Ondotxo dakite urnietarrek erraustegiaren gaia ez dela gaurkoa. Hamarkada bat atzera eginez, Urnietan egitasmo honen inguruan sekulako ekaitza sortu zen. Hainbesterako izan zen, erraustegiaren aurka egindako lana izan zela UDA plataformak alkatetza eskuratzeko arrazoietakoa. Orduko hartan eztabaida politikoan zebiltzan gaur egun ere udaletxean garrantzia handia duten Maribel Vaquerok edota Mikel Izagirrek. Erraustegiaren egitasmoak, oraindik orain, eztabaida sakonak pizten ditu eta oraindik ere pil-pilean daude erraustegiaren aurkako mugimenduak. Hots, guraso talde batek sortutako Gurasos ekimena edota Donostian kanpaleku iraunkorra martxan jarri duen Gipuzkoa Zutik mugimendua.
Giro horretan aurreko asteartean EH Bilduk “Zubietako errauste plantari buruzko mozioa” aurkeztu zuen. Luze eta zabal aritu ziren eztabaidan. Bideoan ikusgai dago Urnieta.eus webgunean, eztabaida hori eta baita pleno osoa ere. Eztabaidan bakoitzak bere argudioak defendatu zituen, aspaldian gai honek sortzen zuen tentsioa eta ezin ikusia alde batera utzita. Eztabaida luzea izan zen, baina liskarrik gabekoa. Bozeramaile bakoitzak birritan hitz egiteko aukera izan zuen, eta kasu honetan alderdien bozeramaile izan ziren EH Bilduko Mikel Izagirre, PSE-EEko Consuelo Frutos eta EAJ-PNVko Mikel Pagola.
EH Bilduk erraustegia zalantzan jartzen du, hasteko eta behin bere dimentsioagatik: “Kontuan izanik zati birziklaezina, errefusa alegia, %10era ez dela heltzen, Gipuzkoan 2014an guztira 300.000 tona hondakin sortu baldin badira, erraustegira joan daitezkeenak 30.000 baino gutxiago izango dira 2020an. Hondakin horientzako eraiki behar al da 200.000 tona erre dezakeen planta?”. Arrazoi nagusia, ordea, ekologia eta osasun mailakoa da: “Dominique Belpomme minbizian aditu den kantzerologo frantses ezagunak errauste plantaren aldeko apustua egitea minbiziarekin bizitzeko arriskua onartzea dela dio. Guk ez dugu halakorik nahi, ez guretzat ezta gure seme-alabentzat ere; ez hemen, ez inon. Horregatik eskatzen diogu Aldundiari eta gai honetan zeresan handia duten mankomunitateei eta Gipuzkoako Hondakinen Partxuergoari bazter dezatela Zubietako errauste plantaren proiektua eta aintzat har dezatela urnietarron iritzia”.
PSE-EEk mozioaren aurkako botoa iragarri zuen argudio ugari eskainiz. Atzera egin zuen azalpenak ematen hasi zenean, 2002-2016 plangintza onartu zen garaira. Izan ere, 2002an hondakinen kudeaketari buruzko foru araua onartu zen, eta horren baitan PIGRUG bezala ezagutzen den plan orokorra. Hura bertan behera uzteko moduak salatu zituen: “2011ko hauteskundeetan gutxiengoan zegoen Aldundiak (Bildu) aldebakartasunez eta era antidemokratikoan foru araua bertan behera utzi zuen, oinarrizko kontsentsu zabala zuena. Horren eraginez, zaborra zabortegi publiko eta pribatuetan uzten ari gara”. Alemaniako Berdeen ordezkariak 2010ean ingurugiroari buruzko kongresuan adierazi zuena gogora ekarri zuen, zeinean azpimarratzen zuten “erraustea urte luzez garatutako sistema dela, ingurugiroan duen eragin eskasa nabarmenduz”. Sozialisten argudioen defentsaren amaieran, erakunde guztien erantzukizuna gogoan hartu eta Aldundiak bere garaian ezarritako plan integrala betetzeko deia luzatu zuen.
EAJ-PNVk ere mozioaren aurkako botoa iragarri zuen, mozioa proposamena bertan behera utziz: “Urte asko daramagu, gehiegi, lurralde honetan zaborren inguruan hitz egiten. Aukera ematen digu horrek, bakoitzak bere aldetik argudiotegi zabala lantzeko. Gauza batzuk aipatuko ditut. Izan dira, dira eta izango dira alderdien arteko iritzi kontrajarriak”.
Europan 1990-2015 urteetan teknikoki eta teknologikoki errauskailuek izan duten garapena hizpide izan zuen Pagolak, “zerura bidaltzen den dioxina kopurua milesima batera murriztu dutela” adieraziz. Konparaziora, askoz dioxina gehiago sortzen duen zerrenda aipagai izan zuen: “Trafikotik hasita etxeetako kalefakzioraino, egiten diren kremazioak, zentral elektrikoak,... horiek guztiek ikaragarrizko aldearekin dioxina askoz ere gehiago botatzen dute zerura. Alemanian egindako ikerketa da”.
Zabortegiei irtenbidea emateko erraustegiaren beharra iradoki zuen, azkenik: “San Markos itxi zenetik, hiru zabortegiak bukatu dira. Gipuzkoako zabortegien arazoari irtenbidea emateko dagoeneko berandu gabiltza”.
Urnietako Udalak pleno osoa webgunean ikusgai ipini du, Youtubera igotako bideoaren bitartez. Eztabaidagai ugari izan ziren baina zeresan handiena eman zuenetakoa erraustegiarena izan zen. Plenoak ordubete egin zuenean, erraustegiari buruz eztabaidatzen hasi ziren. 1:05:00 minututik aurrera, eta ordu erdiz Pagola, Izagirre eta Frutosen arteko eztabaida ikus daiteke.