Inbertsio estrategikoen emaitzak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko eka. 1a, 02:00

Udalak aditzera eman ditu Urnietako hamaika inbertsioek jasotako boto kopurua, eta horien arabera kiroldegiaren eraberritzea eta Eteneta-San Juan igogailua izan dira bozkatuenak. Azken hau, irisgarritasunari lotuta dagoenez, buru egingo dela aurreratu daiteke. Hauteskundeak igarota, Udalak xehetasun gehiago eskainiko ditu ekainaren amaiera aldera, hiru bileren bitartez.

Emaitza:

Urnietako Udalak aste honetan eman ditu maiatzeko partaidetza prozesuaren inguruko datu zehatzak, eta horien arabera kiroldegia eraberritzea da urnietar gehienek eskatu dutena. Eteneta elkartearen ondoko igogailua egiteko aukerak ere boto ugari jaso ditu, eta irisgarritasunari lotutako proposamena izanik, egitasmo hori garatuko dutela argi samar dago ere. Udalak datuok Ibatuz enpresaren eskutik jaso ditu, eta ekainaren amaiera aldera Denda Berrin, Lekaion eta Xoxokan egingo dituzten hiru bileretan xehetasun gehiago eskainiko dituzte.

Botoen araberako sailkapena

  • 1. Kiroldegiaren eraberritzea: 39.962 puntu.
  • 2. Eteneta-San Juan igogailua: 39.885 puntu.
  • 3. Aranzubi kaleko mugikortasuna: 31.633 puntu.
  • 4. Estalitako igerileku berria: 29.298 puntu.
  • 5. Idiazabal kalearen antolamendua: 28.456 puntu.
  • 6. Etxebizitza sozialak: 21.878 puntu.
  • 7. Aparkalekuak: 14.844 puntu.
  • 8. Plazido Muxika plaza estaltzea: 14.027 puntu.
  • 9. Oztarango pasagunea: 12.259 puntu
  • 10. San Juan Plazaren birmoldaketa: 11.318 puntu.
  • 11. Xoxokako plazaren berregituraketa: 8.558 puntu.

BALIOZTATURIKO 1.326 BOZKA
Inbertsioen inguruko galdeketan 1.411 erantzun jaso dituzte, eta denbora tarte horretan proposamen horiek banan-bana egiaztatu dituzte. Datuak aletuta, 85 erantzun baliogabetu dituzte. Udalak adierazitakoaren arabera, “datu pertsonalen faltagatik, Urnietan erroldatuta ez egoteagatik, paperak behar bezala ez betetzeagatik edo online bidez bi bider sartzeagatik” baliogabetu dituzte.
Bozka emateko garaian eredu klasikoa nagusitu da. Alegia, ia guztiek Urnietako kale eta auzoetan ipinitako buzoietan bozka eman dute. Informazio karpatan 288 gehiago, eta beste 148 internet bidez. Datu horiekin, urnietarren %26ak bozkatu du. Udalak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten herritar guztiei, “erakutsi duten konpromezuagatik”. Parte hartze datuak “oso onak dira”, bestalde, prozesua bideratu duen Ibatuz enpresaren ustean. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!