Senidetze eguna, maiatzaren 28an, Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 26a, 02:00

Aiztondoko zenbait herrik El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin duen senidetzea ospatuko dute maiatzaren 28an. Egun osoko egitarau oparoa prestatu dute.

 

Hogeita hiru urte dira Aduna, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkil El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin senidetu zirela. Anaieratze hori ospatzeko, jai egun bat antolatzen dute urtero, maiatza amaieran. Aurtengoan, Asteasuri dagokio festa antolatzea. Ekitaldi instituzionalaz gain, herrian jai giroa zabalduko duen ekitaldi herrikoia ere egingo dute. 

El Salvadorreko Segundo Montesi laguntza eskaintzeko asmoz egin ziren senidetze hitzarmenak, 1993z geroztik. Ur eta saneamendu instalakuntzak hobetzera bideratu ziren lehendabiziko urteetako laguntzak. Egun, ordea, Segundo Monteseko zenbait ikaslek ikasketak egiten jarraitzeko aukera izan dezan, bekak ordaintzera bideratzen dira laguntzak. Handik etorritako bi ikasle bekadun izango dira Senidetze egunean, euren esperientziaren berri emateko. 

Kataluniarrak ere bertan

Aurtengo ekitaldian, bestalde, Zizurkilekin senidetuta dauden Gironako Llado herriko ordezkari eta herritarrak ere gerturatuko dira. 2014an egin zuten Zizurkil eta Llado arteko anaieratze ofiziala. 2013an Zizurkilen ospatutako Senidetze egunera gerturatu ziren Lladokoak, eta egun hartan bi herrietako biztanleen artean sortutako lotura eta giro onak ekarri zuen bi herrien arteko anaieratze ofiziala. Haiekin batera, Gironako Vidrieres herrikoak ere gerturatuko dira Asteasura.  Beraiena izango da, gainera, festara gerturatzen direnentzako bazkaria prestatzeko ardura. Kaldereta goxoa prestatzeko asmoa dute eta, horretarako bezperan etorri eta goizeko 07:00etan hasiko dituzte prestaketa lanak, Asteasuko plazan.

Bazkarirako txartelak ohiko lekuetan egongo dira salgai. 15 euro ordaindu beharko dituzte helduek, eta 10 euro haurrek. Maiatzaren 26ra bitarte luzatuko da bazkarirako txartelak erosteko aukera. 

Egun berezia izango da maiatzaren 28a. Goizeko ekitaldi instituzionalak emango dio hasiera, eta arratsaldean, herriko trikitilariek girotutako erromeriarekin amaituko da aurtengo Senidetze eguna. Jai giroan murgilduta, elkarlana eta elkarlaguntza bultzatzeko eta ospatzeko eguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!