Andoaingo elkarte zaharrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 7a, 02:00

75 urte bete ditu Ontza elkarteak. Kaletxiki auzoko eta Andoaingo bizitzan sustrai sendoak garatu izan ditu 1941ean jaio zenetik. 

Elkartea 1941ean jarri zuten abian zenbait andoaindarrek. Josebaren aita, Antonio, izan zen horietako bat; ipurterrea izan gizona, bada ekimenaren erdi-erdian ibili zen orduan, Josebak gogoratzen duenez. “XX. mendeko 20. hamarkadan, Arabaolaza Uria familia Sorabillan jarri zen bizitzen, Borda baserrian. 1935ean, nire aitonak (Isidoro) eta aitak (Antonio) Kaletxikin lur saila erosi eta etxea egin zuten bertan, Ogiola-berri izena jarriaz. Bertan okindegia jarri zuen gure  aitak, baina 1937an Josefa arrebari negozioa utzi eta Bizkaia aldera joan zen bestelako lan eginkizunetara. Asteburuetan etorri ohi zen, eta oso gogoko zuen inguruko lagunekin geratzea, etxeko behealdean. Mokadu bat janez, hantxe igarotzen zituzten orduak kontu kontari”.

36ko gerra krudela igarota, adiskidetasunari eutsi nahi izan zion kuadrilak, nahiz eta ideologia ezberdinetakoak izan eta estatu frankistak irabazleen eta galtzaileen giza taldean sailkatu. Ez zuten gerra aurreko ohitura galdu nahi, eta Ogiola-Berriko etxepean biltzen jarraitu zuten. Laster, baina, askatasun publikoak zeharo galarazita zeuden gizarte hartan bilera susmagarritzat jo ziren haienak. Eta zera erabaki zuten, “legezko sozietatea sortzea, inoren salaketa heldu baino lehen. Horretarako, erregimeneko zenbait kideren adiskide zen Juan Mujikaren esku utzi zuten beharrezko gestioak egitea. Honek erantzun baldintzatua jaso zuen: elkarteak ezingo zuen gastronomikoa izan, izatekotan ere, ehiza, arrantza edo kirolarekin zerikusia zuena beharko zuen izan”. 

Baldintza horiekin taldeak ez zuen arazorik eduki, ehiztaria ez zena arrantzalea edo kirolzalea baitzen. Eta batez ere, ekintzaileak ziren denak, frankismoak kulturalki, moralki eta politikoki zapaldua zeukan gizarte goibela biziberritzeko gogo bizia zeukatenak”.

Poliki-poliki, Andoainen ezaugarri horretako lehenengo elkarte baten egitura eta dinamika osatzen joan ziren, Kaletxiki inguruko gero eta gizaseme gehiago erakarriz bazkide izateko. Ontza elkartea, adiskideen bilgune izateaz gain, kulturarekin, kirolarekin eta aisialdiarekin zerikusia zuten ekitaldien antolatzaile bilakatu zen. Bazkide eratzaileek ekintzailetasunarako tradizioa ezarri zioten elkarteari, hamarkadetan barrena gaurdaino iraun duena.

 

Kaletxikitarren karroza famatuak

Kaletxikiri eta Andoaini kale bizitasuna ekarri zieten zenbait ekimenen lekuko zuzena izan zen Joseba, 40ko hamarkadan. Aitak prestatu zuen karroza distiratsu hura dauka gogoan batez ere, orduan zortzi urte zituen Josebak. Umorez azaltzen du gogorapen berezi haren zergatia: “Sanpedrotan, karroza bat apain-apain jarri eta Andoaingo kaleetan atera zuten pasiatzera, alaitasuna zabaltzeko. Tabernetako mostradorea eta ardo barrika jarri zioten, eta auzoko baten bat, tabernariarena eginez, bidean topatzen zuen edonori ardoa eskaintzen ibili zen. Ni haren ondoan nindoan, eta tragoxkaren bat edo beste edatea ere egokitu zitzaidan. A ze biharamuna! Burukominez, botaka ibili nintzen, baina geroxeago, nola edo hala, parte hartu ahal izan nuen dantzari txikien saioan”.

Hurrengo urtetan kaletxikitarrek errepikatu egin zuten karrozaren ekimena. Gerra ostean Donostian ospatu zen lehenbiziko euskal jaietako txapelketan, 1950ean, bigarren postua lortu zuen. Antonio Arabaolazaren tramankulu mekanikoak eratzeko trebezia eta Sekundino Etxeberriaren artista sena batu ziren txanda hartan. Ontza elkartea ordezkatu zuen sokatirako taldeak ere lan bikaina egin zuen egun hartan. Aspaldiko urtetan, elkartearen barruko hormetan zintzilikatuta daude egun gogoangarri horren eta beste zenbaiten lekukotza ematen duten argazkiak.
 

Meza goiztiarrentzat

Joxe Manuel Erkizia Bazkardon kokatzen zen Gureolako zentralean jaio zen 1924an, Kaletxikirako joera betidanik eduki zuen familia baten baitan. Gaztetan pilotari fina izaki, Ontza ordezkatu zuen afizionatu mailan Gipuzkoan ziren hainbat txapelketatan. Patxi, bere aita, lehenbizikotako bazkidea izan zen Ontzan; atzetik sartu zen bera. Elkarteko lehendakari izatea ere egokitu zitzaion 60ko hamarkadan. “Ehizak eta arrantzak egundoko indarra zeukaten elkartean orduan; ehundik gora federatu izango zituen bakoitzak”. 

Garai hartako gizartea deskribatzen digun pasadizoa etorri zaio burura berehala, Josebari: “Goiztiarra behar zuen izan arrantzaleak eta ehiztariak, zerbait harrapatu nahi bazuen. Baina non zegoen komeria? Igandeetan goiz abiatuz gero Leitzaranera edo inguruko mendietara, ezin zitekeela elizakoa egin. Eta jakina, gizarte hartan ez zegoen mezarik galtzerik, gainerakoan bekatua konfesatzera agudo! Orduan zer egin nuen? Erretoreari gutuna bidali, goizeko 04:00etan meza jartzeko eskatuz. Hark, ezetz. Hura bai arazo larria! Baina a zer kasualitatea: handik gutxira, Ollokira arrantzara mezarik entzun gabe joana nintzela, eta han zein topatuko, eta bikarioa, gotzainaren idazkaria. Nonbait, Pako Arabaolazak eta bere kuadrillak bazkaria antolatu zuten Inturiagan, eta haiengana zihoan, bere Mercedes markako autoa hartuta. Hola eta hola, aipatu nion zein zen Andoaingo arrantzaleen kezka, eta nola genuen aditzea Tolosan egiten zela meza goizean goiz. Erretoreari eskaria berriro egiteko, erantzun zidan. Hurrengo egunean, erretorearen deia jaso nuen: baietz, jarriko zuela meza 04:00etan”.

Frankismoak gizartean ezarrita zeukan zapalketa eta kontrolaren berri ematen digun bigarren pasadizo kontatu nahi izan du Joxe Manuelek: “Derrigorrez jarrita egon behar izaten zuen Francoren erretratuak elkartean, eta bi txandatan lapurtu zuten oso denbora laburrean. Anaia egokitu orduan elkarteko lehendakari! Guardia zibila gainean zeukan, eta han ibili zen estu eta larri, diputaziora bidaiak eginez. Zorionez, handik urte gutxira hil zen Franco; libertatea ezagutzen hasi ginen eta baita ikurriña jartzeko aukera ere”.   

{{IMG-35255}}
Elkartearen memoria historikoa ondo gordeta daukaten Joseba Arabaolazak eta Joxe Manuel Erkiziak azaldu dute zer daukan apartekotik elkarte horrek. 



Festa, antolaketa merkea

Gaurko gizarte modernoarekin zerikusirik ez zuten garaiak ezagutu zituzten Josebak eta Joxe Manuelek. Aisialdi aukera oso mugatua, eta festa handirik antolatzeko sosarik ere apenas. Hori bai, patrikerak hutsak direnean, irudimena gainezka jartzen omen da, eta hala.  

Ontza elkartea Kaletxikiko eta inguruko gizonezkoen bilgune izaten zen astegunetan, eta giro hartan, ekimen eta jai ugari irten ziren, Joxe Manuelek dioenez. “Egunero ibiltzen ginen bertan. Hamar xentimo jarri bakoitzak eta hori nahikoa izaten zen arratsalde oso bateko jan-edan kontuetarako. Saltsa sortzen zen eta, diskusioak, apustuak eta antzeko jokoak noiznahi pizten ziren. Egin kontu, Bazkardo eta Berrozpe bitarteko errepide horretan ia astero apusturen bat izaten zen, korrika, astoaren gainean… Jendea ez zen exijentea oraingo moduan, eta prest egoten zen ondo pasatzeko gauza askorik gabe”. 

Neurrigabeko irudimenaren adibidetzat, Patxi Irizar Garro korrikalari ospetsuarekin Sanpedrotan antolatu izan ziren apustuak aipatzen dituzte biek ere. Josebak hartu du hitza: “Festa jarri behar izaten zen nola edo hala, eta behin bost lagun gorputz sendokoak (Pako eta Xanti Mendikute, Felipe Arratibel, Inazio Barrenetxea eta Eduardo Xapata) Irizarren kontra jarri zituzten; Berrozpe etxeari nork eman hogei buelta lehenago. Hurrengo urtean, berriz, aldatu egin zuten apustua: Pako Mendikute hogei gaileta jaten eta Irizar hogei buelta ematen Berrozperi. Irizar ateratzen zen beti irabazle”.


Lau belaunaldiak bazkide

Josebaren eta Joxe Manuelen familiako lau belaunaldi iritsi dira bazkide izatera, Ontza elkarteak dituen 75 urtetan. Harrotasunez eta pozez aipatzen dute datu hori, beren bigarren etxetzat hartua izan delako beti Ontzaren egoitza. Joxe Manuelen familiaren kasuan, gainera, hiru belaunaldi dira gaur egun bazkide.

Biziki ederrak iruditu zitzaizkien maiatzaren 22an elkartearen urteurren handia ospatzeko egin ziren ekitaldiak. Adinak ematen dien eskarmentuaz baliatuz, garbi adierazi dute: Ontza elkarteak Andoaingo herriari izugarri eman dio. Gainera, garaian garaiko egoeratara egokitzen jakin izan du. “Azken hamarkadetan bizitasun handiko ekimen ugaritan busti da elkartea, bultzatzaile edo kolaboratzaile gisa: San Pedroko Jaiak, Kaldereroak, danborrada, afizionatu nahiz profesional mailako ziklismoa, ehiza eta arrantzako kanpaina eta txapelketak, herri kirolak…”. 

Kontuan hartuta gaurko gizarteak aisialdirako eskaintza ezin zabalagoa eskaintzen duela, ez zaie meritu makala iruditzen Ontza elkarteak bere jatorrizko nortasunari eutsi izana; alegia, lagunak biltzeko leku gastronomiko atsegina izateaz gainera, kulturarako, herri tradizioetarako eta kiroletarako grina bizirik mantendu izana. “Indarrez eta gogoz ikusten ditugu gaur egungo gazte bazkideak, eta horren lekuko da urteurrenaren aitzakian antolatu duten programa oparoa”.
 



{{IMG-35256}} 

Bazkide fundatzaileak

  

Ontza elkartearen sortzaileak bilduta, 25 urteurreneko ospakizunean, 1966an. 

 

Zutik: 

  • Fortunato Irulegi
  • Juan Mujika
  • Ramon Jauregi
  • Pako Mendikute
  • Antonio Arabaolaza

 

Eserita: 

  • Jose Joakin Unanue 
  • Jose Mari Garagorri
  • Inazio Barrenetxea
  • Xanti Mendikute

 

Elkartea 30 bazkiderekin jarri zen abian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!