Abesbatzen txanda maiatzeko igandeetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko mai. 19a, 02:00

Gipuzkoako hainbat abesbatzek Gurea aretoko eszenatokia hartuko dute maiatzean, Amasa-Villabonako I. Musika Koraleko Zikloaren baitan.

 

Abesbatzak erakusteko asmoarekin,  lehenengo aldiz abesbatzen zikloa antolatu dute Amasa-Villabonan. Musika koralari indarra eman nahi diote eta, horretarako, Gipuzkoan erreferente diren hiru abesbatza gonbidatu dituzte herrira: Landarbaso, Ganbara Txiki eta Oroith abesbatzak. Maiatzaren 15ean hasita, igandeetan emanaldi bana eskainiko dute Gurea Aretoan. 

“Gipuzkoan indarrean dauden abesbatza garrantzitsuenak ekartzen saiatu gara”, adierazi du Sofia Quilez Eresargi Abesbatzako kideak. Eresargiko kide bat Landarbaso abesbatzan ere aritzen den aitzakia hartu dute Amasa-Villabonara ekartzeko. Kontzertu asko eta proiektu erakargarri asko egin dituztenez, “momentu onenean” daudela argudiatu du. Horrez gain, Ganbara Txiki abesbatza momentuotan haurren abesbatza erreferentea da Sofiak adierazi duenez, eta indar handia dutela eta ekimen zoragarriak egiten dituztela azpimarratu du. Oroith abesbatzaren kasuan ere, zuzendariarekin duten harreman estuaz gain, taula gainean emanaldi “bikaina” emango dutela ziurtatu du. 

Abesbatza hauetatik gauza asko ikas daitekela dio Sofiak; ez bakarrik Eresargi Txikiko haurrek, Amasa-Villabona osoak baizik. “Kalitateko abesbatzak dira eta, bakoitza bere ezaugarriekin, kontzertu ederrak emango dituzte”. Honenbestez, herritarrei abesbatzak ikustera joateko deia luzatu die: “Badakigu musika korala zaletasun minoritarioa dela, eta ez dituela masak mugitzen. Errealitatea hori da eta kontziente gara, baina musika gustatzen zaionari gerturatzea gomendatzen diogu, gozatu egingo duelako”. 

Herritik mugitu gabe horrelako abesbatzak entzuteko aukera izatea “luxua” iruditzen zaio Sofiari. Horregatik, musika korala entzuteko ohitura ez dutenak ere animatu nahi izan ditu: “Jendeak ez du mundu hau behar bezala ezagutzen. Askok zuzenean elizarekin lotzen duten arren, mota askotako estiloak daude. Abanikoa oso zabala da eta denetik abestuko dute.”

Etorkizunera begira, zikloarekin jarraitzea amesten du: “Aurtengoaren erantzuna ikusita, arrakastatsua izaten bada, datozen urteetan ere mantendu egin nahi nuke. Hausnarketa egin beharko da: ondo atera den eta datorren urtean proiektu honekin jarraitzea merezi duen, edo ez”. 

 

Eresargi Txiki
birsortu da

Duela hamabost urte inguru, indar handiko Eresargi Txiki eta Eresargi Gazte abesbatzak zeuden Amasa-Villabonan. Urteen poderioz, ordea, desagertu egin ziren. “Asko gogoratzen gara urte haiez. Tamalez, abesbatza horiek galdu egin ziren eta errelebo gabe geratu ginen”, azaldu du Sofiak. Azken urteotan berriro ere haurren abesbatza sortzeko ahaleginetan aritu dira eta, oraingoan, nahia egi bihurtu da: 18 lagun inguruko taldea batzea lortu dute. 

“Oso pozik gaude taldea sortu delako eta haurrak gogoz datozelako”, jakinarazi du. Hasiera batean 9-13 urte bitartekoei zuzenduta bazegoen ere, 7 urtekoak ere animatu dira eta guztien artean osatu dute Eresargi Txiki abesbatza. “Motibatuta daude eta ondo pasatzen dute. Hori da garrantzitsuena”. Gainera, lehen aldiz taula gainean aritzeko aukera ere izan zuten apirilaren 29ko “Hartu trena” ekimenean. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!