Baliabideak, euskaraz eroso bizitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 6a, 02:00

Egunerokotasunean euskaraz bizi nahi duenari estrategia pertsonalak lantzen laguntzen dio TELP izeneko tailerrak.

Hizkuntza minorizatuan bizi garen hiztunoi, zera gertatzen zaigu maiz: egoera askotan amore ematen dugula hizkuntza erabiltzeko garaian. Tailerrak, parte hartzaileak barrura begira jartzea du helburu. Honako galdera luzatzen baitio: zure hizkuntzari uko egiten diozun guztietan, justifikatuta al dago? Galdera horretatik abiatuta gogoeta eginez gero ohartzen gara ezetz, imitazioz jokatzen dugula maiz, ikasitako portaerei erantzuten diegula. Tailerrak erakutsi nahi du euskararen normalizazioan geure baitatik hasten dela, hein batean, normalizazio hori”, azaldu du Inaxio Usarraldek. Euskal Herrian zabaltzen ari diren tailerrak gidatzen dituen hizkuntz teknikarietako bat da Usarralde, EMUN Lana Euskalduntzeko Kooperatibako kidea. Andoaingo Aita Larramendi ikastolako gurasoei zuzendu die tailerra orain aurretik.
TELP (Taller d´Espai Lingüistic Personal) Valentziako fakultateko bi irakaslek sortu zuten metodologia da, ondorenean Euskal Herriko egoera soziolinguistikora egokitu dena. Euskal hiztunak euskaraz bizi nahi du makina bat egoeratan, baina aurreiritziengatik, lotsagatik edo bestelako arrazoiengatik, erderara jotzen du; bada, aldaketa hori gauzatu ez dezan eta eroso senti dadin bere hizkuntzan, baliabideak, estrategiak… eskaintzen dizkio tailerrak.
Asertibitatean du oinarria tailerrak; giza jokaera eredu bat adierazten du, gizakien arteko hartu eman eta komunikazioaren arloan. Kontzientzia hartzea esan nahi du, zein diren norbanakoen eskubideak eta zer egin behar den horiek defendatzeko, aurrean duzun mintzakide hori mindu gabe.  

Aurreiritziak
Euskal hiztunok berez dauzkagun aurreiritziak jorratzen ditu tailerrak. “Kale egiten dugu maiz. Itxuragatik edo dena delakoagatik aurrean daukan horrek ez dakiela euskaraz iruditzen zaigu segituan. Baina benetan, zenbateraino dakigu? Zer kostatzen zaigu galdetzea ba ote dakien? Euskaldunok zoramen batean bizi gara, tentsioan bizi gara etengabe; inori ez zaio gogoko egiten horrelako trantzeak bizitzea, eta zer egiten dugu orduan? Erdarara jo berehala, arazoak saihesten ditugulakoan”.
Euskaldunok edukazioaren inguruan daukagun kontzeptuak ere ez duela laguntzen irizten dio Usarraldek. “Edukazio txarrez jokatzea da beste horren integritatean, moralean… zaurituko duen zerbait egitea. Baina euskaraz egite hutsa? Hori ez da edukazio falta”.
Edozein egoeratan irribarrea erakutsi beharra dagoela, jarrera baikorra behar dela eduki, erdalduna seduzitu eta euskarara erakarri behar dela…  Antzeko mezuak jaso ohi ditu euskaldunak. Gauzak horrela, euskaldunari ez ote zaion gehitxo eskatzen galdetuz gero, bi plano bereiztu behar direla zehazten du Usarraldek: “Politiko bati, ikastetxeko zuzendari bati…, horiei hizkuntza irizpideak zorrotz markatzea egokitzen zaie, eta ez daukate besterik. Orain, maila pertsonalagoan, giza harremanen esparruan, euskaldunok muturreko bi joera erakusten ditugu sarri, eta ez bata ez bestea ez dira egokiak: edo zuzenean erderara jotzen dugu, edo eta, marmarrean hasten gara joera oldarkorra erakutsiz eta “bada garaia euskara ikastekoa!” esanez, aurreko horri kargua hartuz bezala. Tarteko bideari beharko genioke heldu, oreka mantenduz. Garbi edukita zeure portaera: ni nire hizkuntzan ari naiz, zu ezin zaitut behartu nirea erabiltzera, baina seguru nago egingo dugula modua biok elkar uler gaitezen. Hain zuzen, TELP tailerrak ez du pilula majikorik eskaintzen baina bai laguntzen estrategiak garatzen, eta negoziatzerako garaian irizpideak ematen. Inoiz ahaztu gabe formak zaintzea eta garbi jokatzea, asertibitateaz eta goxo eta zeurea ukatu gabe… Zertarako, eta, aurrean duzun hori gureganatzeko”.
Usarraldek aitortzen du eguneko hogeita lau ordutan ezin dela segurtasun pertsonal horrekin jokatu. “Pazientzia, entrenamendua, segurtasuna norberarengan…, beharrezko osagaiak dira. Azken batean, tailerretan adierazi nahi izaten dugu zein izan behar duen lehen helburua: bizi, eta ahal bada gustura zure hizkuntzarekin”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!