Galardi, esperientzia eta gertutasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 23a, 02:00

Esperientzia luzeko Udal zerbitzua da Galardi haur-eskolarena, eta bertako hezitzaileen bataz besteko esperientzia ere handia da. 

Egonkortasuna eskaintzen du urteekin metatutako eskarmentuak, onuradun nagusiak haurrak eta euren gurasoak izanik. Ixiar Ansa Galardi haur-eskolako zuzendaria da, 1978an zabaldu zutenetik bertan lanean ari dena. Ikasturte berrirako matrikulazio epea maiatzaren 23an zabalduko dute, ekainaren 3ra bitarte. Hilaren 23an bertan ate irekien jardunaldia izango da Extremadura kaleko egoitzan. Haurra bertara emateko moduan dagoen gurasoak gogoan, hauexek galdera praktikoak.

 

Ate irekien jardunaldiaren atarian gaude. Zergatik da garrantzitsua egun hori?

Ixiar Ansa. Haur txikiak dituzten gurasoetako askorentzat lehen haurra da, edota bigarrena. Bizi esperientzia berria da eta erabaki asko hartu behar izaten dira denbora gutxian. Euren haurra familiaz kanpo zein inguruan egongo den ezagutzea garrantzia handikoa da. Normala da egoera berrien aurrean kezkak edota jakinmina izatea, eta horiek guztiak argitzeko Galardira bertara etortzea, instalakuntzak ikustea eta gu geu ezagutzea guztiz baliagarria da. Guraso horiei, erabakia hartu aurretik, hona etortzea aholkatuko nieke. 

Galardin izena emanez gero, Galardiko hezitzaileen eta gurasoen arteko aro berria sortzen da zeinean harremana etengabea eta oso estua izaten den. Elkarlanean aritzea funtsezkoa da. 

Gurasoen kezka nagusiak zeintzuk izaten dira?

IA. Alor ezberdinetan izaten dira. Dena lotuta doa eta gure joera ere, ezarrita daukagun sistemaren arabera, zerbitzu integrala eskaintzea da. Haurraren garapena bere osotasunean kontutan hartzen dugu. Unean uneko kezkak izaten dira, hala nola, loa edota elikadura. Normaltasun baten barnean ulertzen ditugun kezkak izaten dira. 

 

Harreman estua sortzen da beraz zuen eta gurasoen artean. Konfiantza giroa landu beharra dago.

IA.  Guk harreman horri garrantzia handia ematen diogu. Gurasoak haurrarekin goizean iristen direnean, ongietorria eman eta txikiak gaua nola igaro duen edota zer moduz gosaldu duen jakin nahi izaten dugu. Eta haurraren bila datozenean, guraso bakoitzari eguna nola joan den azaltzen diogu. Detaile askorekin zehazten ditugu egunez eguneko gorabeherak. Oso harreman zuzena sortzen da familiaren eta hezitzailearen artean. Haurtxoak bizitzaren hasieran daude, eta aldaketa handiak bizi izaten dituzte denbora gutxian. Elikadurari dagokionez, bularretik edota biberoitik pureekin edota janari zatiekin elikatzen hasten diren garaia da. Psikomotrizitatearen aldetik, lehen hilabete horietan haurrek altxatzeko edota ibiltzen hasteko lehen pausoak ematen dituzte. Garrantzia handiko detailetxo horiei buruzko jarraipen zehatza egiten dugu, gurasoekin batera partekatzen duguna.

 

Galardin eskaintzen duten zerbitzuari buruzko informazio osoa eskuorri dotorean bildu dute. Informazio guzti horretatik alor asko nabarmendu daiteke, baina beharbada nabarmenena eta berriena da bertan egunean egun egiten duten janaria bertako produktu ekologikoekin egiten dutela.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!