Ainarika-Izarne eta Iñaki-Loidi irabazle Iturzaeta herrikoian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 13a, 02:00

Iturzaeta pala herrikoiaren finalak jokatu ziren larunbat arratsaldean Sorabillan. Ainarika-Izarne eta Iñaki-Loidi bikoteek eskuratu zituzten txapelak.
[Argazkiak]
 

Frontoia txikia geratu zen bi partida ikusgarri ikustera hurbildu zen jendearentzat. Giro bikaina sortu zen Sorabillako auzoan, eta bi partidek ere ez zioten hutsik egin zaletuen ikusminari.
Ainarika-Izarnek 25-13 irabazi zuen Olatz-Rakel bikotearen aurka, emakumeen finalean. Txapeldunek uste baino errazago menderatu zituzten aurkariak, eta txapelketako pilotaririk onenak izan direla erakutsi zuten beste behin.
Lehiatuagoa izan zen mutilen neurketa. 25-23 azken emaitzak adierazten duen eran, ederki kostatako garaipena lortu zuen Iñaki-Loidi bikoteak.

Ia beti atzetik joan ziren markagailuan, baina azken unera arte irabazteko itxaropenari eutsi zioten azpitxapeldunek. Atzean beti bezain seguru jokatu zuen Andonik, nahiz eta orkatila bihurrituta aritu behar partidaren erditik aurrera; Arrutik ere bizkor jardun zuen arratsalde osoan. Eskarmentu eta abilezia handiko bikotea osatzen dute biek, aurreko urtetan txapelak irabaziz erakutsi izan duten eran. Nolanahi ere, Loidirekin egin zuten topo, aparteko jokalariarekin alegia. Sorabillako frontoiak urtetan ezagutu duen pala jokalaririk onena izango da ziurrena, eta gaur egun ez dago garaituko duenik. Are gutxiago atzealdea ondo babesten dion Iñaki bezalako bikote batekin jokatzen badu.

Ana Carrere alkatearen, Gorka Herranz Irizar lantegiko ordezkariaren eta auzoko haurren eskutik jaso zituzten denek ere sariak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!