Korrika egitera, Danena atletismo taldearekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 19a, 02:00

Danena kirol elkarteak atletismo-saila jarri du abian. Elkarrekin korrika egin, eta lasterketatan herria ordezkatuz atera ahal izatea dira helburu nagusiak.

Maiatzaren 11n aurkeztu zuten Danena taldearen atletismo-saila. Herrian korrika ibiltzen den pertsona talde batek abiarazi du ekimena. Josu Sarasola Danenako zuzendaritza taldeko kidea da, eta hark azaldu du nolakoa izan den atletismo taldea sortzeko bidea: “Zizurkilen badago korrika dabilen jende taldetxo bat, bai federatuta, baita lasterketa herrikoietan dabilena ere. Danenako zuzendaritza batzarrera gerturatu zitzaizkigun, atletismo taldea sortzeko proposamena eginez. Dena ez da futbola, eta oso ideia ona izan zitekeela iruditu zitzaigun. Bazkideen bileran gaia aztertu, eta baiezkoaren aldeko erabakia hartu genuen”.
 

Atletismoa berreskuratu

Atletismo talde izateko lehen pausoak eman zituzten berehala Danenako kideek. “Eusko Jaurlaritzan beharrezko eskaerak egin ondoren, taldearen estatutuak aldatu, eta atletismoa txertatu genuen Danenaren barnean”, azaldu du Josuk. Atletismo-saila sortzea baino gehiago, berreskuratze lana izan da egin dutena, “izan ere, historikoki, Danena elkarteak urte askotan zehar izan baitu atletismoko taldea. Hori berreskuratzeak poz handia eman digu”, gaineratu du Josuk. 

Bi helburu nagusi dituzte taldearen bultzatzaileek: “Batetik, korrika egitera ateratzeko ohitura dutenez osatutako taldea sortu nahi dugu; haien arteko harremana sustatu eta elkarrekin korrika egiteko aukerak sortu. Bestetik, beste herrietako taldeekin korrika dabiltzan zizurkildarrei, bertako taldearen izenean ibiltzeko aukera eman nahi genien, bai atleta federatu gisa, baita maila herrikoiean ere”, azaldu du Josuk.

 

Inguruko herriak

Aiztondo bailarako herritarrei zuzenduta dago deialdia. “Asteasu, Amasa-Villabona, Alkiza, Aduna, Larraul…, inguruko herrietako korrikalariak gonbidatu nahi ditugu. Futbolean inguruko herrietako jendea gerturatzen zaigun bezala, atletismoan ere hala izatea nahi genuke”, azaldu du Balen Tolosak. 

Josu Sarasolak aipatu duenez, Federatutako taldea izango da Danena. “Urrian egiten dira federazioan sartzeko izen-emateak, eta guk badugu horretarako asmoa. Euskal Herriko federazioan izen- emateak, autonomia elkargoan federazioak antolatzen dituen lasterketatan parte hartzeko aukera emango die kideei”. 

 

Arropa

Danena taldeko kide izan ahal izateko, nahikoa izango da taldeko kirol arropa erostea. Josuk azaldu duenez, “ez dugu jendea behartu nahi izen-ematerik egitera, edota urtero kuota bat ordaintzera. Horregatik, nahikoa izango da taldeko arropa erostea. Lasterketatan edota egunerokoan korrika gabiltzala, Danenaren izenari ikusgarritasuna ematea da horren helburua. Berrogei euroko prezioa izango du taldearen ekipazioak”. Federatu nahi duen korrikalariak, bestalde, bere fitxa ordaindu beharko du. “Taldea federazioan sartuta egongo da, eta hala nahi duten korrikalariek, federazioko txartela egiteko aukera izango dute. Bi abantaila nagusi ekartzen ditu federatzeak: asegurua izatea, eta federazioak antolatutako lasterketatan parte hartzeko aukera izatea, baita zenbait lasterketa herrikoietako izen-ematea merkeagoa izatea ere”. 

 

Santioak

Amasa-Villabonako Santiotako lasterketan jarri dute begirada taldeko ordezkariek: “Danena taldearen izena bertan izatea nahi genuke”. Dagoeneko egin dute taldeko korrikalarien lehen zerrenda. Informazio gehiago lortu, edo izena eman nahi izanez gero, 649 535 829 (Balen Tolosa) telefonora dei daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!