KUBATIK ZIZURKILERA
Dantza eta kirola gustatu izan zaizkio Barbarari betidanik. “Atletismorako gaitasun handiak nituen. Eskola garaian, hainbat txapelketa irabaztea lortu nuen, eta teknifikazio zentro batean aritzeko aukera ere eskaini zidaten”. Belauneko lesio batek urrundu zuen Barbara atletismo pistetatik. “Ehun metroko lasterketa batean izan nuen lesioa. Rotula atera nuen, eta ez nuen konpetizioko atletismora itzultzerik izan”.
Ciudad Habanan bizitu zen Barbara, harik eta, maitasunagatik, Zizurkilera etorri zen arte. Barbarak dionez, “Kubako bizimodua oso ezberdina da. Esaterako, etxean ez genuen kotxerik, eta eskolarako joan-etorriak ez ziren errazak izaten. Saskibaloi talde baterako ere fitxatu ninduten gaztetxotan, baina partidak iluntzetan izaten ziren, eta nik ez nuen etxera itzultzeko modurik”.
Dantza, odolean
Kirolaz gain, beste pasio handi bat ere badu Barbarak; dantza. “Txiki-txikitatik egin izan dut dantza. Nire aitak dionez, odolean daramat, izan ere, bera ere oso dantzari ona baita. Koreografia ezberdinak sortu izan ditu, ezkontzetarako edo bestelako festetarako. Jendeak uste du kubatar guztiok ondo egiten dugula dantza, baina hori ez da horrela. Nire etxean, esaterako, ez dugu guztiok dantzarekiko zaletasuna jaso; nire anaia, adibidez, ez da dantzari trebea. Niri, berriz, ikaragarri gustatzen zait. Oso gaztetxotan hasi nintzen nire lagunei dantzan erakusten eta koreografiak sortzen”, azaldu du Barbarak.
Familia eta hondartzak
Kuban ditu gurasoak, anai-arrebak, amona eta semea. “Haien hutsa sentitzen dut. Umea txikia zenean, hona ekartzeko saiakera egin nuen, baina ez zen posible izan. Garai hartan, urtean bi aldiz joaten nintzen bisitan. Orain, tratua egina dut berarekin; urte batean ni joaten naiz, eta hurrengoan bera etortzen da. Asko gustatzen zaio etortzea. Harrituta geratzen da hemengo dendekin, bankuko txartelekin, etab. Aurten niri egokitzen zait hara joatea, eta desiatzen nago. Etxekoekin egon, hondartzara joan, hango jakiak dastatu… Egonaldi luzea egiteko asmoa dut”, azaldu du Barbarak.
Kubako hondartzen hutsunea ere sentitzen du Barbarak, “haiek baitira munduko hondartzarik politenak. Hemengo hondartzatara joatea ere gustatzen zait, baina ura ikaragarri hotza da Kubakoaren aldean, eta ez dut bainatzerik lortzen”. Kubako eguraldia ere gustura ekarriko luke Barbarak Euskal Herrira, “nahiz eta ohitu ere egin naizen. Etorri eta lehendabiziko hilabetetan euri asko egin zuen eta nire buruari galdetzen nion hemen eguzkirik ba ote zegoen. Azala ere zuritu egin zait hemen”, dio umoretsu.
Irakaslea
Zunba irakaslea da Barbara. Zizurkilen, Iruran eta Arriben ematen ditu ikastaroak. Horrez gain, entrenatzaile pertsonala ere bada. Irribarrea ateratzen zaio euskaldunon dantzarako gaitasunaz hitz egiten duenean: “kosta egiten zaizue aldakak mugitzea; gizonezkoei bereziki. Hala ere, lotsa astindu eta askatzen hasten zaretenean, ondo moldatzen zarete. Etengabe zirikatzen eta umore puntua jartzen aritzen naiz, lotsa galdu arazteko”. Euskaldunon izaeraren inguruan, Barbarak hauxe dio: “euskaldunoi kosta egiten zaie irekitzea, baina horma hori botatzea lortzen denean, oso jende atsegina da”.
Asko gustatzen zaio Barbarari bere lanbidea, “nahiz eta dirudiena baino nekagarriagoa den. Lanetik etxera joandakoan, koreografiak prestatzen aritzen naiz. Horrez gain, asko gustatzen zait dietetikaren mundua, eta eguneratuta egoten saiatzen naiz. Nire ikasleei gomendioak ematen dizkiet”.
Ia hamasei urte daramatza Barbarak Zizurkilen. “Herrira etorri zen lehen beltzarana izan nintzen. Begiratu arraroren bat sumatu izan dut noizbait, baina oso jende atseginarekin egin dut topo. Gustura bizi naiz hemen”, azpimarratu du.