Leire Olano, enpresari eta ekintzaile gazte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 20a, 02:00

Unibertsitateko ikasketa bereziak egiten ari da Leire Olano asteasuarra. Ekintzailetasuna da ardatz nagusia. Enpresa bat sortua dute dagoeneko ikaskideek, taldea osatuta. 

Finlandiatik datorren ikasteko modua darabilte LEINN (Lidergo ekintzailea eta berrikuntza) izeneko gradua egiten dutenek. Leire Olano asteasuarrak lagun baten bidez jakin zuen ikasketa hauen berri, eta izena ematea erabaki zuen: “Lehendabiziko egunetik beretik, taldean bildu eta enpresa bat sortu genuen. Zenbait helburu finkatu genizkion gure ekimenari, bai diru aldetik, baita garatu nahi genituen proiektuei zegokienean ere”, azaldu du Leirek.

 

Kimmu

Hirugarren ikasturtea amaitzen ari da Leire dagoeneko, eta hasierako proiektu hura garatzen joan da ikaskideekin batera. “Kimmu izena du gure enpresak, eta hamairu pertsonak osatzen dugu. Taldeko kideon gustu eta zaletasunekin lotutako proiektuak garatzen joan gara. Lehendabiziko hilabetetan ohikoa da ideia mordoa sortzen joatea, eta hala gertatu zitzaigun guri ere. Pixkanaka, ordea, ekimenak finkatzen eta lan ildoak zehazten joan gara”.

Bost lan ildo nagusi dituzte Kimmu enpresako kideek; musika, gastronomia, moda eta diseinua, berrikuntza eta sostengarritasuna. Bost ardatz nagusi horiei eutsita jarri dute martxan ‘Gure bazterrak’ izeneko ekimena, besteak beste. “Tokiko musika alternatiboa sustatzeko helburuz sortu genuen proiektu hori. Horri lotuta, musika jaialdia prestatu genuen iaz Orion eta aurten jarraipena eman diogu, bigarren saioa antolatuz. Gure taldean musikaren mundua oso barrutik bizi duen jendea dago, eta taldekide guztion artean zabaldu dute euren pasioa”, azaldu du Leirek.

 

Hezkuntza

Hezkuntzarekiko kezka ere badute Kimmu enpresako kideek eta, horrekin lotuta, beste ekimen bat ere badute martxan. Leirek azpimarratu duenez, “hezkuntza alternatiboan sinesten dugu eta horrekin lotuta, musika tailer ezberdinak antolatzen hasi ginen. Iazko udan, musika udalekuak egin genituen lehendabiziko aldiz eta aurten jarraipena emango diogu ekimen horri”. 

Zortzi eta hamalau urte arteko gazteei zuzendutako udalekuak dira. “Musikarekin esperimentatzeko aukera ematea da helburua, horregatik deitzen diogu ‘Musika laborategia’. Parte hartzaileek ez dute aurrez musika ezagutzarik eduki beharrik. Gure ustez, musika ikastea ez da ikasgelan sartu eta instrumentu batekin trebatzea soilik. Haratago doa. Udalekuetan, instrumentu ezberdinekin esperimentatzen dute, eta elkarri erakusten aritzen dira gazteak. Jolasa, musika, ondo pasatzea, ikastea, erakustea…., hori dena elkartzen dugu udalekuetan. Iazko esperientzia oso aberasgarria izan zen. Gazteak oso gustura ibili ziren eta haien gurasoek ere balorazio positiboa egin zuten, baita guk ere. ‘The sunbillers’ izeneko musika taldea sortu zuten ikasleek eta urtean zehar ere parte hartu zuten gazteekin harremanetan jarraitu dugu, eta hilabetean behin elkartu izan gara, musikarekin gozatzeko”.

 

Lan-bidaiak

Unibertsitateko ikasketei lotuta, bidaia ezberdinak egin ditu Leirek. India eta Shangaien egindako egonaldietatik itzuli berria da. “Ikasturte bakoitzean bidaia bat egiten dugu. Lan egiteko beste modu batzuk ezagutzeko aukera ematen digu horrek, baita kultura ezberdinak ezagutzekoa ere. Negozio munduan egin nahi dugu lan, eta garrantzitsua da beste merkatuak ere ezagutzen joatea. Finlandian egon ginen lehendabiziko ikasturtean, bi hilabetez. Estatu Batuetako San Francisco hirian pasa genituen beste bi hilabete iaz. Aurten berriz, bi hilabete egin ditugu Indian eta beste bi Txinan. Oso intentsoa izan da aurtengo esperientzia. Bi herrialdeak gogorrak egin zaizkit. Asko eman didate, baina uste dut oraindik ere pentsatzeko eta bizitako gauzak barneratzeko prozesua egin behar dudala”.

 

India eta Shangai

Musika jaialdia antolatu zuten Indian Leirek eta bere taldekideek: “Gure bazterrak’ ekimenak duen filosofía berarekin antolatutako jaialdia izan da. Saltoki-gune handi batekin elkarlanean egin genituen jaialdiaren kudeaketa lanak”. Indiako egonaldia zaila egin zitzaion Leireri. “Herrialde gogorra da. Kaosean murgilduta bizi dira, eta oso zaila egin zait hango bizimodura eta lanerako modura ohitzea”, azpimarratu du. 

Shangaien ere musikarekin lotutako ekimena jarri dute martxan. 0-2 urte arteko haurrek musika tailerra izan zuten martxan eta 4-7 urteko haurrekin, berriz, banda txikia sortu zuten. Horrez gain, “enpresako hiru kide Shangaien geratu dira, han ere musika udalekuak martxan jartzeko helburuz. Ingelesez egingo dute Txinako udaleku hori, gainerantzean, Euskal Herrian egingo dugunaren berdina izango da”. 

 

Etorkizuna

Ikasketak amaitutakoan, enpresa sortu duen lantaldeari jarraipena emateko asmoa dutela azaldu du Leirek. “Oraintxe bertan gure enpresa ez da ekonomikoki sostengarria; ez dugu soldatarik. Sartzen zaigun dirua beste ekimenetan inbertitu edota gure bidaiak ordaintzeko erabiltzen dugu. Hurrengo ekainerako, ordea, helburu bezala finkatu dugu sostengarritasun ekonomikoa lortzea. Karrera amaitzean, enpresari jarraipena eman nahi genioke. Orain arte finkatu ditugun bost ildo nagusi horietan profesionaldu, eta ekimen ezberdinak sortzen segi nahi genuke. Denborak esango du zein izango den gure bidea”. 

Praktika, oinarri

Lanerako eta ikasteko askatasun handia ematen die LEINN graduak ikasleei. Behar beharrezkoa duten teoria ikasten dute, eta azterketaren bat edo beste ere egiten dute, baina praktika da ardatz nagusia. Leirek azaldu du zein den euren lanerako modua: “Gradu honen berri izan nuenean, asko gustatu zitzaidan lanerako uzten duen askatasun hori. Nire burua ezagutzeko aukera emango zidala iruditu zitzaidan, eta halaxe izaten ari da. Ikasturtean zehar zenbait helburu jartzen dizkigute; helburu ekonomikoak egoten dira batetik, eta liburuei lotutakoak bestetik. Ikasturtean zehar irakurri beharreko liburuen zerrenda ematen digute, eta irakurketarako plangintza egiten dugu guk. Liburu horietan irakurritakoa gure ekimenetan nola aplikatuko genukeen azalduz amaitzen dugu irakurketa prozesua”. 

 

Erronkei aurre eginez

Erronka handiei aurre egin die Leirek bide honetan: “Enpresa sortzean, taldekideekin lan egiten ikasi behar duzu; entzuten, enpatizatzen, haiengandik ikasten, haserretzen…, ez da erraza bestea benetan ulertzea. Egunero duzu zerbait berria ikasteko. Horrez gain, enpresa bat sortzean oso garrantzitsua da dirua; ezinbestekoa da aurrera jarraitu ahal izateko, baina egiten duzuna zure gustukoa izatea eta lanerako modu egokia bilatzea ere oso garrantzitsua dela ikasi dugu”. 

Gustuko gauzei eutsita enpresa gisa aurrera egiteko gai izan direla ikustea izan da ikasgairik garrantzitsuenetakoa Leireren aburuz. “Gure gain dago zertan nahi dugun bereiztu edo espezializatu. Horrez gain, taldearen garrantzia ere azpimarratu nahi nuke. Nahiz eta ez den beti erraza izaten, urruti iristeko aukera ematen du taldearen babes eta indar horrek”.

Ingelesez egiten ditu ikasketak Leirek, eta Txinara joan aurretik, txinera ikasten ere aritu ziren taldekideak. “Txinan oso zaila da ingelesez komunikatzea, eta beharrezkoa iruditu zitzaigun. Online bidezko programa baten bidez aritu ginen, eta pixka bat moldatzeko adina ikasi dugu”, azaldu du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!