Irene Caminosen erakustaldi aparta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 11a, 02:00

“Kirola ere berdintasunean” izan da aurtengo lelo nagusia. Bike trialean, aldiz, parekorik ez du Caminos gazteak. 18 urterekin munduko trialeko emakume onenen artean dago Irene Caminos. Bizikleta menderatzeko duen trebezia erakutsi zuen beste behin, larunbat arratsaldean Goikoplazan. Tolosarra da, baina egunero dator Andoainera La Salle Berrozpe ikastetxeko ikaslea baita.

 “Kirol jarduera hau ezezaguna denez, horrelako erakustaldiekin egiten dakiguna erakusten saiatzen gara”, adierazi zion Aiurriri Goikoplazan egin zen erakustaldiaren aurretik. Eta horixe izan zen, erakustaldia: Mugimendu eta saltoen bidez aurrean jarritako oztopoak igaroz, harriak igo eta jaitsiz, inguruko eskailera eta elementuetatik pasaz…

Gorka Susperregirekin batera saio ederra eskaini zuen. Plazara gerturatutako andoaindarrak harrituta eta beldurtuta egon ziren zenbait unetan; herritarrak lurrean etzan eta gainetik salto egin zutenean, kasu.
Neska bakarrenetakoa da, baina oso maila onekoa: “Mutilen eta nesken arteko ezberdintasuna oso handia da kopuruari dagokionez. Gipuzkoa eta Euskadiko Txapelketetan, adibidez, neska bakarra naiz”. Egoera horren aurrean, federazioari mutilen aurka lehiatzeko eskatu zion eta, egun, mutilen aurka lehiatzen da. Ez da horregatik atzean geratzen eta irabazten duenetan aurkariaren ezinegona nabaritzen du: “Neska batek irabazteagatik gehiago sumintzen dira”. Jarrera horiek ondo eramaten saiatzen da eta, gutxienez, sari berberak izaten dituztela gaineratu du: “Lehen mutilek sari handiagoak izaten zituzten; orain, behintzat, parekatzen saiatzen dira”. 

Munduko Kopan laugarren
Hamabi urte zituela hasi zen Irene bike trial mundura gerturatzen: “Hondarribian Bartzelonako lagun baten ikuskizuna ikusi, gustatu, eta aitari bizikleta eskatu nion”. 2011n hartu zuen lehen aldiz bizikleta eta dagoeneko elite mailara iritsi da. Iaz Espainiako Txapelketa irabazi zuen eta munduko Kopan ari da aurten. Azken proba Polonian izan da eta laugarren sailkatu zen. Geratzen diren lau jardunaldietan lehen seiren artean sailkatuz gero, munduko finalean parte hartuko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!