Ekitaldi berria antolatzen ari zarete Santiotarako. Kontaiguzu…
Iaz, San Ferminetan egindako egunpasa batean, kantuan zebilen talde handi bat ikusita sortu zen ideia. Villabonako Santio jaietan ere antzeko zerbait egin zitekeela pentsatuta, proposamena luzatu zuen Juanjo Irazusta billabonatarrak. Lehen antolaketa lanak egiteko, musikan adituak diren zenbait herritarrekin hitz egin genuen. Asier Vitoria, Iñaki Zalakain eta Agustin Laskurainek izango dute ekimenaren alderdi musikala antolatu eta zaintzeko ardura.
Nolako ekitaldia izango da?
Egunpasa antolatu dugu erromeria egunerako, uztailaren 30erako. Kantujira baino gehiago izango da, izan ere, bertan izango baitira erraldoi eta buruhandiak edota zenbait musikari ere. Goizean, 11:30etan abiatuta, herrian barrena ibiliko gara, eta ikastolako azpialdean bazkaldu ondoren, plazaraino joango gara. Sagardo dastaketa egiten da erromeri egunean, eta gu plazako jai giro horri gehituko gatzaizkio. Herri ezberdinetako jendea gonbidatu nahi dugu parte hartzera, adin guztietakoak. Aljibean elkartzen gara entseguak egiteko, eta parte hartu nahi duenak, bertara hurbildu besterik ez du egin behar. Ekainaren 15ean eta 29an izango ditugu hurrengo saioak, 20:00etan hasita.