Gaztetxotan ekin zioten natura aztertu eta hari buruz ikasteari. Telebista aurrean jarri eta Felix Rodriguez de la Fuenteren saioak ikustetik, mendira atera eta hegaztiak ikuskatzera pasa ziren. Hamasei urte inguru zituzten Pedro Diaz eta Nemesio Rubiok, euren zaletasunari ekin ziotenean, eta egun, horretan jarraitzen dute. “Hegaztiak ikusten eta aztertzen hasi ginen, haiexek direlako ikusteko animaliarik errazenak. Nahikoa da prismatikoak hartuta mendira irtetea hegaztiak ikusi ahal izateko. Aurrerago, beste animalia batzuk behatzen ere hasi ginen. Gaztetxotan hasitako zaletasun horri eusten diogu gaur egun ere”.
Ahal duten guztietan irteten dira mendira, naturaz gozatzera. Pedro Diazek azaldu duenez, “gozatu egiten dugu naturarekin. Beti aldatzen ari den zerbait da, etengabeko mugimenduan dabil, bizirik dago. Hori ikustea eta bizitzea oso polita da”. Asteburuak aprobetxatzen dituzte, gehienbat, euren zaletasunari eusteko. “Hemen inguruan ibiltzen gara normalean, baina urrutirago ere joan izan gara. Gaztetan, esaterako, bi urte pasa genituen dirua aurrezten, Kanadara joan ahal izateko. Bidaia ikusgarria izan zen hura, ez ahazteko modukoa”.
Natura eta argazkigintza
Natura aztertu eta gozatzeaz gain, irudietan biltzea ere gustatzen zaie Pedro eta Nemesiori. “Paisaiak, animaliak, landareak…, naturaren argazkiak ateratzen ditugu gure txangoetan. Milaka argazki egin ditugu gure ibilbidean. Kamera txiki batekin hasi ginen, eta denboraren poderioz geroz eta ekipo hobea osatzen joan gara. Erronka polita da hegaztien edo bestelako animalien argazki onak lortzea. Asko ikasten da. Animalien arrazoak jarraituz edota egiten dituen soinuen bidez animalia topatu, ahal bezainbat gerturatu, eta argazki ona atera nahi izaten dugu. Ordu askotako lana izaten da batzuetan”, azaldu du Pedrok.
Pazientzia eta jakinduria batzen dituen zaletasuna da bi lagunok elkarbanatzen dutena. Aiako Harrietako sai zuri bati argazkia egiteko, esaterako, zortzi orduko egonaldia egin zuen behin Pedrok adar batean eserita. “Kabia non zeukan bilatu ondoren, trabarik egingo ez nion puntu batean eseri nintzen, sai zuria bere kumeak elikatzera noiz etorriko zain. Zortzi ordu egin nituen hantxe. Argazkia egitea lortu nuen azkenean, eta poz pozik itzuli nintzen etxera”. Egun hartan bere helburua lortu bazuen ere, ez da beti horrela izaten, “etsi ordez, hurrengo egunean itzultzeko gogoa pizten dizu horrek. Gainera, zain zauden bitartean ere gozatu egiten duzu. Inguruan beste animalia batzuk ibiltzen zaizkizu, beti duzu zertaz gozaturik”.
Aranzadi eta Seo
Aranzadi Zientzia elkarteko kide izanak dira Pedro eta Nemesio, eta Euskal Herriko ornodunen atlasean lan egin zuten. “Aranzadin aritzeak, ordea, ordu askotako lana eskatzen zuen. Familia izatean, Aranzadi utzi eta gure kasara ibiltzen hasi ginen”. Seo birdlife elkarteko kide da egun Pedro Diaz, eta haiek antolatutako irteera eta ekitaldietan parte hartzeko ohitura du.
Liburu ikusgarria
Aiako Harrietan ateratako irudi ikusgarriekin liburu bat osatu berri dute Pedrok eta Nemesiok. Parke naturalean aurki daitezkeen animali eta landareen bilduma egin dute bertan, argazki bidez. “Inguru hartan ibili ohi gara maiz. Bibliografia aztertuz, laster konturatu ginen ez zegoela bertako espezien berri biltzen zuen libururik. Kontrabando garaiko informazio asko, eta baita monumentu megalitikoen ingurukoa ere, baina hango naturaren aberastasuna biltzen duen ezer ez dago. Horregatik erabaki genuen lanari ekitea”, azaldu dute. Ehunka argazki biltzen duen liburua osatu dute bi lagunek.
Lau urte pasatxo, eta konta ezin ahala ordu pasa dituzte liburua osatzeko. “Espezie bakoitza non aurkituko genuen aztertu, bilaketa lanak egin, argazkiak atera, liburuari forma eman, diseinua landu, testuak prestatu…, ordu asko eta asko eskaini dizkiogu. Mimoz egindako lana izan da, landa-lan handia eskatu duena”.
Gida
Pedro eta Nemesioren asmoa ez zen zientzia liburu bat egitea, “horrelakoak badaude aurrez ere. Gure asmoa, gida moduko bat egitea zen. Mendira ateratzen denak, izan dezala aurki ditzakeen animali eta landareen inguruko berri”. Izan ere, “orokorrean, jendeak ez ditu ezagutzen Euskal Herrian ditugun animali eta landareak. Ingurune aberatsean bizi gara, eta pena da jendeak hori ez ezagutzea”. Bertakoentzat, zein bisitarientzat, Euskal Herriko natura ezagutzeko aukera sortu nahi izan dute liburua osatuz.
Testua baino gehiago, irudia
Irudiak garrantzia berezia hartzen du Pedro eta Nemesioren liburuan. “Oso bisuala izatea nahi genuen. Testua badu, bi hizkuntzetan, premiazko azalpenak emateko. Espezieen izenak, urtero bakoitzaren ezaugarriak… Nolanahi ere testuak baino asko ere indar handiagoa dute argazkiek”. Paisaia, animali eta landare askoren argazkiak biltzen ditu ‘Aiako Harria egutegi naturalak’ izenburupean prestatutako liburuak. Kolorez beteriko 60 orrialde prestatu dituzte: “Gehiago ere izan zitezkeen, baina gure inguruan aurki daitezkeen espezierik esanguratsuenak bildu ditugula esango nuke. Liburua eskuetan hartzen duenak ideia orokor bat jasotzea zen gure helburua, eta hori lortu dugula esango nuke”, azpimarratu du Pedrok.
Argitaratzeko bidea
Liburua egina dago, baina oraindik ez dute argitaratzea lortu. Euren asmoa eta nahia liburutegi edota ikastetxeetara zabaltzea litzateke, “gure inguruan dugun natura ezagutarazteko. Oraindik, ordea, ez dugu lortu horretarako behar dugun diru kopurua. Diru-laguntza eskaera egin diegu Aiako Harriaren inguruko herrietako Udalei, eta baita Foru Aldundiari ere, baina jaso dugun erantzuna ez da espero genuena izan. Crowdfounding kanpaina bat ere abiarazi genuen, baina bide horretatik ere ez genuen osatu behar genuen kopurua. Hala ere, ez dugu inolaz ere etsi. Lana egina dago, eta noizbait aterako dugu”, diote irribarretsu.
Bitartean, liburua hobetzeko lan etengabean ari dira, “argazki kamera hobeak ditugu orain, eta geroz eta argazki hobeak jartzen ari gara”. Urtaroka sailkatu dute gida, urte garai bakoitzean aurki daitekeena zehaztuz. “Paisaiekin irekitzen dugu urtaro bakoitzari dagokion kapitulu. Animaliekin ematen diogu jarraipena; intsektuak, anfibioak, hegaztiak…, landareek ere badute euren txokoa. Ez ditugu aurki daitezkeen guzti-guztiak bildu, baina bai esanguratsuenak”. Izan ere, Euskal Herriko natura ezagutzen hasteko bidea eman nahi dute liburu honekin. “Interesa eta jakinmina piztu nahi dugu. Hortik aurrera, gehiago jakin nahi duenak erraz bilatuko du informazioa liburuetan edota interneten”.
Asko ikasteko aukera eman die liburuak Pedro eta Nemesiori. “Oso bide aberasgarria izan da. Naturaz ikasteaz gai, bestelako lanak egiten ere trebatu gara; liburuaren diseinua, diru-laguntzak bilatzeko bidea, testuak prestatzea…”.