Inklusioa antzerkira, Adunan aurre estreinaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 1a, 02:00

Alex Tello andoaindarrak zuzendutako obraren aurre estreinaldia ekainaren 7an Adunan, Aiurriren eskutik eta Adunako Udalaren laguntzarekin.

Alex tello

Andoain

 

"Ez dut esango zein den mendeko edo zein ez. Ez dut izendatuko baztertuen zerrenda. Ez naiz hasiko inklusioa zertan datzan azaltzen. Inklusioa. Inklusioa hitza berria dela iruditzen zaigu, inklusioa positiboa da, baikorra. Errazago ulertzen dugu “exclusión” edo “baztertzaile-kanporatzaile”. Bazterketa negatiboa da, ezkorra. Baztertzailea kaltegarria da. Bazterketa, oharkabean, erraz egiten dugu. Onartzeko edo “inkluitzeko” kontzientzia ariketa egin behar dugu. Inklusioak ahalegin jakina eskatzen digu. Nire desgaitasuna bistan da. Eta bai, mendekoa naiz. Inoiz ez dut izan bazterketa arazorik. Testuinguru inklusioan bizi naiz. Ez dut inor baztertu nahi bere mendekotasun edo ezaugarriengatik. Inklusioa praktikatzen dut. Zuk?”. 

Telmo Irureta zumaiarrak hitz hauekin bukaera ematen dio antzezlanari.  Obran zehar esango du nola garun paralisia daukan txikitatik, bi urterekin izandako entzefalitis baten ondorioz, eta bueno pozik bizi dela, zoriontsu. Ta nola ez ba! Badituela arrazoiak. Baita, hogeita zazpi urteko Telmo zumaiarrarekin batera, Xanti Agirrezabala azpeitiar gaztea ezagutuko dugu. Xantik hemezortzi urte ditu eta  bere adinekoak bezain “normala” dela esan daiteke. Orduan, zer elkarbanatzen dute bi lagun hauek? Antzerkia. Baina, bata maila fisikoan bederen baldintzatua dago bestearen aldean. Orduan, biak elkarrekin ondo molda al daitezke agertokian? Bai. Gainera ez dira hasiberriak eta esperientzia badute. Baina, batzuetan nire erruz gaizto azalduko dira eta autorearen proposamenei men eginez beren pertsonaz aldendu eta betaurreko beltzak jantziko dituzte, eta aurreiritziei bide emanez elkarrenganako zalantzak kanporatuko dituzte. “Inklusioaz formatu txikian” behin-behineko titulua daraman lan honetan hainbat eszena edo egoera partekatzen ditugu, baina ez dira esketxak (nahiz eta barre egiteko uneak egon), eta ez dugu dramarik egin nahi, korapilo batzuk askatuko ditugu gauzak hobetu nahi ditugulako. Lagun arteko elkarrizketa bat da, entretenigarria. Ikus-entzuleari mezu inklusiboa helarazi asmoz denok lehen pertsonan edo gure testuinguruetan egunero bizitzen ditugun gauzak partekatuko dituzte Xantik eta Telmok. Eta, Xanti eta Telmorekin batera zeinu bidezko itzultzaileak: Jugatx Agirre usurbildarra, Ainhoa Moiua beasaindarra edota Arantza Martin oñatirra. Zergatik? Obra hau gazte (gutxi gora-behera hamabi urtetik aurrera) eta helduentzako zuzentzen delarik,  inklusiboa delako eta  gorrek, itsuek… guztiek gozatu ahal izango dutelako. Zeinu bidezko itzultzaileak lanean ikustea merezi du, beren espresibitatearekin pertsonaiarik gabeko antzezpenak teatralizatzen dituzte.

 

ANTZEZLANAREN JATORRIA

“Inklusioaz formatu txikian” osatzen duten partaideak iaz ezagutu nituen. Usurbilen “Gattunk! Kilometroak 2015” ardatz zen inklusioaren aldeko batzordeak proposatuta. Talde anitza eta ederra osatu genuen eta estreinaldian publikoak primeran pasa zuen, baita hunkitu ere! Eta asmoa ez zen jendea emozionatzea. Kontua da, “Jendartean bidaide” obrak mugitzeko zailtasunak izan dituela (arte eszenikoen programatzaileek gaiarekiko duten ez-ezagutzak eta obraren prezioa edo aurrekontuak herri handietara mugatzen dutelako; nahiz eta udazkenean Orion egingo den “Berdin berdinak” elkarteak eskatuta) eta formatu txikian errazago mugituko litztekela iruditu zitzaigun. Orain, “Dmasa Kilometroak 2016”ean inklusioaren gaiari jarraipena eman nahi zaiolako estreinaldi ofiziala Bergaran egingo dugu. Lan berri honen prozesuarekin pozik gaude eta energia hori emanaldia ikustera gerturatuko direnei iritsiko zaie.

 

Azkenik, eskertu “Jendartean bidaide” eta “Inklusioaz formatu txikian” lanetan   Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak emandako aholkularitza non lan egiten duten Alicia Figueroa oriotarrak, Jurgi Olasagasti usurbildarrak eta Amaia Elizondo andoaindarrak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!