Mendeurrenaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 26a, 02:00

Aurreko igande eguerdian Ontza elkarteko kideek 75. urteurreneko ospakizunak egin zituzten, hitzordura herriko gizarte eta politika mailako ordezkariak gonbidatuz. Mezarekin hasi ziren ospakizunak, eta ondoren elkartearen kanpoaldean iritsi zen ekitaldi instituzionala. Bazkideek eguna luzatu zuten urteurreneko bazkariarekin.

Igande eguerdian Berrozpeko kaperako mezan auzotar eta bazkide ugari bildu ziren. Hura amaitzean, txistularien doinupean, denek ere Ama Kandida etorbidea zeharkatu eta metro gutxira dagoen Ogiola Berri etxeko atariko bidea egin zuten. Bertan baitago Ontza elkartearen egoitza, Andoaingo zaharrena, 1941ean sortua. Herri mailako gizarte eta politika alorreko ordezkariekin batera, ehundik gora izan ziren elkartearen gonbidapenari erantzun ziotenak. Gora Kaletxiki txaranga bertan zen, baita elkarteko hainbat danbor eta barril jotzaile ere. Elkartearen atarian Ontzaren bandera eta Ikurriña jarri aurretik, Iñaki San Buenaventura lehendakariak hitzaldia eskaini zien bertaratu zirenei. Iraganeko sortzaileak gogoan izan zituen, baita urteotan guztietan hil diren bazkideak ere. Izan zirelako dira. Mendikutetarrak, Arabaolazatarrak edota Erkiziatarrak elkartea ezagutu duten belaunaldi ezberdinen lekuko biziak dira. Erkiziatarren kasuan, gaur egun Beñat bazkide gazteena da eta aitona Jose Manuel, berriz, adinekoena.
Elkartea gizarte eta kirol mailan eragile aipagarria da Andoain herrian, eta zer esanik ez Kaletxiki auzoa aipatzen hasita. Ezinezko dira elkartea eta auzoa bereiztea. Ia ia biak bat direla esan daiteke. Buenaventurak ospakizunean gogora ekarri zuen herriari eta auzoari egin dioten ekarpena: “Urte hauetan, Ontzak ibilbide oparoa izan du. Elkarteak bere alea jarri du Kaletxikiko eta Andoaingo giroan eta bizitzan: Ehiza, arrantza, ziklismoa sustatu ditu, txapelketak, lasterketak, ikastaroak antolatuz. Beste ekintza asko sustatu ditu ere: Jaiak, mus txapelketak, gastronomia jardunaldiak, musika... Auzotik, herritik, udaletxetik, beste kirol arloetatik eta abarretatik eskatu zaigunean ere, beti prest egon gara gure laguntza emateko”. 
Jarrai dezatela luzaroan auzoan eta herrian eragiten. Piskanaka piskanaka, mendeurrenaren bila.

BAZKIDEEN POZA

Antolaketa lanetan ibili zirenek lan handiak hartu zituzten urteurreneko ospakizunetan. Euriak ere ez zuen ekitaldi nagusia oztopatu, eta guztia aurreikusi bezala igaro zen.
Bazkarirako mahai ondoan eseri aurretik, Aiurrik elkarrizketatutako sei bazkideak pozarren zeuden. Horrelako data seinalatuetan ez bada, ia bazkide guztiak elkartzea oso zaila izaten baita.

“Txikitandik ezagutu dut, eta horregatik gaurkoa egun berezia da niretzat”, aitonaren eta aitaren lekukoa hartu du elkartean Patxi Mendikute harakinak. Ontzako hirugarren belaunaldia da, elkartea sortu zutenen ondorengoa. Kaletxikira erabat lotuta dagoen herrikide horietakoa da. Auzoan bertan lan egin eta jaietan parte hartze zuzena du. Auzoa, elkartea eta jaiak oso gertutik bizi duen beste kidea Imanol Etxeberria da: “Ontza elkartea nire bigarren etxebizitza da. Betidanik ezagutu dut, eta 2000. urtean anaien bidea jarraituz bazkide egin nintzen. Geroztik festak antolatzen, bazkariak antolatzen eta beste hainbatetan nabil. Gaurko urteurreneko festa gauza handia da, garai bateko eta gaur egungo bazkideak elkarrekin egoteko aukera izango dugulako”.
Ospakizunen atzeko lanetan zeregin handia izan duen horietakoa Gabino Agudo bazkidea da. Boteilari lanetan dabil elkartean, eta horri esker elkartearen martxa gertutik jarraitzen du. Alaba izan zen urteurreneko ospakizunean agurra dantzatu zuen gaztetxoetakoa. Dantza saioa belaunaldien arteko transmisioaren adibide bilakatu zen. Hunkitzera iritsi zela aitortu zuen: “Jaiaren hasiera borobila izaten ari da. Hunkitzera iritsi naiz ere, alabak dantza ikusi dudanean adibidez. Bestalde, aurpegi ezagun ugari ikusi ditut. Denak elkarrekin egotea ez da egunero gertatzen den zerbait, asteburuero hainbeste bazkide elkarrekin ez baitira egoten. Pentsa, denera ehun bazkide baldin bagara, bazkarirako 83k izena eman dute. Egun ederra izango da”. Familia eta lagunak elkartzeko tokia izateaz gain, bodegaren ardura berea denez, elkartea Agudorentzat garrantzia handikoa da. 
Iñaki San Buenaventura Ontzako lehendakaria ospakizunean ardura handien zutenen horien artean zegoen. Berak emandako hitzalditxoa eta gero, lasaiago zegoela zioen: “Jaiaren antolaketarekin urduritzera iritsi gara: ekitaldia antolatzea, eguraldiari erreparatzea,... eguerdiko ekitaldiarekin urduri eta hunkituta egon gara. Baina oso pozik gaude. Guri egokitu zaigu urteurren berezi honetan ardura izatea, baina ekitaldian adierazi dudan bezala, hona iritsi bagara aurretik beste askok lan egin zutelako izan da”. Halaxe izan da Ontza elkartearen kasuan, 75 urtetan belaunaldiz belaunaldi elkartearekiko atxikimendu hori berrituz joan baita. Gaur egun bazkide gazteena Beñat Erkizia da, eta zaharrena aldiz bere aitona Joxe Manuel. Beñatek Ontza elkarteko bandera eta Ikurriña ipini zituen igandeko ekitaldian: “Polita izan da, eta gustura nago parte hartzeko aukera izan dudalako. Nire kasuan aitona eta aita alboan ditut, hirurak elkarteko bazkide gara eta berezia izan da oso”.
Elkartera eta auzora oso lotuta dagoen bazkidea Eneko Urdangarin da: “Auzoarentzat oso berezia da Ontza elkartea. Biak uztartuta daudela esango nuke, jaietan eta auzoko ekitaldi askotan eskutik doazelako. Auzoarentzat ona da horrelako elkartea gertu izatea. Gaurko eguna garrantzitsua izango da elkartearen historian, ia bazkide guztiak elkartu garelako”. Urdangarinek dagoeneko mendeurrena gogoan du. Konturatu orduko iritsiko da.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!