Lan giro onik ez izatea, Agirreren dimisiorako arrazoia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 2a, 02:00

"Agintaldia abiatu genuenean, Udal barruko lan giroa aldatzen saiatu ginen. Alkateak indar berezia egin nahi izan du alor horretan, baina ez du lortu. Aurreko egunetan adierazi zidan ez zegoela gustura, eta gaur eguerdian erabakiaren berri eman digu". Horiexek Eneko Urdangarin EAJ-PNVko zinegotziaren adierazpenak. Alderdi barruko liskarra denik ukatu egin du.

Albistearen jarraipena:

Iban Agirre alkatea ez zegoen eroso giro "deseroso" horretan, eta erre aurretik uztea erabaki du. "Ez da politiko profesionala, eta egoera bideratzen ez zela ikusita kargua uztea erabaki du. Gure alderdiarentzat bera zen gure liderra, saiatu gara bere karguan jarraitzeko animatzen baina gaur eguerdian dimisioaren berri eman digu. Alderdiari laguntza ematen jarraituko duela jakin badakigu, baina kanpotik".

Ekainaren 13an, ez ohiko plenoan, alkate berria izendatuko dute. Villabonako Uri Buru Batzarraren esku eta Udal taldearen esku dago orain erabakia hartzea. Aukera guztiak zabalik daude gaur gaurkoz, zinegotziren batek kargua hartzea edota kanpotik etor daitekeen ordezkoa alkate izendatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!