Sagardo onena, Andoaingoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 9a, 02:00

Balio handiko saria jaso berri du Gaztañaga sagardotegiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duena. Eta ez bakarrik sariak ospe handia duelako, aurtengo deialdira hogeita hemeretzi sagardotegik izena eman dutelako baizik. Aiurri astekaria harremanetan jarri da Axier Gaztañagarekin. 

Elkarrizketa:

Inoizko parte-hartzerik handiena izan da. Finalera Aburuza, Akarregi, Alorrenea, Altzueta eta Izeta sailkatu ziren ere. Sari nagusia, ordea, Gaztañagak lortu du.

Bolada onean daude gaztañagatarrak, azken hiru edizioetan birritan irabazi baitute Gipuzkoan antolatzen den sagardo lehiaketa garrantzitsuenetakoa, Foru Aldundiak antolatzen duena. Ospea bazuen lehendik, eta lehiaketa horretako sei finalistetakoa izatea geroz eta sagardogile gehiagoren helburuen artean dago. 

Apirilean epaimahaiak parte-hartzaileen sagardotegietako kupeletatik hartu zituen laginak eta horiek Fraisoroko laborategian aztertu zituzten. Sagardotegi bakoitzak aukeratzen zuen zein upeletatik hartu behar zen sagardoa. Epaimahaiaren erabakiz, lehen saria Andoainera etorri da. Buruntza auzunera, zehazki. 

Aurtengoak 2014koaren antza izan du, orduko hartan ere finalera iritsi baitziren Altzueta edota Aburuza sagardotegiak. Meritu handikoa da finalisten artean egotea, sagardogileen parte hartzea urtez urte handituz doala ikusita. 2014an 30 aurkeztu ziren lehiaketara, 2016an 39. Parte hartzea handitzeak zaildu egiten du aukeraketa, eta horrek berak sariketa garrantzitsuago bihurtzen du.

Poz ikaragarria jasoko zenuen larunbatean, ezta? Zer sentitu zenuen txapela janztean?
Axier Gaztañaga. Bagenekien puntuazio ona eman zuela Fraisoron baina lehen saria eskuratzea ez duzu inoiz espero. 

Urduri jarri al zineten?
A.G. Ni bereziki, bai. Hirugarren eta bigarren sariak eman zituztenean txapela eskuratzea zaila zela pentsatzen ari nintzen. Ez ziren une onak izan, eta gero aldiz, guztiz kontrako sentsazioak. Gure izena esan zutenean, hasiera batean ez nuen sinesten. 

Horrelako saria jasotzeak zer esan nahi du zuretzat?
A.G. Lanean eta ikasten jarraitu behar dugula, horixe da nik buruan dudana. Hau ez da hemen amaitzen, jarraitu beharra dago. Nahiz eta produktu berdina ibili, urte bakoitza oso ezberdina da. Analisiak ez dira beti berdinak eta horrexegatik urtez urte sagardoa lantzen jarraitu behar dugu. Ikasiz eta ikasiz, horrela lan egin beharra dago. 

Erronka berriei ekitea ekar al dezake saria eskuratzeak?
A.G. Larunbatean saria jaso eta dagoeneko igandean jendea deika genuen, irabazlearen sagardoa eskatuz. 2014an irabazi genuenean ere, salmentetan hazkundea nabaritu genuen.
Ekoizpenari dagokionez, ia 200.000 litro ekoiztu ditugu aurten, eta ea piskanaka goruntz goazen. 

Urte ona daramazue, Santa Krutz jaietakoan ere irabazle izan zinetelako.
A.G. Halaxe da, bai. Baina langintza honetan segi egin beharra dago.

Zorionak Axier.
A.G. Eskerrik asko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!