Unipapel lantegia albiste bihurtu da azken aldian, eta ez onerako: ateak itxi eta bertako 78 langileak kale gorrian gera daitezke luze gabe. Zergatia ulertzeko, azken urteotan egin duen ibilbide traketsari erreparatu beharko genioke.
Bulegoetan eta irakaskuntzan erabiltzen den materialaren ekoizle eta banatzailea da, eta sektore horretan jaun eta jabe izan da urteetan; adibidez, berak egindakoak dira ikasleek erabili ohi dituzten Papyrus edo Guerrero izeneko koadernoak, edota, hauteskundeetako sobreak. Hiru lantegi ditu enpresak estatuan: Logroñon, Madrilen eta Adunan. Orain hogeita bost bat urte kokatu zuten Adunan. Egun, Tolosaldeakoak dira bere behargin gehienak; hiru bat Andoaingoak.
2014ko urtarrilean, Unipapel oraindik Adveo taldearena zen garaian, Adunako lantegiko produkzioaren zati bat Logroñoko plantara eramatea erabaki zuen zuzendaritzak. Greba mugagabeari ekin zioten orduan bertako langileek. Otsailaren 3an materiala ateratzen hasi ziren, eta langileek hiru kamioiei irteera oztopatzen saiatu ziren; istiluak gertatu ziren ertzaintza eta langileen artean.
15 egunen buruan, baina, baretu egin zen egoera, akordioa lortu baitzuten langileen ordezkariek eta zuzendaritzak. Negoziazio latzaren ostean, zera adostu zuten: aurre jubilaziorako plana aplikatzea (plantilla 100 langiletik 70era murriztea), soldatak ez jaistea, eta urte eta erdian inor ez kaleratzea.
Springwater, jabe berria
2014ko apirilean, Adveo taldeak Unipapel enpresa Ginebrako (Suitza) Springwater Capitalari saldu egin zion, 16 milioi euroren truke. Guztira 298 langileri eragiten zien operazioa izan zen, eta Madril, Logroño eta Adunako plantak, Frantzia eta Marokoko tailer bana eta Portugaleko bulego komertziala sartu zituzten bertan. Springwater inbertsio funtsa da berez; Martin Gruschka da bere jabea, eta amildegian diren enpresak erostea da bere eginkizuna. Saldoko prezioan erosi ditu Espainiako hainbat enpresa azken boladan: besteak beste, Miro katea, Imtech, SGEL eta Nautalia. Erosketa guztietan inbertsioak agindu izan ditu enpresak indarberritu daitezen, baina apenas egin duen horrelakorik praktikan. Merke erosi (zorraren balio nominalaren %20 edo %30aren truke), eta ahalik eta azkarren eta garestien saldu; horixe da bere filosofia, mundu mailako sistema finantzarioak eskaintzen dituen arauez baliatuta. Azken aldian ezagun egin diren funts putreen adibidearen aurrean egon gaitezke Unipapelen kasuan ere.
Salmenta egiteko garaian Adveo taldeak Springwaterri bi baldintza jarri zizkion: langileen lanpostuak eta lantegiaren etorkizuna bermatzea. Langileek lan baldintzak murriztea onartu zuten, lantegiaren bideragarritasunaren mesedetan izango zelakoan. Baina gauza onik ez dute ezagutu azken boladan. Hornitzaileek Unipapeli jada ez diote materialik hornitzen, lehendik ere zorrak ordaintzeko dauzkalako. Papera, kola, tinta… material ugari falta zaie azken hilabeteotan, eta era horretan, lan zama handia izanagatik, langileek ezin dute lanik egin. Zuzendaritzaren aurka salaketak jarri izan dituzte langileek, ekoizpen makinak geldirik daudela argudiatuta. Azken aldiko ziurgabetasuna dela-eta, zenbait bezero galdu dute jada; esate baterako, Espainiako gobernua (hauteskundeetako sobreak) edo eta Carrefour (ikastetxeetako materiala).
Aurtengo maiatzaren 16an, zuzendaritzak bideragarritasun plana aurkeztu zien langileei: 109 behargin kaleratuko dituzte (Adunan 17, Madrilen 79 eta Logroñon 13). Eta horrez gain, Unipapelek hartzekodunen lehiaketa aurrekora jo duela jakinarazi die, alegia gainerako guztiei aldi baterako dosierra ezartzea uztailaren 1etik aurrera, eta ekoizpena sei hilabetez etetea.