Merezitako saria bi mendizale ezagunei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 19a, 02:00

Urtarrilaren lehenean Adarramendin salda banatzen aritzeagatik ezagun dira Euskalduna Mendigoizale taldeko andoaindarrak. Kirol Merezimenduaren Saria jasoko dute laster. Merezitako saria Alejandro Gonzalez eta Isabel Santa Cruz mendizaleei.

Maiatzaren 31n Basteron egingo duten ekitaldian, bi mendizaleek Kirol Merezimenduaren Saria jasoko dute. Aurtengo kirol asteko protagonista nagusiak izango dira, beraz, aurreko urteetan Andoni Alvarez edota Joxe Barberena izan ziren bezalaxe.
Omenaldi ekitaldiarekin batera, ekitaldi gehiago iragarri zituzten. Aurtengo lelo nagusia “Kirolean ere berdintasunean” izango denez, Real Sociedad eta Añorga kluben arteko kopako partida jokatuko da Ubitarten. Hurrengo egunetan ere Irene Caminos trial txapeldunaren edota Zumbako kirolarien erakustaldiez gozatzeko aukera izango da. Ixiar Olano Allurralde kiroldegiko arduradunak eta Ana Carrere Andoaingo alkateak aurtengo egitarauaren berri eman zuten astearte arratsaldean deitu zuten agerraldian.
Kirol asteko lehen jarduera “Zer dakizu kirolaz?” lehiaketa izango da, Lehen Hezkuntzako ikasleen artean egiten dena.
Golf saioak dohainik
Maiatzaren 30etik ekainaren 3ra, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Goiburu golfean dohainik aritzeko aukera eskainiko dute. Eskaintza haur eta helduei zuzenduta dago.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!