Behar Zanaren urteurrena asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 3a, 02:00

70 urte bete ditu aurten Behar Zana elkarteak. Ekitaldi sorta zabala prestatu dute. Tartean, jokalari eta jokalari-ohien arteko errebote partida.

Zazpi hamarkadatako historia pilatzea ez da nolanahiko meritua, eta hori ospatzeko, ekitaldi sorta zabala prestatu dute Behar Zana elkarteko kideek. Ekainaren 3an hasiko dira ospakizunak. Hainbat ekitaldi izango da gozagarri, pilota partidak, sagardo dastaketa, bola tiraldia, danborrada, xakea… Asteburu osoan zehar izango da zertaz gozaturik.

Errebote partida berezia
Pilota eta errebotea izan dira Behar Zana elkartearen funtsetako bat. Errebotea izango da, hain zuzen, ospakizunetako protagonistetako bat. Iñaki Otaegi gazte billabonatarrak azaldu duenez, “errebotearen inguruan gabiltzan jendearen artean, badago gure kirolaren inguruko kezka txiki bat, izan ere, erreboteak ez du bere momenturik onena bizi. Ezin dugu esan hilzorian dagoenik, baina pizteko beharra badauka. Bultzadatxoa emateko ideia horri lotuta, ekitaldi berezia sortu da urteurrenari lotuta; jokalari eta jokalari ohien arteko errebote partida, alegia”. Elkarrekin jokatutakoak dira guztiak, eta afaria jarri dute jokoan. “Saltsa pixka bat sortu nahi genuen eta herritarren arteko lehia ikusteak xarma berezia izango duela iruditu zitzaigun. Egun jolasten ari garen bost pilotari eta dagoeneko utzi xamarra duten beste bost arituko gara, elkarren aurka. Erronka polita izango da”.

Azalpen eta guzti
Garai batean ez bezala, gaur egun errebote partidek ez dute ikusle askorik biltzen plaza inguruan. “Errebotea ez da ulertzeko joko erraza, eta jende gehienak ez dakizki jokoaren arauak. Nekez gerturatuko da partida bat ikustera jokoa ulertzen ez duenak. Horregatik, partida baino egun batzuk lehenago, jokoaren nondik norakoak azaltzen dituen esku-orriak jarriko ditugu tabernatan”, azaldu du Iñakik. Partida egunean gainera, errebotea ezagutzen duten pertsonek azalpenak emango dizkiete bertaratzen direnei: “Modu horretan, errazagoa izango zaie jokoa jarraitzea. Jendea gonbidatu nahi dugu ekainaren 5ean plazara gertura dadin. Errebotea bertatik bertara ezagutzeko aukera polita izango da, herritarren arteko partidaz gozatuz gainera”.
Gipuzkoan, Oiartzun, Zubieta eta Villabonan mantentzen da errebotea. Zubietarrek talde indartsua dute, eta Oiartzunen ere saiakera berezia egin dute azken urteotan, errebotea sustatu eta taldea indartzeko. Behar Zanako kideak ere ahalegin horretan murgilduko dira: “Kirol taldea baino haratago, lagun taldea osatzen dugu. Jende gutxi gabiltza errebotean, eta horrek sentimen berezia sortzen digu. Ezin dugu errebotea galtzen utzi, nola edo hala eutsi egin behar diogu. Pentsaera horrek gauzak egiteko indarra ematen digu”, dio Iñakik.   
Ekainaren 3tik 5era, izango da zertaz gozaturik Amasa-Villabonan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!