Iban Agirre: “Sentitzen dut, baina ezin izan diot apustuari eutsi”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 14a, 02:00

Atzo iluntzean ohiko batzarra izan zen Villabonako udaletxean. Gai ezberdinak landu ziren bertan, baina nagusiena, bosgarren eta azken puntua izan zen. Iban Agirrek, alkate eta zinegotzi karguaren errenuntzia eskaera Udal taldearen aurrean publiko egin zuena. Lanaren ardura handi gertatu zitzaiola aitortu zuen eta atzera pausoa ematea erabaki zuela. EH Bildu eta PSOEko zinegotzien erantzunaz gain, Udal langileen ordezkariarena ere izan zen. Ibon Ariznabarreta izango da jarduneko alkate aurrerantzean, Iban Agirreren ordezkoa aurkitu bitartean, eta Eneko Urdangarin alkate-ordea.

Bideoak | Kronika, jarraian: 

Iban Agirrek bere alkate eta zinegotzi karguak bertan behera uzteko idatzia aurkeztu zuen joan zen ekainaren 2an udaletxean eta errenuntzia hori eraginkorra izateko, Udalbatzari jakinarazi zion atzoko batzarraldian. Ibanek dimisioaren erabakiaren aurrean, ondorengo arrazoiak azaldu zituen. “Lana zaila egin zait. Ez nintzen eroso sentitzen eta horrela ezin da lanera gustura etorri. Pena handia ematen dit, lana oso polita baita. Baina gehiago ezin denean eta osasuna arriskuan dagoenean, hobea da atzera pausoa ematea. Datorrenak, seguru aski, askoz hobeto egingo du”, azaldu zuen. Momentu gogorrak pasa dituztela jakinarazi zuen eta tarte horretan norbaiti huts egin badio, barkamena eskatu zion. EAJ alderdiari eskerrak eman zizkion, beregan konfiantza erakusteagatik. “Sentitzen dut, baina ezin izan diot apustuari eutsi. Handi geratu zait eta bertan segi eta gaizki aritzea baino hobe da garaiz uztea”. Zorte ona opa zien guztiei eta errespetuz, ahalik akordio eta komunikazio gehien erdiestea.

Galdera

EH Bildutik Xabat Labordek, Iban Agirreren erabakia errespetatzen zutela adierazi zuen, eta eskertu egin zion barkamena eskatzeko jarrera azaltzea. Baina errenuntzia aurkeztu zen egunetik gaur arte eman diren azalpenak, formetan behintzat egokiak izan ez direla adierazi zion. “Modu batera edo bestera, norbere arduretatik ihes egiteko ahalegina ikusi dugu eta ardurak Udal honetan lan egiten duten pertsonen bizkar utzi direla, behintzat publikoki eman diren azalpenetan. Guk, –eta uste dugu herritarren gehiengoak ere–, ez du benetan dimisio honen zergatia ulertu. Gure ustez ez dira batere dotoreak izan komunikabideetan emandako azalpenak. Nolabait ere, ardurak gainetik kendu eta langileen bizkar ezarri nahi izan direlako”. Batzarrean beste hitz batzuk eta beste tonu bat entzuteaz pozten zela adierazi zuen Xabatek, “baino publikoki, Udal barruko lan giroa deserosoa izan dela eta aldatzen saiatuagatik lortu ez duzuela adierazi du EAJk komunikabideetan. Gure galdera garbia da. Udalean lanerako giroa deserosoa izan dela esaten duzuenean, zertaz ari zarete?”. Xabaten ustez, nahasmena sortu baitute adierazpen horiek. “Langileek ere publikoki azaldu dute beraien ezinegona azalpen horren aurrean. Eta guk ulertzen ditugu udaletxeko langileek adierazi dituzten kezka eta ezinegonak. Orain pozten naiz Udal langileen aurrean beste jarrera umilago bat erakutsi izana”.

Erantzuna eta harridura

Ibanek berriz ere hitza hartutakoan, giroa aipatu zuenean, bera zela lanarekin gustura sentitzen ez zena adierazi zuen, “ez dut esan nahi langileek sustatu dutenik. Ni ez naiz gai izan arduradun nagusi bezala giro hori nik nahi nuen moduan bideratzeko. Ez diet langileei errurik bota nahi, aldaketa hori gauzatzeko gai izan ez naizelako ematen dut atzera pausoa”. Xabatek, transmititu nahi zuten jarrera hori bazen, argi eta garbi ongi egin ez zutela erantzun zion. “Hori horrela esanez gero, arrazoi pertsonalak argudiatu eta orain egin modura, hasieratik ardura zure gain hartuko bazenu, ez lirateke interpretazio ezberdinak egongo, langileek ez lukete beren burua interpelatuta sentituko eta ez zuketen prentsan publikoki agiririk atera beharko beren kezka azaltzeko… Denbora izan duzue arrazoi horiek publikoki argitu eta interpretazioak geratzeko eta ez duzue gaur arte ezer egin. Benetan harrigarria iruditzen zaigu”.

EAJren idatzia

Ibanen ordez alkate nor izango den erabaki bitartean, Ibon Ariznabarreta –orain arte alkate-orde kargua betetzen zuena– arituko da jarduneko alkate lanetan. Ondorengo idatzia irakurri zuen EAJren izenean. “Lehenengo eta behin, gure herriarekiko konpromisoa azaldu nahi dugu berriro ere; eta guztion artean Villabona hobetzeko lanean jarraituko dugula bermatu nahi dugu. Aldi berean, aukera hau aprobetxatu nahi dugu Udaleko langileekiko konfiantza azaltzeko, beren profesionaltasunarekiko eta ongi-egitearekiko konfiantza, guztiz konbentzituta baikaude egitasmoak aurrera ateratzeko langile horien lana ezinbestekoa dela”.

PSOEren iritzia

PSOEko Maria Luisa Arija zinegotziak, bere aldetik, Iban Agirreren erabakia errespetuz hartzen zuela adierazi zuen eta bere alderdiak, Udal langileekin inolako arazorik izan ez duela zehaztu zuen, “nire ustez, egokiagoa zatekeen kargua uzterakoan arazo pertsonalak argudiatu izan balitu. Guk ez dugu inolako arazorik izan langileekin eta ez dugu giro txarrik sumatu. Alderantziz, giro ona nagusitzen dela esango nuke”.

Urtebeteko agintaldiaren irakurketa

2015eko ekainaren 13an hartu zuen alkate kargua Iban Agirrek eta urtebete geroago,  2016ko juxtu egun berean utzi zuen. Urtebeteko agintaldiari begira, galdutako urtetzat jo zuen EH Bildu alderdiko Xabat Labordek igarotakoa. “Herri proiekturik ez daukan Udal gobernu baten aurrean egon gara. Hasiera batean parte hartzea, elkarlana eta akordioa aipatzen zen, baina gero praktikan horretarako trabak egon direla ikusi dugu. Legegintzaldi hasieran oposizio eraikitzailea egiteko prest geundela esan genuen. Horretan saiatu gara eta aurrerantzean ere horretarako aukerak zabaltzea espero dugu, guk ere gure ekarpenak egin ahal izateko bideak aurkitzea. Azken eskaera bezala, Villabonako EAJko Udal taldeari, billabonatarren gehiengoak Villabonako alkate bat merezi dutela –eta hala nahi dutela– adierazi nahi diogu; ez luketela ulertuko billabonatarra ez izatea, Villabonan ez baita sekula bertakoa ez den alkaterik egon”. Maria Luisa Arijak agintaldiari errepasoa eginez, aukeran batzorde gutxi egin bada ere, hainbat alorretan –zabor bilketa sistema berritzen, esaterako–, esfortzu handia egin dela nabarmendu zuen eta aurrera begira ere, geldialdirik gabe, lanean jarraitu behar dutela.

Udal langilearen hitzak

Udaleko langile batek ere hartu zuen hitza batzordearen amaiera aldera eta eskerrak eman zizkien Iban Agirreri nahiz Ibon Ariznabarretari haien hitzak zuzentzeagatik, herritarren artean nahasmena sortu delako. Era berean, hitz horiek herritarrei jakinarazteko eskatu zien, herrian zehar nahiz komunikabideen bidez zabalduz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!