SUITZATIK ANDOAINERA
Suitzako hego mendebaldean jaio zen, Vaudeko kantonamenduan; ez edozein tokian, Leman izeneko laku politaren ondo-ondoan. “Hamar mila biztanle dituen La Tour-de-Peilz herrian bizi nintzen gurasoekin; herritik nahiko urrun zegoen gure etxea, eta bizikleta erabiltzen nuen sarri hara eta hona mugitzeko. Beharbada, urruntasun horregatik, lagunekin-eta gutxi ibilitakoa naiz. Etxean ordu pila igarotzen nuen, liburu artean; ikasketetan, ukondo-urratzaile horietakoa nintzen”.
Maitasunak ekarri zuen Andoainera. “Unibertsitatean fisika eta informatika ikasi ostean, Irlandara bizikletaz bidaiatzera abiatu ginen lagun bat eta biok, 1997an. Irlandan, mendebaldeko kostaldean, Andoaingo bi neska, Agurtzane eta Arantxa ezagutu genituen. Haiekin Inishmore irla txikian egun pasa genuen, eta era horretan sortu zen gure arteko adiskidetasuna”.
Hilabete batzuk baino ez ziren igaro Olivier Andoainera lehenbiziko aldiz etorri zedin, Agurtzanek gonbidatuta. “Emakumeaz gain, dena egin zitzaidan erakargarria: sagardotegiak, mamia, dantzak eta ohiturak, mendi parajeak…” Frantsesez ezaguna den esaera datorkio burura, umorez, Olivierri: Qui prend femme, prend pays. Emakumea hartzen duenak, herrialdea ere hartzen duela, alegia. Oroimenean ondo gordeta dauka 1999ko maiatzaren 31n heldu zela Andoainera, bertan bizitzeko asmoz. Bi seme-alabaren aita da geroztik, eta Miramongo lantegi batean egiten du lan informatikari gisa.
Euskaldunen mendizaletasuna
Mendirako zaletasuna izan zen euskaldunengandik arreta gehien eragin zion ezaugarria, hasiera-hasieratik. “Pasadizo batek eman zidan bidea euskaldunen nortasunean sakontzeko, hona etorri eta berehala: Asturiasera, Europako Pikoetara joan ginen, eta lehenbizi Covadongako laku turistikoan ibili ginen. Bada, han gaztelania besterik ez genuen entzuten. Aldiz, mendian gora abiatu ahala, euskara hasi zen nagusitzen; kaixo honi, iepa hari!”.
Euskal Herrira moldatzea ez zaiola gehiegi kosta aitortu du Olivierrek. “Andaluziakoa edo antzeko kultura balu, akaso bai. Baina suitzarren antzekotasunik baduzue euskaldunek; irekiagoak zarete zuek. Hitzekoak zarete, nobleak, eta kanpotik datorrenak zintzo jokatzen duela ohartzen bazarete, Suitzan baino aisago luzatuko diozue eskua. Nire kasuan, ezinbesteko egiten zait aipatzea Joakin Urtasun zena, aitaginarreba. Luxuzko anfitrioi baten antzera jokatu zuen nirekin, Euskal Herriko parajeak, ohiturak, mentalitatea… denetik irakatsi zidan”. Natur zalea da Olivier, eta badauka euskaldunei zer kritikaturik, txukuntasunaren arloan: “ezin dut eraman zabar jokatzeko askok daukaten joera. Kalean eta errekatan plastikoa eta zikina ikusten da ugari, eta haserre jartzen naiz, suitzarren izaera garbizalea ateratzen zait halakoetan. Alde horretatik, primerakoa iruditzen zait Andoaingo Udalak zakur kaken inguruan abian jarri duen kanpaina”.
Dantza zalea
Herri-dantzen maitale amorratua da Olivier. “Txikitan herriko Lè Vegnolan taldeko dantzaria izan nintzen. Urtetan aurrera, Irlanda eta Bretainiako dantzak praktikatu izan ditut gogoz”. Andoainen, Axeri Dantzako partaidea da Olivier. “Andoainen bizitzen jarri eta egun gutxira Sanjuanak ospatu ziren. Goikoplazan Axeri Dantzarekin topo egin, eta agudo egin nion promesa nire buruari: hurrengo urtean nik ere dantza hori egin nahi dut”. Pentsatu eta egin. “Izugarri ondo hartu ninduten aurreneko egunetik beretik, eta asko estimatzen dut dantzak berarekin daukan sinbologiak, bere inguruan sortzen den lagun giroa… Gozatu egiten dut Sanjuaneko egun horretan, bai plazan, baita egun osoko erritual guztiarekin…”. Herritarrak dantzan jartzen dituzten erromeriak ditu gogoko, eta alde horretatik, pena sentitzen du galtzen ari delako giro hori. Halaxe nabaritu du, behintzat, Euskal Herrian daramatzan hamabost urtetan. “Gero eta jende gutxiago animatzen da plazan dantzatzera; dantzari trebeek egiten duten ikuskizun hutsera mugatzen ari da dantza hemen”. Bretainiarrak ditu eredugarri: “gaztetxoak, helduak, zaharrak… adin guztietakoak biltzen dira edonon, berdin zaie ondo egin, trakets egin”. Euskara da gainditzeko geratzen zaion ikasgai nagusienetakoa. “Euskaltegian ibilitakoa naiz, baina utzita daukat; denboraz larri nabil azken aldian. Ulertzen dut ia dena, baina askatzea falta zait. Badakit seme-alabekin praktikatzea izan ohi dela egokiena, baina horiekin frantsesez egiten dut”.