaten nuen horixe egin nahi nuela.

Non ikusten duzu zure etorkizuna?
Hemen ezin dut nire lana egin, eta Estatu Batuetan ikusten dut nire burua. Betidanik gustatu izan zait zinea, eta horrenbeste borroka eta lan egin ondoren, gustatzen zaidana egiten bizi nahi nuke. Nolanahi ere garbi dut Euskal Herriarekin dudan harremana ez dudala inoiz etengo.
Estatu Batuetako bizimodua, bestela, ez da oso erakargarria. Bizi kalitatea askoz ere hobea da hemen. Han lanerako bizi dira. Haurrak hazi eta hezteko, esaterako, ez zait toki egokia denik iruditzen. Horregatik, epe luzera begira, Euskal Herrira itzuli nahi nuke. Ea bitarte horretan gauzak aldatzen joaten diren eta zinearen industrian gauzak beste modu batera egiten hasten diren. Izan ere, oso gauza politak egin daitezke hemen. ‘Loreak’ filma da horren adibide garbia. Nire ustez, zinea diru-laguntzetara oso lotuta dago hemen, eta horrek sorkuntza mugatzen du. Askatasun handiagoa lortuko luke zineak, enpresek eta jendeak konfiantza handiagoa izan eta inbertsioak egingo balituzte. Izan ere, hemen maila handiko lanak egiten dituen jendea baitago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!