Alderdi bakoitzak, gainera, bere datu eta erreferentziak erabili zituen. Mikel Izagirrek egin zuen EH Bilduren mozioaren defentsa, erraustegia osasunarentzat kaltegarria izango dela defendatuz. Mikel Pagolak argudio horiek zalantzan jarri zituen, eta gizarteari lasaitasunerako mezua helarazi nahi izan zion osasunarentzat erraustegia martxan jartzea kaltegarria izango dela zalantzan jarriz. Consuelo Frutos PSE-EEko ordezkariak erraustegiaren defentsa egin zuen, zaborrena aspalditik datorren arazoa dela adieraziz. Martin Garitano Ahaldun Nagusiaren kudeaketari kritika zuzena egin zion, agintaldi hartan kontsentsu guztiak hautsi zirela adieraziz.
Argudioak azaltzen irmo azaldu baziren ere, ez zen tentsiorik izan Udal ordezkarien artean. Eztabaida normaltasun giroan igaro zen. Baita EH Bilduk diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruko mozioan ere. Nahiz eta puntu horretan EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiaren jokabidea Marotok Araban izan zuenarekin parekatu. Maribel Vaquerok ez zituen onartu Itziar Artolaren EH Bilduko argudioak, eta kezka agertu zuen eztabaidan agertu ziren adierazpenekin. Erraustegiaren eta gutxieneko errenta bermatzeko mozioak onartu gabe geratu ziren.
Bi mozio horietan izan zen eztabaida gehien. Baita errefuxiatuen krisiaren aztergaietan ere. PSE-EEk eta EH Bilduk mozio bana aurkeztu zuten, EAJ-PNVren aldeko botoekin onartu zirenak. Bilduk sozialisten zurikeria kritikatu zuen, Europan errefuxiatuen krisian sozialdemokratek zerikusi zuzena dutela gogoraraziz.
Udalak, bestalde, aho batez erabaki zuen Bartzelonan sorburu duen Zurrumurruen aurkako sarearekin bat egitea. Arrazismoari eta xenofobiari aurre egitea du helburu, eta aurrerantzean sare horren ekimenekin bat egitea espero dute.
Gainerakoan, plenoaren hasieran aldaketa gauzatu zen EAJ-PNVko zinegotzien artean. Bederatzi urtez zinegotzi lanetan aritu eta gero, Martiarenak aurreko batzarraldian utzi egin zuen bere kargua. Mayozek hartu du haren lekukoa. Mayoz baserriari loturiko gaietan arituko da lanean. Behemendi elkartean, esaterako, Udalaren ordezkari izango da.