Aurtengo berrikuntzen artean, “Street Art” muralaren margoketa nabarmendu beharra dago. Askoren artean jarduera bat izango da ekainaren 27an abiatu eta uztailaren 22ra arte luzatuko dena. “Lehenengo astean Gaztelekuan bertan edo inguruan egingo ditugu ekintzak”, azaldu du Unai Esnal hezitzaileak. Ekintza bereziekin hasiko dira, eta tailerrak izango dira nagusi: sukaldaritza tailerra, eskulanak, ur jolasak, street futbola…
Bigarren astean, ordea, Urnietatik atera eta inguruko herrietara joango dira. Hala, uztailaren 4tik aurrera irteera anitzak egingo dituzte; skate parkera, igerilekura eta zinemara, besteak beste. 2000 eta 2001. urtean jaiotakoek, gainera, paintball egiteko aukera ere izango dute. Asteari amaiera emateko, uztailaren 8an Santa Klara irlara joango dira guztiak, egun pasa.
Urtero bezala, Udabentura egingo dute hirugarren astean eta honakoak dira antolatutako ekintzak: surfa Zurriolan, ekitazioa Lasarten, piragua Urumean, Orienteering eta Slackline Buruntzan, eta, azkenik, eskalada eta hondartzara irteera Donostian.
Azkeneko astean, uztailaren 18tik 22ra, murala margotuko dute: “Graffitigile bat etorriko da murala margotzera eta, bide batez, gazteei azalpenak ematera”. Hala, murala margotzen ari den bitartean, gazteek ere grafiti tailerra izango dute beraien obra margotu ahal izateko.
Tailerrak hogei gazteentzat izango dira, bi taldetan banatuta; astelehen eta asteazkenean bata, eta astearte eta ostegunean bestea. Ostiralean, guztiek elkarrekin murala margotuko dute grafiti egilearen laguntzarekin. Gainera, aurrera begira tailerretan egindako obra horien erakusketa bat egitea ere aurreikusi dute.
Eskaintza asteka antolatuta dagoen arren, izen-ematea egunka egitea ahalbidetuko dute aurten: “Aste guztiko izen emateak ez dira eraginkorrak; beraz, parte hartzea erraztu nahi diegu egunka izena emanez”, adierazi dute.
IZENA EMATEKO EPEA,
DATORREN ASTELEHENEAN HASITA
Ordainketa izen ematearekin batera egingo da eta gazteek ekintza bakoitzeko baimena eraman beharko dute. kintza hauetan guztietan plazak mugatuta direnez, Urnietako nerabeek lehentasuna izango dute; beharrezkoa den kasuetan, ordea, zozketa egingo dute.