Kirol merezimendu saria mendizaleei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 1a, 02:00

Mendizaletasuna Andoainen urtetan sustatzeagatik Ixabel Santa Cruzek eta Alejandro Gonzalezek osatutako bikoteak jaso du aurtengo kirol merezimenduaren izendapena. Lan horrekin jarrai dezaten animatu zituzten herriko hainbat kirol eragile eta udal ordezkariek.

[Argazkiak]

 

Basteron asteartean burutu zen ekitaldian, Ainhoa Aiertza ekitaldiko aurkezleak bikotearen eta honek urtetan egindako ahaleginen deskribapena egin zuen. “Biek bizitza pertsonala eta aisialdia elkarrekin burutu dute. Eskua emanda, kalean zein mendian. Alejandok eta Ixabelek lan talde bikaina osatu dute. 60ko hamarkadan hasi ziren mendizaletasunari lotutako zenbait ekintza antolatuz. Bestalde, 38 urte daramate Adarran urte berriko salda ematearen ohitura horri eusten, euren hiru semeren laguntzarekin. Aurtengoan, adibidez, 1.800 lagunei; aste bete lehenago ere hasten dira lanean. Ekimen horretaz aparte, euren mendizaletasuna gaztetxoei zuzendu nahi izan diete, eta 1978az geroztik hartu izan dute beregain ardura hori. 25 urtetan, gaztetxoak mendira eramateaz gain, mendiari eta naturari lotutako pasarteak, ohitura, historia, kultura… transmititzen jakin izan dute. Eta hori dena, besteak beste, beti eduki izan duten borondate eta konstantziari esker”.

Ikus entzunezko muntaien bidez, bikotearen senideen eta herriko kirol eragileen eta politikoen adierazpenak jaso ahal izan ziren ekitaldian zehar. Hona zeintzuk izan ziren: , Alex, Joxemari eta Fernando semeak, Maria Luisa Etxeberria Juantxo Arregi, David Urtasun, Virginia Cepeda, Nikolas Arruti, Jon Iraola, Iñaki Arregi, Andoni Alvarez, Lorenzo Estibariz, Aitor Amutxastegi, Angel Gonzalo eta Mari Jose Izagirre.

Ana Carrere alkateak, bere mintzaldian, bikoteak kirolaren munduan bestelako eredua eskaintzen duela azpimarratu nahi izan zuen besteak beste: “Komunikabideetan, erronka handien, apustuen, mendi lasterketen… berri jasotzen dugun arren, beste lan bat aitortu nahi dugu, isilean egiten duzuena zuek, borondatez osoz, musutruk. Jarduera fisiko osasuntsua aldarrikatu behar da, eta hor lan handia egiten duzue”. Azkenik, kemenezko hitzak luzatu zizkien Ixabeli eta Alejandrori, “jarrai dezazuela urte berri egunean salda partitzen Adarra mendira igo diren mendizaleei”.

Carrere alkateak berak eman zien kirol merezimenduko diploma.

Alejandrok gaztelaniaz eta Ixabelek euskaraz hartu zuten hitza. Honela mintzatzen zen Ixabel: “Urte asko dira mendian eman ditugunak, eta mendiak guri asko eman digu: osasuna, lagunak onak… Jendea gure ondoan gustura ibili dela jakiteak, hartutako lan guztiak txikiak uzten ditu. Ez galdetu zein izan den sekretua, bakoitzak arrazoi bat emango dizu eta. Baina egindako ahalegina gustura egiteak ingurukoak kutsatzen ditu, eta honen arduradun guk inguruan daukagun jendea ere bada; elkar elikatzen bezala ibili garela esan daiteke. Gogoan hartu bukatzeko, gu adina merezi duten Euskaldunako kide eta gurasoak, beraien laguntzagatik ez balitz ez baitzen izango posible gu horrenbesteko urtez aritzea aritu garen bezala”. Gora andoaindarrak! deiadarra eginez amaitu zuen Ixabelek.

 

Nabarmendutako kirolariak

Ekitaldia probestu zen aipatzeko eta zoriontzeko urtean zehar kirol ezberdinetan nabarmendu diren herriko kirolariak. Hona zerrenda:

Mikel Esnal (Buruntzaldea kirol taldeko igerilaria): Espainiako master mailan neguko lau urre.

Leizaran eskubaloiko jubenil mailako mutilak: Gipuzkoako liga eta kopako azpitxapeldunak.

Ganbara saskibaloia: senior erregional bigarren mailara igoera.

Peio Manterola (txirrindularia): Anpo afizionatuen mailan.

Dani Fursenko (txirrindularia): Gipuzkoako txapeldun alebin mailan.

Laiene Pikabea Gipuzkoako azpitxapeldun infantil mailan.

Joseba Garmendia (Goiburu gol taldea): infantil mailako taldekako txapeldun.

Oskarbi taldea (gimnasia erritmikoa): senior mailako Gipuzkoako txapeldun senior mailan.

Maitane Arano eta Marta Virgala (gimnasia erritmikoa).

 

“Kirolean ere berdintasunean”

Emakumea eta kirola hartu ditu gaitzat aurtengo kirol asteak, "kirolean ere berdintasunean" lemapean. Emakumek ere edozein kirola praktikatzeko animatu nahi dela gogoratu zuen Ainhoa Aiertza ekitaldian. “Nerabezarora iristean kirola uzten dute emakume askok. Kirol batzuk gizonen kirol gisa ikusten ditu gizarteak oraindik. Arrazoi nagusien artean, bi aipa ditzakegu: kirol horietan emakumeen erreferenterik ez egotea eta irtenbiderik ez duela ikustea. Baina badira erreferenteak mundu mailan, eta urrutira joan gabe, hor daukagu Bere Bera eskubaloi taldearena. Guztioi dagokigu egoera hori aldatzea. Emakume eta gizon kirolariak parekotasunez tratatzea, baliabide guztiak jartzea emakumeek edozein kirol normaltasunez praktika dezaten.  Horretara bideratu behar ditugu gure hitzak eta ekintzak”.

Kirol Astearen hitzorduak datozen egunetan:

Ekainak 3, ostirala
17:00 Gazte lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.
17:30 Judoa familian.
18:30 Kenpo kai arte martziala probatzeko aukera.

Ekainak 4, larunbata
10:00 Areto futboleko alebin mailako nesken arteko final aurrekoak.
17:00 Bike trial erakustaldia Irene Caminosen eskutik, Goikoplazan.
18:30 Zumba kalean, erakustaldia Goikoplazan.

Ekainak 5, igandea
11:00 Areto futbol txapelketako final aurrekoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!