Bertako sagarraren aldeko plana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 15a, 02:00

Gipuzkoako Aldundiak eta sagardogileen elkarteek adostu duten plana aurkeztu zen Amasa-Villabonako Otalarrea etxaldean atzo. Gipuzkoako sagastiak bultzatzeko urtero 300.000 eurotik gora bideratuko ditu Foru Aldundiak.

[Argazkiak]

Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek eta sagardogileen ordezkariek Otalarreako finkara bisita egin zuten, eta bertako sagardoa indartzeko egin duten akordioaren berri eman zuten.

Markel Olano Diputatu Nagusiak azpimarratu zuen Aldundiak sagardogileen ordezkari guztiekin partekatutako hausnarketa baten ondorioa izan dela plana. Aldundiak lehen sektoreari garrantzi handia ematen diola adierazi zuen ondoren, Olanok: “bultzada eman nahi diogu lehen sektoreari, hiru ikuspegi kontuan hartuta: lurralde oreka, gure nortasuna eta aktibitate ekonomikoa”.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapen, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak, sagarrak Gipuzkoan daukan eraginaren inguruan jardun zuen, plan berriari buruzko datuak emanez. “Gipuzkoan 74 sagardotegik egiten dute sagardo naturala, eta guztien artean 9,5 eta 10 milioi litro ekoizten dituzte urtean. 13,5 milioi kilo sagar behar dituzte horretarako, eta fruitu horretatik lortzen dituzten sagardoak 15 milioi euroko balio du merkatuan.

Gipuzkoan ekoizten dena eta ekoiztu behar litzatekeenaren arteko aldea nabarmendu zuen Aizpuruk. “Sagastiei dagokionez, berriz, 1.100 hektarea ditugu landatuta lurraldean. Honen ekoizpena, 5 eta 6,5 milioi kilo sagarrena da urtero, uztaren arabera beti ere. Ondorioz, zer geratzen zaigu Gipuzkoan? ia 7 milioi terdi sagar kilo behar ditugula, eta derrigortuta gaudela beste herrialdeetatik inportatzera sagarra. Horrek dirutan esan nahi du 1.860.000 eurok alde egiten dutela gure herrialdetik, eskariari ezin zaiolako erantzun. Defizit horri aurre egiteko, 310 hektarea behar ditugula kalkulatzen da”.

Errealitate hori izanik, Aizpuruk adierazi zuen Otalarrean aurkeztu zen Sagarrandoen Landaketa Bultzatzeko Planaren azken helburua “Gipuzkoan egiten den sagardo guztia bertako sagarrarekin egitea” izango dela.

Baserritarren eta sagardogileek sagastiak landatu dezaten diru laguntzak zehaztu zituen, neurrien artean; “360 mila euro banatuko dira aurten eta 300 mila hurrengo urtetan. Lehenengo bost urtetako inbertsioan lagunduko dugu, 11.500 eurokoa hektarea bakoitzeko, eta horrez gain, aholkularitza eta formakuntza ikastaroak antolatuko ditugu”.

Hiru helburu nagusi lortu nahi dira, azken batean, Aizpururen hitzetan; “erabili gabe dauden lurrei erabilpen egokia ematea, lanpostu berriak sortzea, eta urtero joaten zaizkigun bi milioi horiek bertan inbertitzeko aukera ematea”.

Oihana Ganzerainek Sagardo Mahaia Elkarteko lehendakariak ere hartu zuen hitza ekitaldian. Albiste pozgarritzat jo zuen plana onartu izana. “Eskerrak eman behar zaizkio Aldundiari, sektoreari entzun izanagatik eta bere beharrei erantzun izanagatik. Kalitatezko produktuaren aldeko apustua egiten dugu sagardogileek, eta erakunde publikoetatik ezartzen zaizkigun politika markak betetzen saiatuko gara”.

Azkenik, Ibon Aburuza, Gipuzkoako Sagardogileen elkarteko lehendakariak ere eskerrak eman zizkion Aldundiari, egin duen ahaleginagatik. “Laguntzarik gabe zaila geneukan bertako sagarraren alde egitea. Kanpotik ekartzen den sagarra ez da txarra, baina ez daukagu zalantzarik bertakoarekin egindako sagardoa kalitate onekoa dela".

Urte gutxi barru ekoizpenaren ehuneko ehuna bertako sagarrarekin egindakoa izango den desioa luzatuz amaitu zuen mintzaldia Aburuzak.

Planaren aurkezpen ekitaldia amaiturik, Otalarrea etxaldeari bisita egin zioten denek ere. Otalarrea etxalde esperimentala da; bertan entseguak egiten dira, barietateak kontserbatzen dira eta sagardotarako sagarrondoen materiala eskaintzen da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!