Jai giroko giza-katea, erraustegiaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 2a, 02:00

Osasunaren aldeko eta erraustegiaren kontrako giza-kateak antolatzaileek ipinitako helburuak gainditu zituen, 5.000 parte hartzaileen kopurua gaindituz. Eskuz esku, igande eguerdian Onkologikoa eta Diputazioa lotu zituzten.  Ipar Haizea Andoaingo plataformak balorazio ona egin du, “Andoaindik jende ugari hurbildu da mobilizazioan parte hartzera. Izena eman dugun 353 lagunez gain, beste hainbat eta hainbat andoaindar hurbildu dira Donostiako giza-katera. Parte hartu dutenei eta elkartasuna erakutsi dutenei, denei, eskerrik beroenak”. 

Azken ekitaldia jendetsua izan zen, eta hango taula gainetik osasunaren aldeko mezuak zabaldu zituzten.
Antolatzaile taldeko Teresa Lopez de Munainek gizarteari mezu zehatza helarazi zion: “Nafarroak ez du erraustegirik, Arabak ere ez. Zergatik Gipuzkoak bai? Zu, gizarteko kide bezala, ondo dakizu, guk bezain ondo, ez zenukeela nahi erraustegi bat etxe ondoan. Badakizu txosten epidemiologikoek zer dioten: errustegiak minbiziaz hiltzeko arriskua dakar. Zuretzat nahi ez duzun hori ez ezazu onartu beste gipuzkoarrentzat ere. Lagun gaitzazu. Olatua handitu besterik ez da egingo aurrerantzean eta zure laguntza ere behar dugu. Denon artean geldituko dugu”.
Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kide Xabier Mitxelena medikuak ere parte hartu zuen: “Medikuak garen heinean azpimarratu nahi dugu  erraustegiak osasunerako kaltegarriak direla. Nazioarteko foro zientifikoetan argitaratutako hainbat eta hainbat ikerketa aztertu eta gero, hau ondorioztatu dugu: Erraustegi baten inguruan bizi diren herritarrek malformazio, aborto, minbizi eta heriotza tasa altuagoak dituzte. Behin eta berriz ematen da emaitza hau, erraustegi zaharrekin eta baita erraustegi modernoekin ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!