“Beste eredu ekonomiko bat” jardunaldiak Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 24a, 02:00

Hitzaldia eta azoka datozen egunetan Andoainen. Hitzaldia asteazken honetan 19:00etan Basteron: "Finantza etikoak, burujabetzarako tresnak". Beñat Irasuegi (Fiare) eta Gorka Julio (Koop 57)ren eskutik. Fiarek antolatuta, bestalde, azoka Juanita Alkain plazan. Datorren larunbatean goizeko 11:00etan hasita, parte hartzaile hauekin:

 

  • Caritas. Giza aurrerapenaren eta pertsonen garapen osoaren alde egiten du lan, baita gizarte-eraldaketaren alde ere, bidegabekeriak eta ezberdintasunak salatuz eta gizarte-eredu bidezkoago bat sustatuz.
  • Eguzki. Euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian.
  • GoiEner. Irabazteko asmorik gabeko kooperatiba da, gaur egungo eredu energetikoa aldatzeko desira duten milaka pertsona elkartu eta %100ean energia eredu berriztagarria lortzeko lan egiteko. (Interesa dutenek argindarraren faktura eraman ahal izango dute informazio zehatza jasotzeko)
  • Kaleratzeak STOPeko Andoaingo Plataforma herritarra. Kaleratzeen aurrean babesgabe daudenen alde agertzen da eta aholkua, laguntza eta kaleratze-lege bidegabearen aurreko borroka egiten du.
  • Agrojateko eta Aspilla kontsumo taldeak. Produkzio eredu agro-ekologikoaren bidez, ekoizle-kontsumitzaile harreman zuzena mantentzen da. Andoainen eta inguruan ekoiztutako barazkiak.
  • Koop57. Aurrezki Etikoa bultzatzen duen finantzaketa zerbitzu kooperatiba da. Bere baliabidea ekonomia social eta solidarioa oinarri duten proiektuak maileguz laguntzera bideratzen ditu.
  • PROYDE- PROEGA (Promozioa eta Garapena). Izaera pribatuko GKEa da, lankidetzarako eta garapenerako sortua, laguntza sozialerako eta boluntariotza sustatzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!