Elkarlana, asoziazionismoa eta boluntariotza, Maiatza Saltsanen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 19a, 02:00

Datorren astea oso indartsu iritsiko da Zizurkilera. Aurtengo Maiatza Saltsan ekimena aurrera doa, eta horri lotutako zenbait ekitaldi garrantzitsu iristear da. Euskal Herrian indar handia izan duten elkarteen lana azpimarratuko dute datorren astean zehar. Hala azpimarratu du Ainhoa Larrea teknikariak: “Elkarlana, asoziazionismoa… hori guztia ez dago momenturik hoberenean. Hori kontuan hartuta, zenbait hitzaldi eta ekitaldi antolatu dugu, jendeak ikus dezan boluntario eta kooperante gisa gauza asko egiteko aukera dagoela”. Ikusi egitaraua:

Maiatzaren 23an, astelehenean, hasiko da gaiaren inguruko ekitaldi sorta. “Iñaki Bergara argazkilariaren erakusketa zabalduko dugu, 19:0etan, Plazida Otaño Aiztondoko liburutegian. Beninen kalean bizi diren haurren inguruko argazki sorta da. Boluntarioek egindako lanaren bidez, haur horiek kaletik ateratzea lortzen dute, eta horixe da erakusketak islatzen duena. Horri lotuta, 19:30etan mahai ingurua antolatu dugu euskal Herriko eta bailarako elkarteekin. Euren lanaren berri emango dute, eta norbaitek boluntario lanak egin nahiko balitu, horretarako dauden aukerak ere azalduko dituzte”.

Hainbat elkartetako ordezkariak gerturatuko dira liburutegira. Ainhoa Larreak eman du horren berri: “Adimen urritasuna duten pertsonekin lan egiten duten Atzegiko kideak etorriko dira. Baita Goizaldikoak ere; boluntario funtzioa zein den lantzen dute eta aukera ezberdinak eskaintzen dituzte. Foru Aldundiak aurkeztu berri duen Izeba ekimeneko kideak ere gerturatuko dira; harrera etxeetan bizi diren gazteak etxean hartzeko ekimena da. Bailarara etorriz, Zizurkilgo elikagai bankuko kideak etorriko dira, baita Aiztondoko denbora bankukoak ere. Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak ere han izango dira. Elkarte guztietako kideek, euren lanaren berri eman, eta bertaratutakoak animatuko dituzte boluntario izatera”.

Kepa Fernandez de Larrinoa irakasleak ere hitzaldia eskainiko du. Maiatzaren 24an , boluntariotzaren inguruan arituko da. “Bertaratzen direnen arteko eztabaida sortu nahi du, eta elkarlanean aurrera atera daitezkeen ekimenen garrantzia azpimarratu”.

Maiatzaren 25ean, “Kooperante izan nahi duzu?” hitzaldia izango da, bereziko gazteei zuzendua. “Bailarako zenbait herri senidetuta dago El Salvadorreko Segundo Montes Komunitatearekin. Han badaude gazte kooperanteekin aurrera eramateko moduko proiektu ezberdinak, eta Aiztondoko gazteen artean aukera hori sortzeko modua bazegoela ikusi genuen. Hemengo errealitatearekin lotzea garrantzitsua iruditzen zaigu: kooperante izan nahi duen gazteak, hemengo gaztetxoekin ere landu dezake kooperazionismoaren gaia, eta bere bidaitik itzultzen denean, hango errealitatea azal dezakete hemen. Oso prozesu aberasgarria izan daiteke guztiontzat”.

Ipuin solidarioak

Maiatzaren 27an, Ipuin solidarioak egingo dituzte. “Otañoko ikasleek beste ikasleei kontatzen dizkiete ipuinak. Ikastetxea anaieratuta dago Segundo Monteseko ikastetxe batekin, eta  ipuin kontaketagatik Udalak ematen dion dirua, hara bideratzen dute”, azaldu du Ainhoak.

Maiatzaren 28an Senidetze eguna egingo dute. Aiztondo bailarako zenbait herri senidetuta dago El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin, eta anaieratze hori ospatuko dute, Asteasun. “Aurten, Llado eta Vidrieres herri kataluniarretako ordezkariak etorriko dira, eta festa borobila izango da”. 12:00etan egingo dute harrera ekitaldi ofiziala udaletxean, eta 13:00etan harrera herrikoia. Vidrieres herrikoek prestatutako kaldereta bazkalduz borobilduko dute jaia.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!