Beste eredu ekonomiko baten alde

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 27a, 02:00

Fiare Banca Eticaren aldeko taldea osatu da Andoainen, banka tradizionalaren alternatiba izan nahi duena; ez du diru irabazi asmorik, eta bere helburua gizartearen ongizatera bideratutako proiektuak finantzatzea da bere helburua. Andoaingo babes taldeko Atxur Azurmendi, Luis Eskudero eta Haizea Iparragirrek bere filosofia eta ezaugarriak azaldu dizkiote Aiurriri.  

Fiare zer den azalduko al zenukete?
Haizea Iparragirre: Egun ezagutzen dugun banka ereduaren alternatiba izan nahi du. Gizartea eraldatzeko tresna da, eta dirua gizarte eta elkartasun ekonomiako proiektuak finantzatzeko erabiltzen du. Ez du banku tradizionalekin lehiatu nahi, bere helburua ez da errentagarritasun ekonomikoa, gizarte onura baizik. Demokrazia, parte hartzea, gardentasuna eta kreditu-eskubidea dira bere printzipioak.
Fiare Banca Eticak, finantza etikoetan dabiltzan bi proiektuen batuketan du jatorria: Italian 1999tik diharduen Banca Popolare Etica banketxe kooperatiboa, eta, estatu espainiarrean 2005ean abiatu zen Fiare egitasmoa.    

Nortzuk osatzen duzue Fiare?
Luis Escudero: Hiru figura ahalbidetzen dira. Batetik, bezeroa; kontu korrontea eduki dezake beste edozein bankuetan bezala, baina jakin behar du oinarrizko zerbitzuak eskaintzen zaizkiola. Ez dauka bulegorik, eta internetez burutu behar ditu gestio guztiak. Interes txikiak izango ditu ekonomikoki, noski; gizarte onurarekin zerikusia duten interesak edukiko ditu gehiago.
Bigarrenik, bazkidea dago, banka etikoaren parterik garrantzitsuena, kapital soziala osatzen duena; honek akzioak erosi behar ditu, gutxienez 300 euroko partizipazioa behar du kooperatibista bihurtzeko. Bazkideek jartzen duten diru hori gizartearen ongizaterako proiektuak finantziatzeko bideratzen da. Gainera, bazkideak eurek dira modu demokratikoan erabakitzen dutenak zein proiektu finantzatu. 
Azkenik, tokian-tokian antolatzen diren boluntario eta kolaboratzaileen figura dago; Fiare proiektua bera gizarteratzen dute, kultur edo gizarte ekintzak lantzen dituzte…
Zein motatako proiektuak finantzatzen ditu Fiarek? 
H.I.: Irizpide ezberdinak hartzen dira kontuan: balio eraldatzaileak, ingurugiroa, garapenerako lankidetza, bidezko merkataritza, nekazaritza ekologikoa, gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka… Herrialde bakoitzean ebaluatzen dira proposatzen diren proiektuak. Bi azterketa gainditu behar ditut: bideragarritasun ekonomikoa lehenbizi, eta batzorde etiko sozial baten oniritzia ondoren. 
Oraingoz, Gipuzkoan bi proiektu jarri dira abian. Bata, Zarautzen, kontsumo-eredu jasangarria eta bertako merkataritza bultzatuko duen denda bat da. Eta bigarrena Hernanin, ekonekazaritzaren etxalde bat. Hirurogei mila euroko finantzazioa daukate biek ere. 

Zenbat bezero eta bazkide daude Andoainen gaur egun?
Atxur Azurmendi: Ezin dugu jakin zenbat bezero, baina bazkideak, hamaika lagun. Gure helburua kontzientzia soziala duten herritar guztienagan iristea da. Ez da ahaztu behar mantso doan prozesu bat dela hau; Fiare Banca Etica lortzen ari den dirua bere proiektuak finantzatzera bideratzen du, ez bere egiturak sendotzera banka tradizionalak egin ohi duen eran. 
H.I.: Fiare bultzatzen dugunok geure bankua izatea nahi genuke noski, banku tradizionalak alde batera utzita. Baina errealitateak pausoz pauso ibiltzea agintzen digu. Banco de Españaren baimena lortu eta banku etikoa sortu da oraingoz; izan ere, ezinbestekoa baita banku tradizional baten egitura antolatzea proiektuak finantzatu ahal izateko. Denborak esango digu Fiare noraino irits daitekeen banku gisa… 

Baten batek esan dezake zenbait banka tradizionalek lehendik ere badauzkatela beren gizarte ekintzak, fundazioak…
L.E.: Bai, baina herritarrek ez dakigu horien kapitalaren jatorria, espekulazioetatik datorren ala ez. Aldiz, Fiare Banca Eticak diruaren garbitasuna ziurtatzen digu. Bazkideen ekarpenetik datorkio bere kapital soziala, eta lasaitasuna ematen digu horrek. 

Fiare Andoainen:
Gabriel Aresti 15 (atzealdea).
Hilabeteko bigarren ostegunean 18:00etatik 19:30etara biltzen dira.
Telf: 943 303 770.
fiare.andoain@gmail.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!