Konfiantzaren pedagogia, Zubimusu ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 2a, 02:00

Pertsona erdigunean jartzen duen pedagogia berria landuko dute Zubimusu ikastolan datorren ikasturtetik aurrera. Zizurkilgo egoitzan abiatuko dute bide berria.
 

Eraldaketa prozesuan murgilduko da laster Zizurkilgo Zubimusu ikastola. Izan ere, konfidantzaren pedagogian oinarrituta arituko dira datorren ikasturtetik aurrera. Euskal Herriko 37 ikastolak darabilen pedagogia da honakoa, eta pertsona jartzen du erdigunean.
Iñaki Etxezarreta, Arrasateko Arizmendi ikastolako zuzendaria da. Konfiantzaren pedagogian aitzindari izan dira bertan, eta hark eman ditu beharrezko azalpenak: “Lau zutabe nagusi finkatu ditugu ikastolan sortu nahi ditugun pertsonen inguruan. Batetik, bere bizitza proiektuaren jabe izango den pertsona sortu nahi dugu eta bere konpetentzia eta gaitasun ezberdinak garatzen joango dena. Horrez gain, garbi dago pertsona euskaldunak sortu nahi ditugula, eta azkenik, kooperaziorako gaitasuna garatzea ere garrantzitsua dela deritzogu. Hori guztia lortzeko, ezinbestekoa da konfiantzaren pedagogian oinarrituz lan egitea. Izan ere, ikasteko, beharrezkoa da norberaren buruan konfiantza izatea, baita ingurukoengan ere. Konfiantza duen pertsonak, bere gaitasunak garatzeko erraztasuna du, blokeorik gabe”.

Zientziak berretsia
Zientzian oinarritutako pedagogia da konfiantzarena. Hala azaldu du Iñakik: “Azken 30 urtetan gure planteamentua berresten du zientziak. Psikologia eta pedagogiaren aurrerapenetan, garbi ikusten da haurrak zenbait lege dituela bere baitan, eta horiek errespetatu egin behar direla. Ikastolara datorren umea ez da ikasle soila, pertsona bat da, bere instinto eta ikasteko prozesuekin. Hori guztia kontuan hartuta egingo dugu lan”.

Autoikaskuntza
Irakaskuntzatik, ikaskuntzara pasako dira Zubimusun. “Autoikaskuntza da oinarria; norberak ikasi behar du. Bide horretan, gainerako guztiok lagundu egin behar dugu. Haurrak ikaskuntza prozesu hori garatzen joan daitezen, estrategia ezberdinak erabiliko ditugu. Horrek eraldaketa handia eskatzen du. Esaterako, irakaslea ez da informazioaren jabe, ez da zer egin behar dugun esaten diguna, horren ordez, bidelagun izatera pasatzen da. Umearen ikasketa prozesua behatzea da bere egitekorik nagusiena”.
Espazioak ere aldaketa behar du konfiantzaren pedagogia behar bezala aplikatzeko. “Ikasteko baliabide ezberdinak eskaini behar zaizkio umeari, eta hor paper garrantzitsua jokatzen du espazioak. Bi alderdi hartu behar dira kontuan. Batetik, ikastola etxearen jarraipena izatea lortu behar dugu, bereziki ume txikienen kasuan, eta bestetik, garapenerako aukera emango dion espazio atsegina izatea nahi genuke. Jakinmina piztuko duten elementuak jarriko ditugu horretarako”. Horrez gain, gurasoen parte hartzea ere sustatuko dute. Iñakik azpimarratu duenez, “ez ditugu ikastolatik kanpora utziko. Nahi duten momentuan izango dute sartzeko aukera, eta baita egiten dakitena umeei erakustekoa ere. Ikasteaz gain, etxekoak ere ikastolako parte direla ikusten dute umeek”.

Irailetik aurrera
Datorren ikasturtean jarriko dute martxan konfiantzaren pedagogia Zizurkilgo Zubimusu ikastolan, Haur Hezkuntzako txikiekin. “Badakigu bizitzako lehen urte horietan bizitutakoa oso garrantzitsua dela. Adin horretan egindakoa, ia betirako geratzen zaigu, modu kontzientean eta baita inkontzientean ere. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu adin tarte horretako haurrekin lan egitea”, azaldu du Iñakik. Horrez gain, adin aniztasuna ere landuko dute Zubimusun, “nagusiek zaintza garatzen dute, eta txikiek eredu bat jasotzen dute”.
Zubimusuko irakasleak formakuntza prozesuan murgilduko dira datozen hilabeteotan, pedagogia berrira ahalik eta ondoen egokitzeko, eta ikastolaren eraikinean ere zenbait aldaketa egingo dute, haurren garapena ahalik eta ondoren sustatu ahal izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!