“Artistikoki betetzen nauten proiektutan sartzen saiatzen naiz”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 3a, 02:00

Beñat Barandiaran zizurkildarrak ez du ulertzen bizitza musikarik gabe. Musika irakaslea da, eta baita gitarra-jotzaile eta sortzaile ere. Etengabe ikaste prozesuan murgilduta dabil.

Noiz eta nola murgildu zinen musika munduan?
Bederatzi urte nituenean hasi nintzen musika ikasten, Iñaki Zalakain irakaslearekin, Villabonako musika eskolan. Pare bat urte egin ondoren, utzi, eta nire kasara ikasten jarraitu nuen. Selektibitatea egin ondoren, nire ikasketak musika mundura bideratzea erabaki nuen. Hemeretzi urterekin hasi nintzen Lazkaoko Musika eskolan klaseak ematen. Garai hartan ez zuten oraindik titulaziorik eskatzen gitarra elektrikoko irakasle izateko, eta bide horri ekin nion. Gerora, beharrezko titulazioa lortu, eta hantxe jarraitzen dut.

Musika irakasle izateaz gain, talde ezberdinetan aritu izan zara musikari gisa. Kontaiguzu.
19 urterekin egin nituen lehen disko grabaketak. Iker Goenaga herrikidearekin, eta Debekatuak taldearekin disko bana grabatu nituen. Proiektu ezberdinetan sartuta nabil egun ere. Drindots erromeria taldean, adibidez, bost urte daramat. Berbena talde baten bizitza oso gogorra da, baina baita aberasgarria ere. Gauzak ondo eginez gero, asko ikasten da. Bestalde, Tenpora taldean ere banabil. Jazz-pop musika lantzen duen taldea da eta bigarren diska prestatzen ari gara, gustura.
Irakaskuntza eta musika jotzea bateratu izan ditut beti. Asko ikasi dut musika jotzen; esperientzia aberasgarria da. Irakaskuntza, berriz, nire ogibidea da. Lazkaoko Musika eskola asko hazi da eta ordu asko eskaintzen dizkiot, gustura han ere.
Artistikoki betetzen nauten proiektutan sartzen saiatzen naiz. Esaterako, Arkaitz Cano idazlearekin elkarlanean sortutako olerki errezitaldia, edota neronek sortutako musika piezen grabaketa lana.

Arlo ezberdin asko ukitzen duzu. Zer eskaintzen dizu horrek?
Hala egin ezean, ezinezkoa da musikatik bizitzea. Jotzetik bakarrik bizi denak, ekimen askotan murgilduta ibili beharra dauka. Izan ere, musikarion lana ez dago lanbide gisa onartuta, ez gizartean, ezta juridikoki ere. Musikari eskaintzen zaizkion lanorduak ez dira behar bezala ordaintzen eta oso zaila da honetatik bizitzea. Nolanahi ere, musika jotzetik soilik bizitzeko aukera izango banu ere, orain bertan ez nuke irakaskuntza utziko. Izan ere, asko ikasi baitut ikasleengandik. Oso aberatsa da haiekin dudan harremana.
Musika ez dut inoiz estiloka ulertu izan, dena gustatzen zait. Musika bizitzeko modu bat da. Lanbide gisa baloratua ez dagoen heinean, bizi filosofia gisa har dezakezu, eta bide horretan ez zait gustatzen ezeri ezezkoa esatea. Nire sorkuntzari ateak ixten arituko nintzateke estilo jakin bati ezezkoa emango banio. Musikaz zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago konturatzen naiz asko daukadala ikasteko. Horregatik, esperientzia berrietara irekita egotea gustatzen zait. Motxila handitzen joaten da modu horretan. Buruan beti darabilzkit milaka ekimen.

Musika jotzeko garaian, ez diozu mugarik jartzen zure buruari. Eta entzuteko?
Gaur egun horrenbesteko aukera dago… Ozeano bat da, eta ozeano horretan lasai egin beharra dago igeri, bestela ito egiten zara. Normalean ez diet kasu handiegirik egiten jendeak bidaltzen dizkidan musika proposamenei. Nahiago izaten dut neronek deskubritzen dudan musika jarraitzea. Musikaren atzean zer dagoen ikustea gustatzen zait; musikariak egin duen bidea etab.

Musikaren inguruko dokumentala zuzendu berri duzu. Zer nolako esperientzia izan da?
Musikaren alderdi estetikoak erakarri izan nau beti. Musika entzun edo sortzerakoan, irudiak etortzen zaizkit beti burura. Horregatik, ikaragarri erakartzen nau musikaren eta zinearen arteko harremanak. Lazkaoko Musika eskolan kultur astea antolatzen dugu urtero, eta ekitaldi ezberdinak prestatzen ditugu han eskaintzeko. Aurten, musikarion artean askotan hitz egiten ditugun gaiak jorratzeko dokumentala egitea erabaki nuen. Musikak gaur egun duen egoera, musika nola entzuten dugun, musikaren industria…, alderdi kritikoa eta didaktikoa landu nahi izan ditut. Musikaren gizarte balioa ere nabarmendu dut, irakaskuntzaz eta ikasketa prozesuaz hitz eginez.

Zizurkilen ere eskaini zenuen…
Galdera asko egiten duen pelikula da, pentsarazi egiten duena. Musikariak telebistan ikusten ditugunean, euren produktua saltzen ikusten ditugu, irribarretsu, baina inork ez du azaltzen horren atzean dagoen lana, zailtasunak… Hori guztia bildu nahi izan dut. Barne-prozesua behar duen dokumentala da. Jendeak ondo hartu zuen filma, eta bati baino gehiagori emango zion zer pentsatua.

Zinegilea izan gabe egin duzu dokumentala, autodidakta moduan lan eginez. Kontaiguzu…
Beti izan naiz autodidakta. Musikan, esaterako, irakasle gutxi izan dut. Neroni irakasle banaiz ere, ez dut sinesten irakasleak musikaria sor dezakeenik. Irakasleak gidari lana egin dezake, baina norberak egin behar du lana. Bokazioa duenak, landu egin behar du. Gaztetan, musikan aritzeko erabakia hartu nuenean, zazpi ordu eskaintzen nizkion etxean ikasteari, egunero-egunero. Nire buruarekin borroka egin behar nuen eta ingurukoei erakutsi behar nien musikari izan nahi nuela, eta horretarako lan egingo nuela. Etxean, zorionez, beti babestu izan naute nire erabaki hartan. Bizitzak erakusten dizu musikatik bizitzeko apustua gogorra dela, baina denbora aurrera doan heinean, beldurrak uxatzen joaten dira.

Gauza berriak egitea gustuko duzu…
Asko gozatzen dut gauza berriak egiten, nahiz eta buruhausteak ere izaten ditudan, noski. Dokumentala egiten, esaterako, pelikula bat nola montatzen den ikasi dut. Marrazkigintza digitalean hasi naiz orain. Marrazkilari txarra naiz, baina modu digitalean aritzeak behin eta berriz zuzentzeko aukera ematen dizu. Irudimena lantzeko aukera ematen dit marrazkigintza digitalak.

Musika irakasle gisa, nola ikusten dituzu ikasle gazteak?
Kezkatu egiten nau oraingo gazteek musika entzuteko duten moduak. Kontsumo azkarra egiten dute. Sorkuntzari dagokionez, argi dago espresatzeko beharra badutela. Musikari izateko bidea, ordea, gogorra da eta ez dut esfortzurako gogorik ikusten. Horrek ere badu gauz on bat; musika modu ludikoan bizi dutela, eta ez karga bezala.
Gure garaian askoz ere idealistagoak ginela iruditzen zait. Gaur egun, momentuko erantzuna bilatzen dute. Musika ez dute bizitzeko modu bat bezala sentitzen. Horrek ez du esan nahi egiten dutena ez dutenik sentitzen, baina bat-batekotasunaren bila dabiltza. Gizartea aldatzen joan da, eta horren eraginez, baita gazteak ere. Oso gutxi entzuten dugu gazteek esateko dutena. Inoiz baino ideia gehiago dute, baina ez dute komunitatearen enpatiarik sentitzen.
Interneten garaian bizi gara. Musika entzuteko biderik errazena sarea dela esaten dugu, baina musika zuzenean entzuteak duen indarra ez du beste ezerk. Kalean, tabernan, antzokian…, zuzeneko espresio artistikoak beste inpakto bat eragiten du, eta hori ez du internetek eskaintzen. Gezur batean bizi gara.

Zuzeneko musikaren indarra aipatu berri duzu. Zer nolako egoeran dago?
Ikaragarrizko indarra badu ere, jendea ez da kontzertuetara joaten. Batetik, horretarako aukerak geroz eta urriagoak direlako eta, bestetik, jendeak galdu egin duelako ohitura hori. Kultur teknikariek, programatzaileek…, ez dute zuzeneko saiorik antolatzen jende gutxi joaten delako, baina ez dira konturatzen kultura mantentzeko modua dela. Azkenean, musika saioak kalera edo tabernetara ateratzen ditugu, jendearengana hurbiltzeko. Horrek distortsionatu egiten du sorkuntza. Zuzenekoaren borroka horretan murgilduta gaude.

Etorkizunari begira…
Gaur egun, nire abesti instrumentaletan murgilduta nabil. Tenpora taldearekin ere oso gustura gaude. Ez da masak mugitzen dituen musika mota, baina talde esentzia mantendu eta gustura gabiltzan bitartean, jarraitu egingo dugu. Orain oso momentu goxoa bizitzen ari naiz musikarekiko dudan harremanarekin. Garai ilunak bizi izan ditut, dena uzteko gogoa ere sentitu izan dut zenbait unetan. Orain, ordea, une goxoan nago, eta horri eutsi nahi nioke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!