Ipar martxa, osasunaren aldeko pausuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 23a, 02:00

Osasuna zaintzeko modua eskaintzen du ipar martxak. Bi makilen laguntzaz, postura egokia mantenduz ibiltzea da kirol honen oinarria.

Juan Mari Mujika billabonatarra, buru-belarri dabil ipar martxaren munduan murgilduta. “Pixkanaka-pixkanaka gorputza okertzen ari zitzaidala konturatu nintzen. Oinez ibiltzerakoan hartzen nuen postura hori zuzentzeko, makilekin ibiltzeko gomendioa egin zidaten. Ipar martxako ikastaro bat egin, eta sekulako aldea nabaritu nuen. Gorputza askoz ere zuzenago ibiltzen dut orain, bi zentimetro gehiago neurtzeraino. Kirol bezala oso ona da, ikaragarri osasungarria”.

1930eko hamarkadan, Finlandian sortu zen ipar martxa. “Iraupeneko eskitik sortutako kirola da. Udan, elurrik ez zegoenean, makilak hartuta oinez ibiltzen hasi ziren eskiatzaileak, giharrek lanean jarrai zezaten. 1992an, Finlandian sortutako ibiltzeko modu hori kontuan hartuta, metodologia berezi bat sortu zuten Alemanian. Metodologia hori jarraituz, gorputz guztia mugitzen dugu, garunaren bi hemisferioak landuz. Besoekin egindako mugimenduak lagundu egiten dio gorputzari eta, modu honetan, ibiltzea ez da batere nekagarria”, azaldu du Juan Marik. 

 

Osasungarria eta merkea

Ipar martxa egitea gomendatzen die Juan Marik adin guztietako herritarrei: “Modu kontzientean egiten baduzu, zure gorputzaren jabe eginda, oso eraginkorra da. Geroz eta jende gehiago ari da mundu honetan sartzen eta ez da harritzekoa, ekartzen dituen onurak ikusita. Gainera, kirol merkea da. Nahikoa da bi makil hartu eta zapatilak janztea”.

Makil bereziak dira ipar martxakoak. Eskumuturrera lotzeko sistema izaten dute eta garrantzitsua da, baita ere, makilen luzer zaintzea. Juan Marik jakinarazi duenez, pertsonaren zilborreraino iritsi behar dute. “Gure gorputzaren erdigunea markatzen du zilborrak, eta garrantzitsua da makilek luzera horixe edukitzea”, azpimarratu du. 

Lehia edo konpetizio gisa ere egin daiteke ipar martxa, eta Juan Mari aritu izan da horretan ere, baina orain nahiago du beste modu batean hartu. “Lehia dagoenean, abiadura eta tentsio gehiago sortzen da. Helmugara iristen lehena izan nahi duzu. Ez dago gaizki, baina nik nahiago dut ipar martxa beste modu batera egin. Niretzat, gozamena izan behar du; ordularia alde batera utzi, eta gustura ibiltzeko tartea. Leitzaran aldera joan, eta hiru orduko ibilaldia egitea, zure martxan; bideaz gozatuz, nekatzean geratuz…, hori bezalakorik ez dago”. 

 

Ikastaroak

Xabier Madina adituarekin biltzen da Juan Mari astero-astero, ipar martxako ezagutzak zabaltzen joateko. “Beti dago zer ikasirik edo zer landurik. Xabierrek ekarri zuen ipar-martxa Euskal Herrira eta asko ari naiz ikasten berarekin. Berak gehien errepikatzen duena hauxe da, gozatzeko kirola dela, eta gozatzeari uzten zaionean, hobe dela makilak alde batera uztea”. 

Ipar martxako irakasle ere bada Juan Mari. Beharrezko titulazioak eskuratu ondoren, ikastaroak antolatzen hasi zen: “Andoainen, Amasa-Villabonan, Tolosan eta Ordizian egin ditut saioak. Nire helburu nagusia jendea gustura geratzea da. Gustatuz gero, askoz ere errazagoa baita trebatzen joatea. Hortik aurrera, bakoitzak bere erritmoan ikasten du”.

 

Erantzun ona

Makilak modu egokian erabili eta gorputzaren postura egokia mantentzen irakasten die, besteak beste Juan Marik. “Lau oinarri ditu kirol honek; gorputza zuzen edukitzea, besoak ondo luzatzea, makilekin hiruki bat osatzea eta pausoa egokitzea. Lau oinarri horien barnean, kontuan hartu beharreko puntu gehiago ere badaude. Guzti hori barneratu egin behar da, eta pixkanaka egin beharreko lana da. Autoa gidatzen ikastearekin alderatzen dut nik askotan. Hasieran kosta egiten zaigu eman beharreko pausoak kontuan hartzea, barneratzen ditugunean, ordea, automatikoki ateratzen zaigu”. 

Emakumeak dira, gehienbat, Juan Mariren ikastaroetara hurbiltzen direnak. “Adin batetik aurrerako emakumeak dira gehien etortzen direnak. Beste kiroletan ibiliak dira asko eta asko, eta froga egitera animatzen dira. Ipar martxan artikulazioek ez dute batere sufritzen, eta bizkarreko mina arintzeko oso baliagarria da, postura egokia hartzen laguntzen duelako. Gizonezkoak ere etortzen dira, baina emakumeak baino gutxiago”. Gustura dago Juan Mari jaso duen erantzunarekin. Jende kopuru polita biltzen da bere saioetara, eta geroz eta jende gehiagok azaldu du interesa. “Ahoz ahokoaren bidez jakin du jende askok ipar martxaren inguruan, eta datozen ikastaroen inguruan galdetzeko deitzen didate”, nabarmendu du.

Ahal duen guztietan hartzen ditu makilak Juan Marik. “Makilekin ibiltzeko ohitura hartu dut, eta nirekin ibiltzen ditut ia beti; erosketak egitera joateko, mendian ibiltzeko, hondartzan paseotxo bat egiteko, etab. Bestalde, ikastaroa egin duen jendearekin astean behin geratzeko ohitura dut. Ordu eta erdiko saioa egin, eta elkarrekin zerbait hartzera joaten gara, gustura asko”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!