Akuilari, euskaldunoi laguntzeko aplikazioa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 11a, 02:00

Hizkuntzaren inguruko kexak eta zorionak eskuko telefonotik bideratzeko tresna sortu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.

Bermatu nahi dugu euskal hiztunak euskaraz bizitzeko aukera guztiak eduki ditzan”. Horrelaxe mintzatu da Garbiñe Petriati, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria.
Orain 15 urte abian jarri zen “Euskararen telefonoa” garai modernoetara egokitzeko ekimen berria da Akuilari aplikazioa. “Hiru intzidentzia mota bidera ditzake herritarrak telefonoaren bitartez: kexak, zorionak eta kontsultak. Horretarako, ordea, ordenagailu baten aurrean jarri beharra daukazu; egunerokotasunean euskaraz erabiltzeko duzun eskubidea ez badizute errespetatu edo euskara erabiltzeagatik kaltetua izan bazara, zure haserrea agudo batean bideratzea eskatzen dizu gorputzak. Horrela, azken urteetan, berehalakotasuna bermatuko zigun tresna praktikoa eta azkarra eskatzen ari zitzaigun jendea, teknologia berriak probestuz. Eskaera horri erantzuten dio Akuilari aplikazioak”.
Pozik dira bultzatzaileak, Akuilarik erantzun abegikorra jaso baitu euskal hiztunen aldetik. 2015eko abenduan abian jarri zutenetik mila eta laurehun jaitsi dira dagoeneko.

Erabiltzearen identitatea
Garbiñek zehaztu nahi du ez dutela anonimotasunik onartzen. “Kexa edo zorionak izen abizenez eta kontakturako telefono batekin datozenak soilik jasotzen ditugu, identifikatu beharra dago alde horretatik. Hori bai, konfidentzialtasunez tratatzen dugu herritar horren nortasuna; ezer ez dugu bideratzen bere izenean, Behatokiaren izenean baizik. Guretzat garrantzitsuena ez da kexa bati izena edo aurpegia jartzea, baizik eta euskararen normalizazioaren aldeko urratsak ematea”.
Erabiltzaileen kexu edo zorion guztiak erregistratu, eta Behatokiak berak kudeatzen ditu. Intzindentziaren jarraipena egin dezake erabiltzaileak, baina Behatokiaren web orrira jo behar du horretarako. Aplikazioan, bestalde, gainontzeko erabiltzaileek jarri dituzten gertaerak ikus daitezke, ‘Oraintsukoa’ izeneko atalean sartuta. Hor ikus daitekeenez, Irun, Galdakao edo Mauleko udalak, Nafarroako Gobernuko herri lan saila edo Bizkaiko Foru Aldundiko ogasun sailak izan dira erabiltzaileen kexen jomuga azken aldian.
Kexak esparru publikora zein pribatura zuzendu litezkeela azaldu du Petriatik. “Egia da jendeak exijentzia maila handiagoa jartzen duela administrazio publikoarekin, bera dagoelako derrigortuta inor baino gehiago hizkuntza eskubideak berma gaitzan herritarroi. Baina egia ere bada publikoak bizitza pribatuan ere izugarri eragiten duela. Esaterako, hortxe daukagu EAEn behintzat onartuta dagoen erabiltzaileen eta kontsumitzaileen dekretua. Azalera handiko saltokiei bete behar batzuk jartzen zaizkie, baina ez dituzte betetzen eta ez zaie ezer gertatzen”.
Zoriontzeko ere erabili liteke Akuilari. “Iristen zaizkigu halako mezuak tarteka; batez ere administrazio publikotik kanpoko entitateak dira hartzaileak. Egin duten ahalegina eskertzen zaiela adierazi nahi zaie”.   

Errealitatearen eraldatzaile praktikoa
Akuilari errealitatean eragiteko benetako tresna dela adierazi nahi izan du Garbiñek. “Geure inguruan aldaketak eragiteko ahalmena daukagu gutako bakoitzak, gure indarrean sinetsi behar dugu. Esperientziak adierazten digu akuilari lanak eginez gero, gauzak aldatzen direla. Belarriak makurtuta etxera itzultzen bagara, horrela bai ez dugula lortuko hainbat egoerari konponbidea ematea”. Maixux Rekalde donostiarraren kasu esanguratsua aipatu du Petriatik: “Alzheimer detektatu zioten eta gaixotasun horri aurre egiteko saioak bideratzen dituen elkartera joan zen, diru publikoa jasotzen duena. Honek, saioak gaztelaniaz bakarrik eskaini zizkion, bera kexatu egin zen, eta guregana jo. Azkenean lortu du saio horiek euskaraz ere izan daitezen”.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!