Erreportari gazteentzat sariak

Gaur banatu dira Andoaingo ikastetxeetako ikasleen artean kazetaritza-zaletasuna bultzatzeko antolatzen diren Erreportari Gaztea Sariak. Olatz Igerategi eta Nagore Huizik idatzitako “Harresiaren bestaldera bisita” izenburuko idazlanak jaso du lehen saria.

[Argazkiak]

XIX. Erreportaria Gazte Saria-ko epaimahaiaren iritziz, irabazleek formatu berezian idatzi dute erreportaria, “gai estandarretatik aldenduz, kazetaritzaren joera berriarekin bat eginez, subjetibotasunera jo dute. Plano pertsonala ondo identifikatua, gaiaren hautaketa, erreportajearen garapena, kantuekin loturak… dena oso ongi landutakoa baira”. Erabilitako euskara ere azpimarratu du epaimahaiak. Erreportajea, aita preso eta etxetik oso urrun daukan neska gazte baten kontakizunean oinarritzen da; hari egiten dion bisita baten kronika da, presoari egindako elkarrizketa erantsita.

Uxue Santa Cruz eta Irantzu Zubeldiarentzat izan da bigarren saria, “Osasuna ala ondasuna” erreportajearengatik. Transgenikoen kontura dirutza egiten ari diren multinazionalen gaia hartu dute hizpide egileek. “Bertan argi ikus daiteke egindako galderak ongi landu dituztela eta informazio bilaketan ere ahalegina egin dutela”, epaimahaikoen arabera.

Irune Gozalo eta Ainhoa Manterolaren “Neurrien inperioan sartu ezinik” lanak jaso du hirugarren saria, azkenik. Estereotipoen bilakara jorratu dute, iritzi kontrajarriak landuz horretarako. Bertan eginiko galderak, jasotako elkarrizketak eta lanaren diseinua azpimarratu nahi izan du epaimahaiak.

Era berean, sarian finalista izan direnen izenak ere aipatu dira ekitaldian. Honakoak izan dira:

- “Iragana etorkizuna izango balitz”. Egileak: Eli Mendizabal, Esti Zubeldia eta Uxue Sueskun.

- “Dieten atzaparretan gatibaturik. Egileak: Ainhoa Armendariz, Alaitz Mikelarena eta Mara Lasa.

- “Laguntzaile nekaezinak”. Egileak: Zuriñe Verero eta Patricia Chaves.

- “Inoiz isilduko ez diren kantuen oihartzunak”. Egileak: Ander Otxoa eta Goizane Otegi.

- “Inorrek entzuten ez dituen aieneak”. Egileak: Ane Miren Barbon eta Ane Zabala.

- “Parkour”. Egileak: Leire Izagirre eta Eider Cuesta.

- “Urrun ala hurbil pantailaren atzetik”. Egileak: Garazi Alkain eta Maider Arabaolaza.

- “Azalorearen erresuman belarjale”. Egilea: Uxue Marzol eta Esther Pinto.

Xabi Solano Esne Beltzak musika taldeko kantaria izan da aurtengo gonbidatu berezia. Musika munduan egindako ibilbidea kontatu, abesti ezagunak tartekatuz. Ikasleen galderei ere erantzun behar izan die.

Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako Lansailak antolatu ohi du saria, eta Andoaingo eta inguruko herrietako 15 eta 17 urte bitarteko gazteen artean komunikazio idatzia euskaraz zuzen ez ezik txukun eta egoki ere egiteko gaitasuna eta kazetaritza-zaletasuna bultzatzea du helburu. Kazetari ezagunek osatzen dute epaimahaia; Jone Larrañaga, Enekoitz Telleria eta Jone Ubeda izan dira aurtengoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!