Ipar martxa ikastaroa Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 6a, 02:00

Ipar martxako edo Nordik Walking-eko oinarrizko ikastaroa antolatu da astelehenerako. Modan jarri de kirol hori euskara uztartzeko asmoz antolatu dute ikastaroa Andoaingo Udalak, Mintzalagun ekimenak eta Euskalduna mendigoizale taldeak. 

Rosa Ormazabal eta Junkal Perez lasartearrak izango dira irakasleak eta kirol horrek eragiten dituen onura pertsonalak nabarmendu nahi izan dute. 

Zer da ipar martxa?
Rosa Ormazabal: Kirol praktika berria da. Finlandiatik dator, ipar eskian aritzen zirenek  urte osoan entrenatzen segitzeko asmatu zuten. Mugitzeko era berria da, gorputz osoari eragiten diona; kirol tradizional gehienek (korrika, bizikleta…) baino gorputz atal gehiago lantzen ditu. Hankei ez ezik, besoei eta orokorrean soinaren goi alde osoari eragiten dion kirola da. 
Medikuak gero eta gehiago ari dira aholkatzen. Bakoitzaren egoera fisikora erabat moldagarria da gainera. Egokia osteoporosia, gaixotasun kronikoak zein bizkarreko arazoak, disko-herniak eta abarrak jasaten dituzten helduentzat. Ezagutu izan ditugu Parkinsona jasaten duten pertsonak, aise moldatu direnak kirol honetara.  Azken batean, guztiz onuragarri eta egokia da sasoia eta itxura hobetzeko kirola egin nahi duen edonorentzat.

Nori dago zuzenduta ikastaroa?
Junkal Perez: Edonor etor daiteke. Sekulan kirolean aritu ez denak ere praktika dezake inongo beldurrik gabe. Hiru ordu nahikoak izan litezke gutxieneko teknika hartzeko. Jakina, gero hobetzea eskatzen du kirol honek. Material aldetik, bi makil baino ez dira behar.

Zer lortu nahi da?
R.O.: Ipar martxaren teknika hartzearekin batera, etorkizunari begira talde dinamika sortzea eta hori euskaraz izatea. Izan ere, ikastaroko parte hartzaileei jarraitzea proposatuko zaie, eurek nahi duten egun eta ordutegian. Horretan oso malguak izateko konpromisua hartzen dugu.
Lasarten aspalditik dabil taldea…
J.P.: Oso dinamika polita sortu da Lasarten, Ttakun euskara elkarteak zenbait ikastaro burutu ostean. Ehun bat lagun izango gara tarteka elkartzen garenak, Zubieta aldera joateko. Batez ere teknika hobetzeko elkartzen gara. Ordu beteko saioak izaten dira: lehen ordua erdian luzaketak eta teknika garatzen dira, eta ibiltzera joaten gara beste ordu erdian.

Zer diozue zenbaitek azal ditzaketen lotsa edo errezeloen gainean?
R.O.: Ulertzekoak dira hasierako lotsak. Baina akabo lotsak kirol hori probatu eta norberari dakarkio mesedeak osasunean sentitu ostean. Bestalde, ohartzen gara euskaldunak bereziak garela mendi kontuetan. Maiz entzun izan dugu “zuk esango didazu niri bastoiak erabiltzen?” edo eta “nik ez ditu behar bastoiak mendian ibiltzeko!”. Ez dira ohartzen kirol honek ez daukala zerikusirik mendian ohiko bastoiak erabiltzearekin. Ipar martxa probatzeko aholkatu nieke; berehala kenduko zaie mentalitate hori burutik. Adibidez, lehengo egunean, Donostiako mendi taldeko beterano batek aitortzen zigun asmatu zuten jende helduarengan ilusioa piztu duela. Donostiako paisaia fisikoan normaltzen ari den kirola da. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!