Pala eta zartagi desafioa Garagardo Azokan

GaragardoAzokaren edizio berria desafio politarekin abiatuko da, ostegun honetan. Garagardozaleak lehen edariak dastatzen ari direla, Arrate pilotalekuan bi bikote nor baino nor lehian arituko dira zartagiekin eta palekin. Azokari hasiera emateko pizgarri bikaina da, kirola eta umorea uztartu nahi dituena. Zartagiekin Luis Mari De Miguel eta Estebe Lopez de Munain arituko diren bitartean, palari helduta jokoan sartuko dira Kristina Rodriguez eta Irati Loiarte. Teniseko pilota erabilita partida atsegina izango da.

Desafioan aurkari izango dira Garagardo Azoka antolatzen duten bi eragile nagusiak. Alde batetik, Gazteleku pilota eskola eta, bestetik, auzoetako jai batzordeak. De Miguel eta Rodriguezek Gazteleku ordezkatuko dute, eta De Muniainek eta Loiartek herriko auzoetako jai batzordeak. Jokoa eta txantxa uztartzen duen lehiaz gain, maila handiko partidak izango dira asteburu osoan zehar. Ostiralean Iturzaeta memorialeko finalak jokatuko dira. Larunbatean, berriz, profesional mailako zesta pilotariak arituko dira.
Aurten Gazteleku pilota eskolako kideekin batera, antolaketa lanetan murgildu dira auzoetako jai batzordeak. Garagardoak zerbitzen eta otorduak prestatzen eta zerbitzen, beraz, auzoetako eragileak ibiliko dira. Larunbatean eta igandean bazkariak eskainiko dira.

OLAJAUN GARAGARDOA
Aurtengo Garagardo Azokan Andoaingo tabernaren izena daraman garagardoa dastatu ahal izango da, Barañainen bertan ekoizten dena.
Flandriako garagardo baten botila kopuru mugatua ere eskainiko dute. Botila bereziak dira Eskoziako, Kataluniako, Flandriako eta Euskal Herriko banderak daramatzalako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!