Jai giroan elkartuko dira adunarrak herriko plazan. 11:00etan dute hitzordua. Lanari ekin aurretik, hamaiketako ederra egingo dute, barrenak goxatu eta jai giroan sartzen joateko. Hamaiketakoa egiten ari diren bitartean, Lip dub-ean erabiliko duten kantua jarriko dute. Esne Beltzaren kantua da, 2014ko UEMA egunerako ateratakoa.
Euskararen aldeko taldea
Euskararen erabilerari bultzadatxoa emateko asmotan jarri dute martxan Lip dub grabaketaren ideia. Izan ere, kezka sortu baita azken urteotan euskararen ezagutzak eta erabilerak Adunan izan duen garapena dela eta.
Kezka horri erantzuna emateko, euskararen erabilera sustatzeko taldea sortu zuten Adunan, duela urtebete. Udaleko zenbait kidek eta herritarrek osatzen dute taldea. Zortzi pertsona ari dira lanean buru-belarri eta dagoeneko ekimen ezberdinak antolatu dituzte urtean zehar. Miren Aburuza euskara taldeko kideetako bat da: “Taldekideen artean euskaldun-berri bat ere badugu, eta hori pozgarria dela iruditzen zait. Euskararen erabilera euskaldun-zaharron kontua denaren irudipena zabaldua dagoela ematen du, baina berak erakutsi digu hori ez dela horrela”. Iñaki Aristeta ere taldeko kide da, eta hark azpimarratu duenez, “datorren urtean 20 urte beteko dira Aduna UEMAn sartu zela. Herritarrei esan behar diegu, ordea, euskararen erabilera jaisten ari dela herrian. Aduna herri euskalduna izanik, euskara indartzeko beharrean gaude”.
Alarma gorria
Joan zen urtean piztu ziren alarma gorriak Adunan. Zenbait herritar eta Udaleko kideren artean dagoeneko bazen euskararen erabilera jaisten ari zeneko susmoa. Udalak neurketa bat egitea erabaki zuen, eta neurketa hartan bildutako datuak kezkagarriak izan ziren. Miren Aburuzak eman ditu azalpenak: “Herrigunean euskararen erabilera jaisten ari zela sumatzen genuen, bereziki, bi gune kritiko sumatu genituen, haurren parkea eta taberna. Neurketa egitea erabaki zuen Udalak, eta neurketaren emaitzek gure susmoak egiazkoak zirela erakutsi ziguten. Gurasoak parkean haurrekin ari direnean euskaraz aritzen dira, baina haurrik ez dagoenean, euren artean askok eta askok gaztelaniaz egiteko joera dutela erakutsi zuten datuek. Haurrik gabe daudenean, helduen %57ak soilik hitz egiten du euskaraz”.
Arnas-guneen tailerra
Euskararen arnas-guneen inguruan egindako tailerretan ere parte hartu zuen hainbat herritarrek. Ainara Iturriotz izan zen parte hartzaileetako bat: “Euskararen indar-gune eta ahulguneak aztertu genituen, besteak beste. Erabilera indartzeko hainbat ekintza ere proposatu genituen tailerrean; Udalari zuzendutakoak, eskolari zegozkionak… adunarren artean euskaraz hitz egiteko kontzientzia sortu behar genuela ondorioztatu genuen. Bide horretan emandako lehen pausoa, eskolako gurasoei eskainitako aurkezpentxoa izan zen. Neurketak utzitako datuak erakutsi genizkien, besteak beste”.
Pintxo-laguna eta liburuxka
Taberna zen beste kezka-gune garrantzitsua. Hori kontuan hartuta, ekintza berezia antolatu zuten joan zen urteko abenduaren 3an. “Pintxo-laguna egin genuen. Tabernan zebiltzanen artean euskaraz egiteko premia azpimarratzeko modua izan zen”, azaldu du Mirenek.
Euskararen erabileraren inguruko liburuxka bat ere atera dute taldeko kideek. Arkaitz Izagirre taldekideak azaldu du liburuaren funtsa: “Gure hausnarketak, euskararen erabileraren inguruko neurketak utzitako hainbat datu, bi herritarri egindako elkarrizketak eta UEMAk emandako zenbait aholku eta hausnarketa biltzen ditu, besteak beste, liburuxka horrek. Adunan barrena dabil orain, etxez etxe. Familia batek irakurri eta hausnartzen duenean, beste familia bati pasatzen dio. Denbora tarte bat pasata, adunarrak bildu, eta haiengan izan duen eragina edo islada elkarrekin aztertzeko asmoa dugu”.
Lip-dub grabaketa
Adunan euskararen erabilera indartu eta bultzada emateko bide horretan antolatu dute maiatzaren 22ko Lip dub grabaketa ere. Herriko eragile, talde eta norbanakoei banatu diete grabaketan parte hartzeko gonbita. Arkaitz Izagirrek azaldu duenez, “ahalik eta herritar gehien biltzea nahi genuke, izan ere, adunarrak euskararen alde gaudela erakutsi nahi dugu ekintza honen bidez. Gutun bana bidali diegu eskolako haurren gurasoei, pilota eskolakoei, dantza taldekoei, musika eskolakoei, Muxkil elkarteko bazkideei…, bide ezberdin asko erabili ditugu herritarrengana iristeko. 150 pertsona inguru bildu nahi genuke, grabaketa behar bezala joan dadin.
Youtuben eta Kultur astean
Grabaketa eguna iritsi baino bizpahiru aste lehenago zabaldu zuten kantua herritarren artean. “Maiatzaren 22ko grabaketa txukun atera dadin, jendeak kantua ezagutzea komeni zaigu. Goizeko 11etan elkartu, eta hamaiketakoa egin bitartean ere, kantua jarrita edukiko dugu. Hamabiak aldera, jendea ibilbidean barrena banatu eta bi entsegu egingo ditugu. Hirugarrenean egingo dugu grabaketa”. Grabatutako Lip dub-a youtuben zintzilikatzeko asmoa dute euskara taldeko kideek. “Horrez gain, azaroan egiten den kultur astean herritarrei erakutsiko diegu. Euskararen inguruko hausnarketa egiteko ere aprobetxatuko dugu kultur astea”, azaldu du Arkaitzek.
{{IMG-35118}}