XXVII. Biltzar Nagusian, Mari Juli Azkue ohorezko lehendakari izendatzea erabaki zuen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak. Maiatzaren 19ko ekitaldian gauzatu zen izendapen hori, Asteasuko udaletxean egindako ekitaldi hunkigarrian. Mari Juliren giza baloreak goraipatzeaz gain, beti erakutsi izan zuen euskaltzaletasuna, ekintzailetasuna eta eskuzabaltasuna azpimarratzeko ekitaldi goxoa izan zen.
Kontakizun batez eta argazkiez osatutako ikus-entzunezko batek, Mari Juliren bizitza eta nortasun aberatsera hurbildu zituen ekitaldira bertaratutakoak. Musika emanaldi goxoekin tartekatu zuten ikus-entzunezkoa, izan ere, ekitaldian aritu baitziren Asteasuko txistulari taldeko kideak, Imanol eta Joni Ubeda, Mujika-Dumall familiako kideak eta Lorratzak taldekoak.
Ekitaldiaren amaieran, Mari Juli Ohorezko lehendakari izendatzeari ekin zitzaion, 22 urtez egin zuen lan kementsu eta eraginkorra eskertzeko. Jon Unanuek, Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakariak, eraztuna eman zion Mari Juliren ama Juli Arrastoari, eta agiria Alito Gracia senarrari.
Jon Unanuek eraztunaren esanahia azaldu nahi izan zuen: “Eraztun honi, euskararen eraztuna deitzen diogu. XIX. mendean zehar eta XX. mendeko hasieran, eraztuna tresna gisa erabilia izan zen euskaraz hitz egiten harrapatzen zituzten eskola umeak zigortzeko. Oso modu bortitzean erabili izan zen, Arturo Kanpionek, adibidez, azaldu izan zigun bezala bere nobela batean. Bada, gure bazkide batek proposatu zigun eraztuna Larramendi Bazkunaren ikur gisa berreskuratzea, baina guztiz bestelako zentzua emanez: eraztuna izan zedila euskara bultzatu eta sustatu beharraren lekuko”.
Geroztik, bada, Larramendi Bazkunak ideia bere egin, eta lehendakariak eraztuna jantzita eduki izan du, “itxaropenez eraman ere, lekukotasun hori, euskara sustatu beharraren zeregin hori belaunaldi berri baten esku jarriko denaren itxaropenez”.
Bukatzeko, hiru arrazoi nagusi aipatu zituen Unanuek emozioez gainezka, izendapenaren zergatia azaltzeko: “Larramendi Bazkunean egin zuen lan bikainarengatik, gurekin bizi izandako une guztien oroimenengatik, eta, maitasunagatik”.