Gazte festen hasieran, gazteak izanik, gogo biziz izango zarete. Antolaketan sartuta, are gehiago ezta?
Juankar Solis. Halaxe da, azken denbora honetan egun hauek iritsi ahal izateko lan asko egin dugulako.
Malen Ezeiza Zapiain. Poxta Zahar biziberritu da, eta sartu den jende asko gogoz dago. Batzuk joan dira, baina sartu garenak indartsu sartu gara. Gogotsu gaude.
Hiruzpalau urte atzera, Gazte festak zer ziren zuentzat?
Olaia Ruiz Guiral. Barrakatan ibili,... txosnak zeharka ikusten genituen.
Juankar Solis. Ni orduantxe hasi nintzen Poxta Zaharren murgiltzen. Denbora horretan garapen bat ikusi dut. Geroz eta gazte gehiago hurbiltzen ari dira elkartera. Eta, bestalde, jaietara geroz eta gehiago inguruko herrietakoak hurbiltzen ari dira ere. Ikusten ari naiz, gainera, antolatzen ditugun ekitaldietan geroz eta hobea dela herritarren erantzuna. Uste dut azkenean lortu dugula urnietarrek Urnietako jaietan parte hartzea.
Zehazki, antolatu dituzuen ekitaldietatik zein nabarmenduko zenukete?
Malen Ezeiza Zapiain. Afari kulturala ekimen berria da, eta dagoeneko 18 koadrilek izena eman dute. Asteartean zozketa egin zen, eta horren arabera koadrila bakoitzak herrialde bateko afari tipikoa prestatu beharko du. Afari hori prestatzeaz gain, hitzordura herrialde hartako jantziekin agertu beharko du. Egitasmo berria da, eta polita izango dela dirudi.
Olaia Ruiz Guiral. Epaimahai batek, gainera, afari onenari eta mozorro onenari saria nori eman erabakiko du.
Afari kulturala, happy flower poteoa... Zer dela eta mozorrotzeko joera hori?
Olaia Ruiz Guiral. Mozorrotzean beste giro bat sortzen da, jai girorako aproposagoa.
Malen Ezeiza Zapiain. Jaiari alaitasun piska bat emateko formula egokia da.
Afari kultural horretan zein herrialde ikusiko ditugu irudikatuta?
Malen Ezeiza Zapiain. India, Kuba, Mexiko, Txina, Euskal Herria,...
Herri bazkarian menu beganoa eskainiko duzue. Herritarren eskaera izan al da?
Olaia Ruiz Guiral. Berez, ez. Aurten lehen aldiz eskainiko dugu.
Malen Ezeiza Zapiain. Herri bazkarian menu bakarra eskaintzean nolabait muga bat jartzen ari zara, esaterako, beganoak direnei.
Juankar, lan asko egin duzuela aipatu duzu. Noiz hasi zineten aurtengo jaiak antolatzen?
Juankar Solis. Lauzpabost hilabete dira bilera bat deitu genuela. Gure bilerak irekiak dira, eta gazte jaiak antolatzen hasteko konpromisoa hartu genuen. Afari kulturalak eman digu lan gehiena.
Adin guztietakoak ongietorriak al dira?
Olaia Ruiz Guiral. Afarian, esaterako, adin ezberdinetako taldeak elkartuko gara.
Malen Ezeiza Zapiain. Oso positiboa da hori. Inauterietako bazkarian ere adin guztietako jendea elkartu zen. Gazteak gara, noski, eta festa gogoko dugu. Baina geroz eta herrikide gehiago biltzen bagara, askoz hobe.
Jaietako ordutegia hizpide izan duzue.
Malen Ezeiza Zapiain. Musikak goizaldeko 04:00ak arte luzatzea eskatu genuen eta Udaletik 02:00ak arteko baimena genuela erantzun ziguten.
Juankar Solis. Jai Batzordera jo genuen, orduan, gure eskaerari eutsi nahi geniola adieraztera. Han ziren gainerako elkarteen babesa jaso genuen. Gerora, Udalaren emaila jaso genuen 03:00ak arteko baimena genuela adierazten zuena. Denok ulertzen dugu bizilagunen arteko elkarbizitza errespetatu behar dugula, baina jaiak herrian urtean bitan edo hirutan izaten dira. Poxta Zahar lan handia egiten ari da herriko jaien alde, eta nire ikuspegitik Udalaren aldetik babes gehiago eduki beharko genukeela iruditzen zait.
Parte hartzera deituz, “ederki pasako dugu” esanez agurtu ziren hiru gazteak.