Tokian tokiko, garaian garaiko

111 Akademiaren Saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 2a, 02:00

Katixa Agirrek idatzitako Atertu arte itxaron eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria.

111 Akademiako kideek egin dute euren lana… Bai, 111 Akademiako irakurleek hautatu eta izendatu dute Katixa Agirreren Atertu arte itxaron eleberria 2015eko libururik gogokoen. Hiru bozketa txandetan garatu da aukeraketa prozesua, urtarrilean hasi eta apirilaren 23an amaitu zena. Lehenengo txandan, saridun izendatzeko behar den botoen %30a lortu zuen obrarik egon ez zenez, akademiak ohiko prozedura jarraitu eta beste bi bozketa txanda egin zituen. Hirugarren eta azken txandan Katixa Agirreren Atertu arte itxaron eta Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok izan ziren bi finalistak, eta Agirreren lana suertatu da garaile.

Akademiakideek igorritako iruzkinetatik nabarmenduko al zenuke bat edo beste? Iritzi ugari jaso dugu, www.akademia.com gunean irakur daitezke haiek guztiak. Hauexek, haietako batzuk: ‘Puzzle moduan idatzita dago eta hasieran bata bestearekin nola lotzen den ulertzen ez baduzu ere, gero harrapatu egiten zaitu eta airean eramaten zaitu, bukaera arte grinaz irakurriz’, ‘Urteko liburuetako bat, nire uste apalean’ edo ‘Liburu hau irakurtzean Joyceren Ulises gogora etorri zitzaidan, atal bakoitza ezberdina baita eta estilo propioa baitu’.

Maiatzaren 5ean, ostegunarekin, Andoaingo Bastero Kulturgunean burutu da sari-emate ekitaldia. Katixa Agirre irabazleak larruz enkoadrenatutako liburu sarituaren alea jaso du sari modura eta irakurleek liburu horretako hainbat pasarte irakurri dituzte, musikaz lagunduta.
Sari-ematearen kronika, argazkiak eta bideoak ikusgai: www.aiurri.eus.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!