Harrera ezin hobea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 6a, 02:00

Salesiar ikastetxeko ziklo ezberdinetako ikasleek sukaldaritzari buruzko  “Jan eta izan” liburu pedagogikoa idatzi, diseinatu eta ekoiztu dute. Harrera ezin hobea izan du liburuak, ospe handiko sukaldariek oniritzia eman baitiote. 

Liburua argigarria da sukaldaritzarekin eta urteko zikloen martxarekin interesa izan dezakeenarentzat. Azalpen argigarria eman zuten aurkezpen ekitaldian: “Jatea eta elikatzea ez direla gauza bera aztertuta, eta gizartean jatearen eta ez elikatzearen aldeko joera hartzen ari garela kontziente, garaian garaiko produktuen gida bat ekoitzi dugu: Jan eta Izan. Hilabete bakoitzean zer erein, zer landatu eta zer jasotzen den baratzean azaltzen da, jasotzen den produktu baten analisia egin da eta produktu horrekin errezeta bat aurkezten da”.

Liburuaren zabalpena Hernanin eta Urnietan
Hernanin ostegun honetako azokan egongo direla aurreratu dute. Bertan direnei liburua eskura banatuko diete, azalpenak ematearekin batera. 
Urnietako denda eta zerbitzu publikoetan berdina egiteko asmoa dute. Datozen bi asteetan ikasleak arituko dira liburua eskainiz, eta informazioa zabalduz. Liburuaren 500 kopia egin dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!