Villabonako EAJ-PNVren prentsa oharra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 4a, 02:00

Iban Agirreren erabakia "begirunez" hartu eta egindako lana eskertu ondoren, zera gaineratu dute: "laster ezagutaraziko dugu nor izango den Iban Agirreren ordezkaria Alkatetzan. Pertsona horrek Villabonarekiko konpromiso sendoa edukiko du, baita zerbitzu publikorako bokazioa eta lidergo-ahalmena ere".

Villabona-Zizurkilgo EAJ-PNVren prentsa oharra bere osotasunean:

"Villabonako alkateak dimititu duela eta, Villabona-Zizurkilgo Eusko Alderdi Jeltzalearen uri-erakundeak Iban Agirreren erabakia begirunez hartu duela adierazi nahi du. Aldi berean, Udala zuzendu duen denboran egindako lana eta herriari eskainitako ardura eskertu nahi dizkiegu.

Orain dela urte luze bat, EAJ-PNV hauteskundeetan aurkeztu zenenean, honako konpromiso sendo hau azaldu zuen: Villabonaren alde lan egitea. Eta billabonatarrek konfidantza gugan jarri zuten. Herritarrengandik gertu eta gobernu onean oinarritutako egitaraua aurkeztu genuen, baita elkarrekin krisialdiari aurre egiteko eta herritarren ongizatea bermatzeko planifikazio zorrotza ere. Elkarrizketa eta adostasuneko kultura politikoa eskaintzen genuen. Konpromiso horrek bere horretan dirau.

EAJk beren onena emateko prest zeuden gizon-emakume talde bat aurkeztu zuen, proiektu hori egi bihurtzeko; eta talde horrek berak jarraituko du Udala zuzentzen. Emandako hitzari eutsiz, beraz, gure herriarekiko konpromisoa azaldu nahi dugu berriro ere; eta guztion artean Villabona hobetzeko lanean jarraituko dugula bermatu nahi dugu.

Helburu tinko horrekin, laster ezagutaraziko dugu nor izango den Iban Agirreren ordezkaria Alkatetzan. Pertsona horrek Villabonarekiko konpromiso sendoa edukiko du, baita zerbitzu publikorako bokazioa eta lidergo-ahalmena ere".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!