Loatzo eta Adarrako maldatatik Zegama-Aizkorri maratoira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 20a, 10:00

Zegama-Aizkorri lasterketaren hamabosgarren edizioa igande honetan, eskualdeko partaidetzarekin.  Mendia tarteko, korrikalariak eta zaletuak biltzen dituen ospakizuna da.

Zegama-Aizkorri mendi maratoia kirol jarduera horretan dabiltzanentzat urteko hitzordu seinalatua da. Txirrindularientzat Tourra edota motorzaleentzat Dakkar izan daitekeenaren parekoa, urteko probarik garrantzitsuenetakoa da. Goierrikoa hamabosgarren ediziora iritsi da eta dagoeneko proba hori mundu mailako mendi lasterketetan finkoa da, inguru hauetan parekorik ez duena. Hilabete hauetan Hassan Ait Chaou, Aitziber Ibarbia eta hainbaten balentriak ez dira alperrikakoak izan. Maiatzaren 22an kokatu dute denboraldiaren lehen proba garrantzitsua. Billabonatarrak hilabeteotan hainbat proba irabazi ditu, eta atseden hartzeko tartea ere izan du. Zizurkildarrak, erdi pattal egon arren, Urnietako mendi lasterketa gogorra irabazi zuen. Jon Ugalde andoaindarra, aldiz, denboraldi borobila egiten ari da. Eta gauza bera esan daiteke Pello Izagirre asteasuarrari buruz ere. Lehen postuetan ibiliko dira, sailkapenaren aurrealdean. Ezin ahaztu haiekin batera eskualdeko kide gehiago ere aterako direla. Ez dira mendi lasterketetako irteeretan aterako diren guztiak izango, izena emandakoen kopurua antolakuntzak baimendutako partaideen kopurua baino askoz handiagoa izan baita. Aurten marka guztiak gainditu dira, aurretik izena emandakoen kopurua 7.448 lasterkariena izan baita.
Aratz, Aizkorri, Aketegi, Aitxuri... hortxe ibiliko da mendiz mendi lasterkari bakoitza nor bere buruarekin lehian. Entzungo dituzte ehunka zaletuen oihuak ibilbidean zehar dauden pagadi eta mendi larretan. Kirol jaia izaten baita, mendia tarteko, korrikalariak eta zaletuak anaikidetzen diren igande goiza.


{{IMG-35128}}
Hassan Ait Chaou
Amasa-Villabona

Gorputzaldi onean iritsi da Hassan Ait Chaou Zegama-Aizkorrira. “Pasa den urteko denbora beretsua egingo dudala iruditzen zait. Ondo entrenatzeko aukera izan dut, eta momentu onean nago”. Azken asteotan mendi lasterketa bat baino gehiago irabazi du billabonatarrak, “baina Aizkorrikoa beste maila batekoa da. Oso lasterketa gogorra eta berezia da. Aizkorriko tontorra eta Sancti Spiritu inguru horretan, oiloipurdia jartzeko moduko jendetza egoten da. Nekatuta egon arren, aurrera jarraitzeko sekulako indarra ematen dizute jendearen animoek. Munduan barrena ibili naiz mendi lasterketak egiten, eta ez dago horrelako besterik. Horregatik etorri nahi izaten dute munduko onenek”.
Eguraldi freskoa egitea komeni zaio Hassani. “Ibilbidea lokaztua egotea ere ongi etorriko litzaidake. Teknika berezia behar izaten da lokatzetan korrika egiteko, eta horrelakoetan nahiko ondo moldatzen naiz. Bizkarreko lesioa ere badut, eta gutxiago sufritzen dut lurra biguina badago”.


{{IMG-35129}}
Pello Izagirre
Asteasu

Zegama-Aizkorrikoa bakoitza bere tokian uzten duen probatakoa da Izagirrerentzat: “Zegaman egindako denbora esan, eta bakoitzaren maila uler daiteke. Erreferentzietakoa da, errepidekoentzat Behobia edo txirrindularientzat Quebrantahuesos den bezalaxe”. Hamar urte atzera mendi lasterketetan aritu zen, harik eta 2008an belauneko minez hasi zen arte. Urte hartako Zegama amaitu gabe utzi zuen, bere bizitzan bukatu gabe utzi duen lasterketa bakarra izan zen huraxe.
Etenaldi hori eta gero, gozatzen ari da berriro: “Niretzat naturala da korrika egitera irtetea. Gozatzen dut, ez da esfuertzoa niretzat. Oso gogoko dudan jarduera bat da”.
39 urterekin, esperientzia badu eta erresistentzia ondo garatuta dauka: “Azken 3-4 hilabeteetan Zegamakoa prestatzen aritu naiz, eta eguna iritsi ahala urduritzen hasita nago”. Errepidean, maratoian esaterako, egokiago moldatzen dela dio. Asteasuarra, ordea, Urnietako mendi lasterketan bikain aritu zen.


{{IMG-35130}}
Jon Ugalde
Andoain

Egun handia iritsi ahala, aldartea zein den ondo ezagutzeko lasterketak egin behar dira. Zegamakoa egin aurretik, hiru aste lehenago, Urnietakoan irten zen Ugalde eta zazpigarren helmugaratu zen. Postua bikaina da, ikusita aurretik nortzuk iritsi ziren: Egea, Oliveri, Lizeaga, Amunarriz,... Gustura zegoen helmuga zeharkatu eta berehala egindako adierazpenetan. Izan ere, bere posturik onena lortu zuen inoizko ibilbide luzeenean: “Oso gustura aritu naiz. Iazko ibilbidearekin alderatuta, Onddo zeharkatuta helmugara iristeko kilometro asko geratzen dira oraindik. Jaitsierarako indarra gorde beharra dago”. Andoaindarra garapen polita bizitzen ari da mendi lasterketetan, urtetik urtera koska bat igoz: “Urtetik urtera hankak mendiko lasterketetara egokitzen ari zaizkit. Ez dut hobetu gehiago aritzeagatik, eskarmentua pilatzen ari naizelako baizik”. Mendiko joera du. Donostiako maratoia kapritxo modura egin zuen, eta belauneko minez izan zen hainbat egunez. Errepidean gehiago kostatzen zaio.


{{IMG-35131}}
Aitziber Ibarbia
Zizurkil

Maiatzaren 1ean Urnietako mendi lasterketa gogorrean garaile izan zen. Pozarren zegoen, ez irabazte hutsagatik, zailtasunei aurre egiten jakin zuelako bereziki. Helmuga zeharkatu eta berehala zera adierazi zuen: “Erritmoa hartzea kosta egin zait, tripatatik gaizki samar etorri naiz eta besteen erritmora igo naiz. Probak aurrera egin ahala erritmoa bizitzeko aukera banuela ikusi dut eta garaipenaren bila abiatu naiz. Bigarren sailkatuari pare bat minutuko aldea atera diodala ikusi dudanean lasterketaz gozatzen hasi naiz”. Urnietakoa proba gogorra zen, 26 kilometrokoa, eta aurten gainera ibilbidea gogortu egin dute. Zegamara abiatzeko prestakuntza ona izan zen zizurkildarrarentzat. Aitor Elduaienek horixe bera galdetu zion Urnietako helmugan: “Tik tak, tik tak... Zegama-Aizkorri. Zer dago buruan?”. Eta Aitziberrek zera erantzun zion: “Buruan daukat, kilometro gutxirekin noa baina aitzakiarik gabe, ilusio osoz joango naiz. Denbora txukun bat lortzea nahiko nuke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!